ELKARRIZKETA

«Zergatik ez egin orain talde horren aldarrikapen txiki bat?»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mai. 7a, 07:59

'PVC eta aluminio zatitxoak' film laburra ondu du Jon Martijak. A. ARROYO

PVC eta aluminio zatitxoak film laburra ondu du Jon Martijak, eta Dock of the Bay jaialdian aukeratu dute. The window ventanas musika talde tolosarraren irudiak bildu ditu lanean.

23 urtez irrati esataria izan da, eta azken sei urteetan Dimension publizitate agentzian egin du lan. Komunikazioa du lanbide Jon Martijak (Tolosa, 1971) eta berriki PVC eta Aluminiozko Zatitxoak film laburra aurkeztu du Dock of the Bay, Donostiako musika-dokumentalen jaialdira; ikus-entzunezko lan horretan bildu ditu The Window Ventanas talde tolosarrak Suitzara 1993an egindako birako irudiak. Martijak Donostiako Herri Irratian aireratu zituen lehen hitzak, eta urte luzez aritu da Onda Vasca irratiko saioak gidatzen; horrez gain, hainbatetan egin ditu kolaborazioak Argia, EITB, El Diario Vasco eta Egunkaria hedabideetan. Musika talde hartako abeslaria ere izan zen, eta zabal hitz egin du dokumentalaren eta bere ibilbide profesionalaren inguruan.



'PVC eta Aluminiozko Zatitxoak' izena jarri diozu dokumentalari. Nondik dator?

Telebista pixka bat ikusi dutenek lotura erraz ikusiko dute. Espainiako telebista kate publikoan bada musikari buruzko saio bat: Cachitos de hierro y cromo. Dokumentalari forma emateko garaian ez nekien oso ondo nola josi istorioa, ez nuen off ahotsik sartu nahi. Orain lan egiten dut ikus-entzunezko edukiak sortzen sare sozialetarako, eta askotan erabiltzen ditugu super-ak, testuak irudiaren gainean jarrita. Bada, Cachitos de hierro y cromo programan hori egiten dute: artxiboko irudi zaharrak jartzen dituzte eta horren inguruan txisteak edo esaldiak jartzen dituzte.

Formatu hori ondo zetorkion, hain zuzen, esku artean nuen materialari, azkenean zinta zahar batzuetatik ateratako bideoak dira, artxiboko irudiak, nolabait; eta ez dago off ahotsik, elkarrizketak eta bizi ziren eszenetako soinuak hor daude, baina pantaila gainean jarritako testu horien bitartez txertatu ditut azalpenak eta oharrak. Eta gero, Window ventanas taldea ginenez, leihoak, PVC, aluminioa… Hortik dator hitz joko hori.



Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?

Modu triste batean sortu zen. Hori gertatu izan ez balitz agian ez litzateke behin ere egingo. 2019an zendu zen taldeko bateria jotzailea izan zena: Alberto Sainz de Murieta. Bihotzekoa izan zuen. Ez da inoiz ere horrelako berri bat jaso nahi, baina, oso gogorra izan zen. Pentsatu nuen, polita izan zitekeela biran grabatutako zinta zaharretako irudiak biltzea eta bere bikoteari pasatzea; eta hori egindakoan etorri zitzaidan ideia zerbait gehiago ere egitearena. Egun osoa pasatzen dut gauzak grabatzen eta muntatzen, ekipoa badaukat, eta irudiak digitalizatuta nituenez, muntaiatxo bat egiteko intentzioa atera zen. Ez nuen gauza handirik egiteko asmorik. Batetik, irudien kalitatea ez delako batere ona, eta ez zelako grabatu pentsatuz gerora zerbait egingo zenik horrekin. Baina muntaia egin ondoren, zerbait duina zela iruditu zitzaidan, eta beste lagun batek, Igor Arabaolazak, lortu zuen irudi horiek pixka bat handitzea edo hobetzea, kalitate handirik galdu gabe. Hasierako asmoa zen Youtuben eskegitzea eta kito, baina testigantza bezala bere interesa eduki zezakeela pentsatu nuen, gainera Donostian edukita Dock of the Bay jaialdia, zeina musikari buruzko dokumentalei buruzkoa den... Azkenean, hemengo talde baten historiaren zatitxo bat ikusten da, garai hartako musika… Aurkeztea erabaki nuen, eta badirudi bazuela bere interesa, aukeratu egin dutelako eta lehiatu egingo delako jaialdian.

 

«Bartzelonan ere egiten dute In-Edit jaialdia, baina ez diot zentzurik ikusten hara bidaltzeari, gauza txikia eta umila baita»



Ibilbide berezia, baina horraino iritsi gara. Jaialditik galdetu zidaten: «Erabateko estreinaldia izango al da?». Baietz erantzun nien, eta ziurrenik pantaila handian behin bakarrik ikusiko dugu [Barrez]. Bartzelonan ere egiten dute In-Edit jaialdia, baina ez diot zentzurik ikusten hara bidaltzeari, gauza txikia eta umila baita. Dock of the Bay jaialdian egotearekin bakarrik oso kontentu nago.



Zer topatuko du ikusleak bideo horietan?

Taldearen historiaren kapitulu baten zatitxo bat da; istorio baten printzak. Duen balioa da gauzak asko aldatu direla 1993tik gaur egunera, eta ikusten dituzu gauza batzuk, zeinak gaur egun deigarriak izan daitezkeen, baina, orduan, normalak ziren. Saiatu naiz baita ere umorea erabiltzen, ez da lan batere transzendental bat; taldea ezagutzen eta gustatzen zitzaionari, nik uste gustatu dakiokeela. Bizitza zatitxo bat erakusten du: bira batean dena ez dira kontzertuak; oholtza gainekoak ordubete iraungo du, eta egunak beste 23 ordu ditu. Dokumentalak beste bizipen horiek ere biltzen ditu, argiak eta itzalak [Barrez]. Txikia da nik ere motza egin nahi nuelako, eduki gehiago izan zezakeen, baina, gaur egun, atentzioa mantentzeko dugun gaitasuna ez da lehengoa, irudiak kalitate aldetik ez dira oso onak, eta soinua ere kamerako mikrofonotik hartutakoa da, kontzertuetan-eta ez da batere ona. Asmoa zen zerbait motza egitea, istorio txiki bat, talde txiki batena eta modu txiki batean kontatuta.

 

«Asmoa zen zerbait motza egitea, istorio txiki bat, talde txiki batena eta modu txiki batean kontatuta»



Taldeko abeslaria izan zinen. Zuretzat zer esan nahi du dokumental hau egiteak?

Polita izan da. Ez naiz oso nostalgia zalea; ez dut entzuten The window ventanas-en musika —Spotifyn dago atera genuen disko bakarra— , baina, neure burua argal eta ilearekin ikustea ondo dago [Barrez]. Taldea desegin genuenean, 1998an izan zela uste dut, nekatuta geunden, etsituta, ilusioa galduta… Azken pausoak nahiko tristeak izan ziren. Oraindik ere harremana mantentzen dugu, bazkaritxoak eta egiten ditugu, baina elkartu gabe ere egon gara hainbat urtez. Ez da suertatu itzultzeko ideia, denok dugu barneratuta hori bukatu zela, eta kito. Baina, polita izan da berriro istorio hau gaur egungo begiekin ikustea. Taldekideei ere jarri nien, eta bitxia izan da, topatu ditudalako gauza batzuk, zeinak, garai hartan ez nintzen konturatu edo ahaztuta nituen.

Polita da gure bizitzako zati garrantzitsu bat delako. Kristoren esperientzia da, ez Suitzara joan izana bakarrik, baita talde batean jotzea ere, horren parte sentitzea; harro egoteko moduko zerbait da. Eta 30 urteren ondoren, zergatik ez egin aldarrikapen txiki bat talde horren inguruan?



Zerk bultzatu zaitu dokumentala orain egitera?

Pixka bat Albertoren heriotzagatik izan da, baina hori 2019an gertatu zen; gero pandemia etorri zen… Irudiak digitalizatuta nituen, eta buruan banuen ideia ere, baina agentzia bateko bizitza oso gogorra da: ordu asko eskaintzen dizkiogu lanari eta beste gauza batzuei. Oporretan aritu naiz lan hau egiten, ordu batzuk horretarako hartzen. Izan da lan bakarti bat: ordenagailuarekin irudiak aukeratu, muntaia egin, ikusi nola lotu guztia testu txiki horiekin… Bakarka egindako lan bat da, eta aukera izan dudanean egin dut.

Duela 30 urteko irudiak jasotzen ditu film laburrak. Nola bildu dituzu garai hartako bideoak?

Hor zinta batzuk zeuden, zeinak biran grabatu ziren, eta ez nituen ikusi harez geroztik. Lehen pausoa zinta horiek bilatzea izan da, hainbeste urteren ondoren, etxe aldaketak... Baina aurkitu nituen eta digitalizatu egin nituen. Bost zinta zirela uste dut, eta denera lauzpabost orduko materiala zegoen. Material askok ez zuen ezertarako balio, baina, bereziena hartuz, zerbait egin dugu.

Aurkezten duzun lehen lana da, eta Dock of the Bay jaialdian aukeratu dute; ez da hasiera makala.

Betidanik jarraitu dut zinemaldi hau, ezagutzen dut. Atzean dagoen jendea oso interesgarria da, eta oso ondo egiten dute lan. Baina gehienbat izan zen ikustea bertako zinemaldi bat zela musikari eta dokumentalei eskainia, eta horrekin guztiz bat zetorrela proiektu hau. Bidali nuenean itxaropena banuen, pentsatuz irudiak ez direla onak, baina, testigantza oso berezia dela; ez dira horrelako gauza asko ikusten. Sariak eta badaude, baina, ez dut inongo esperantzarik. Bertan ikustea, aukeratua izate hutsa pozgarria da. Gaur idatzi dit jaialdian lanean dabilen batek, eta esan dit asko gustatu zaiola; lana pixka bat kanpotik ikusten duen lehen pertsona da. Nik ere ez dut gogorik jakiteko ea jendeari zenbat gustatu zaion, edo benetan baliorik duen, baina, berak hori esateak kristoren ilusioa egin dit.

Hainbat hedabidetan egin duzu lan, baita euskarri ezberdinetan ere. Non sentitzen zara erosoen?

Gehienbat musika kontuekin aritu izan naiz kolaboratzen. Ez naiz oso telebista zalea. Beti gustatu izan zait idaztea, baina irratiak duen freskotasun hori, egunero horri zuri bat hartu eta idatzi gabe zuk kontatzea… Niretzat beti izan da euskarri kutunena.

Prentsa idatzian ere gustura aritu naiz. Lehen ezberdina zen: errotatibekin-eta… Gaur egun ia dena pertsona berak egiten du: idatzi, maketatu, argazkiak atera, sare sozialak elikatu… Hori ere pena da, gauza asko egin behar baitira askoz ere denbora gutxiagorekin. Joera hori ikusten nuen eta ez zitzaidan asko gustatzen, baina medio idatzietan ere gustura aritu naiz. Irratia izan da nire euskarria. Beti esaten didate irratirako oso ahots egokia daukadala; eta bikoizketan ere egin izan dut zertxobait.

Zer eman dizu irratiak?

Beste gauza askoren artean emaztea eman dit, irratian ezagutu baikinen [Barrez]. Hori garrantzitsuena, baina eman dit aukera, gehienbat, zoriontsu izateko. Ez dakit zein pentsalarik esan zuen: «Lan egiten baduzu gustatzen zaizun horretan, ez duzu behin ere lanik egingo». Jakina, beti daude momentu hobeak edo kaxkarragoak, baina, beti lanera gustura eta gogotsu joatea, hori ez da diruz ordaintzen. Hainbeste pertsona ezagutu ditut, hainbeste bizipen aberasgarri… Azkenean 23 urtez aritu naiz, beraz, pentsa.

Gaur egun irratia ez da zure ogibidea, baina, oraindik aritzen zara mikrofono aurrean.

Irratia utzi nuen, baina, podcast bat egiten dut EITBrentzat. Barruan gaude izan zen anai zaharra, eta hori Oier Aranzabalek egiten zuen euskaraz; geroago, berriz, gaztelerazko bertsioa egin zuten. Hasieran Juan G. Andresek egiten zuen, baina berak utzi egin behar izan zuen eta niri eskaini zidaten. Enpresan galdetu nuen ea uzten zidaten hori ere egiten, azkenean beste lan bat delako, txikitxoa, denboraldi bakoitzak hamar bat elkarrizketa izaten ditu; eta utzi zidaten, eta horrekin oso gustura, gozatzen ari naiz. Pixka bat niri gustatzen zaidan izpiritu hori dauka: nik aukeratzen ditut gonbidatuak eta dira elkarrizketa lasaiak, luzeak… Gonbidatuaren etxera joaten naiz, beraz, ni ere gonbidatua naiz, nolabait. Audioaren muntaia guztia ere nik egiten dut, eta horrekin oso gustura nabil, irratigintzaren harra kentzen dudalako.

Zerk egiten du irratia berezi?

Nik txikitatik etxean beti izan dut irratia, eta behin ere ez nuen pentsatu irrati gizona izango nintzenik. Baina badu horrelako pozoi moduko bat, behin sartzen zaizunean ateratzen ez dena. Oso berezia da. Argi gorria pizten denean eta… Magia horrek asko balio du. Nik ez dut neure burua sekula ikusi irratiko piztia bat bezala. Niri gustatzen zaidana da entzutea. Jendeari gustatzen zaio hitz egitea, eta ni, aldiz, beti izan naiz, uste dut, entzule ona; eta hori garrantzitsua da elkarrizketak egiteko. Eta zer esan, 23 urtez aritu banaiz irratian, eta ez banaute lehenago bota, agian ez nuen horren gaizki egiten. Gaur egun, berriz, dena oilategi bat bezalakoa da: altu hitz egitea, bestea zapaltzea… Ez da inoiz nire estiloa izan. Ni gehiago izan naiz galdera egin eta entzutekoa. Askotan elkarrizketa egiten duena ari da pentsatzen berak zer esan, eta ez da hori kontua, kontrara, entzun besteak zer esaten duen, eta hori aberastu edo sakondu.

 

«Beti izan naiz, uste dut, entzule ona; eta hori garrantzitsua da elkarrizketak egiteko»



Azkenaldian sona hartu du beste formatu batek: podcastak. Irratia ordezkatzera iritsiko da?

Hasteko, nik ez ditut sinisten podcasten inguruan ematen dituzten datuak. Esaten dute biztanleriaren erdiak entzuten dituela podcastak… Askotan gertatzen zait esatea podcast bat egiten ari naizela, eta galdetzea: «Zer? Zer da hori? Bideoa?».

Uste dut burbuila bat dela podcastarena. Orain badirudi podcasta egin behar dela; jende eta hedabide guztiak podcastak egiten ari dira, egin behar direlako, eta askotan hori egiten dute: irratia podcast bihurtu eta kito. Baina podcastak ere izan dezake bere hizkuntza propioa.

Ni gizon zaharra naiz, eta jaikitzen naizenean irratia pizten dut. Gero komunera joan eta han ere beste irrati bat daukat… Oso gaizki saltzen ari naiz podcasta [Barrez]. Baina, kotxean ere irratia jartzen dut, ez daukat bluetoothik. Irratiarekin jarraitzen dut, frekuentziak aldatzen eta… Ez dut uste ordezkatuko duenik. Lehen irratian egiten ziren gauza batzuk egiteko aukera zabaltzen du podcastak: erreportajeak, denboraz eta ondo landuz egitea piezak… Gauza zainduak eta politak egin daitezke. ULU median adibidez, lan egiten dudan ekoiztetxean, Artxipelagoa podcasta egiten dute; fikziozkoa da eta kristoren lana egin dute. Egin daitezke beste gauza batzuk, eta audioa beste modu batean landu. Baina irratia nire ustez beharrezkoa da, eta duen bat-batekotasun hori, gehienbat, informatzeko orduan… Biak bizi eta jarraitu beharko lukete, bakoitzak bere indarguneak dituelako.

Zein bertute ditu batak eta besteak?

Irratiak bat-batekotasun hori du; eta akatsak, lehen, haizeak eramaten zituen. Gaur egun ez; gaur egun dena geratzen da gordeta. Baina irratiak freskotasun handia mantentzen du, eta hori ezin da ordezkatu. Bestalde, podcastak, esaten nuen bezala, aukera ematen du zerbait landuagoa egiteko: audio nahasketa prestatu dezakezu, efektuak findu; askoz ere zainduagoa da. Gainera, badakizu eduki hori nahi bezain bestetan entzun ahal izango duela jendeak, eta hor geratuko dela. Hori txukun-txukun uztearen erronka ere polita da.

 

«Irratiak freskotasun handia mantentzen du, eta hori ezin da ordezkatu»



Zu non sentitzen zara erosoago?

Uf. Podcastak ematen dit aukera gidoi txiki bat egiteko. Elkarrizketak normalean ez ditut asko prestatzen; galdera edo datu batzuk apuntatzen ditut, noski, egon behar badut norbaiten aurrean ordubetez, ez da irratian bezala, egon zaitezkeela paperak aurrean izanda, edo zerbait esaten duenean hori egiaztatzen... Egon behar duzu pertsonari begira: begiei begira eta berarekin hitz egiten. Ondo dokumentatu behar duzu.

Esan bezala, aukera ematen du gidoi bat egiteko eta gaiak lotzeko; finean, idatzi ere egiten duzu. Baina niri ez zait gustatzen gidoi gehiegi edukitzea; zuzeneko elkarrizketa bera freskoagoa iruditzen zait. Agian, irratiko kutsu hori badaukadalako.

Niretzat ez dira oso ezberdinak; egiten dudan podcast motarengatik izango da baita ere. Gogoa badut beste gauza batzuk probatzeko ere: dokumental serie bat egitea edo ikerketa-kazetaritza lantzea… Podcastak ematen du aukera gauza duinak egiteko; eta irratiak ere hori izan du beti. Telebistan, adibidez, baliabiderik ez baduzu nabaritu egiten da. Baina, irratian oso gauza gutxirekin zerbait oso duina egin daiteke; eta podcastak ere badu ezaugarri hori.



Zergatik erabaki zenuen soinu eta irudi ikasketak egitea?

Zinemagile izan nahi nuelako, eta hemen zegoen gauzarik antzekoena hori zen: Escivi [Zine eta bideo eskola]. Jende asko pasa da bertatik, eta zinemagileak, gutxi [Barrez]. Bestela Madrilera edo Bartzelonara joan behar zenuen, eta garai hartan eta gure etxean ez zegoen egoera horretarako. Gainera ez naiz sekula oso ikasle ona izan. Kanpora joatea ametsa zen, baina ez zen posible. Nik hori ikasi nuen, zineman lanen bat egin nuen, baina tekniko lanetan, laguntzen ikasten. Irratian, berriz, kasualitatez sartu nintzen: musika gustatzen zitzaidalako, eta ezagutzen nuelako norbait irratian lan egiten zuena; hark esan zidan jendea behar zutela eta froga bat egin zidaten. Hasieran musika-saio bat egiten, gero, zinea gustatzen zitzaidanez, eta proposatzeko aukera nuenez, zine-saio bat egiten hasi nintzen. Ondoren magazin bat egiten aritu nintzen, eta urte asko pasa ondoren, Onda Vascak Donostiako Herri Irratia erosi zuen, beraz, trantsizio logiko bat izan zen, eta amaitu nuen Onda Vascan goizeko magazina egiten; irratian prime time edo izango litzatekeena, garrantzitsuena. Baina goizeko magazinean tokatzen zitzaizkidan gaiak ez zitzaizkidan asko gustatzen: gai politikoak, tertulia politikoak… Arratsaldeko magazina nahiago nuen: kultura, gizarte gaiak… Horiek jorratzen gusturago nengoen.

Zergatik erabaki zenuen lanez aldatzea?

Azkenean pentsatu nuen: «Ari naiz egiten egin daitekeen saiorik garrantzitsuena; estatus aldetik ezin dut hobetu, soldata aldetik ere ez». Okerrera bakarrik joan daiteke mundu honetan, batez ere ikusita nola dagoen egoera komunikazioaren esparruan; egoera horretan suertatu zitzaidan Dimension enpresako aukera. Guille Viglionek, bertako presidenteak, sareen bitartez jarraitzen ninduen eta ikusten zituen argitaratzen eta idazten nituen gauzak eta proposamena luzatu zidan.

 

«Sei urte egingo ditut aurten; izugarrizko esperientzia izaten ari da, eta ez naiz batere damutzen salto hori eman izanaz»



Hutsera jauzi egitea izan zen; pentsa, 23 urtez irratian aritu ondoren dena aldatzea… Gainera, publizitate agentzia batera joatea, jakinik oso mundu gogorra dela, eta agentzia horrek ere fama hori zuela. Baina bertan izan dudan eskarmentua eta egin ditudan gauzak eta… Sei urte egingo ditut aurten; izugarrizko esperientzia izaten ari da, eta ez naiz batere damutzen salto hori eman izanaz.

Esan bezala, Dimension publizitate agentzian zabiltza. Zer egiten duzu?

Gauza asko egiten ditugu, eta hori da onena: aspertzeko astirik ez dugula. Orain buru-belarri nabil proiektu batean: La Creme izena du. App gastronomiko bat garatu dugu, eta Espainia guztiko sukaldariek, Michelin izarrak edo Repsol eguzkiak dituzten chefek, gomendatzen dituzte gustuko dituzten platerak, izan sari garrantzitsuren bat jaso duten platerak, ala herri bateko taberna bateko babarrunak. Aplikazioa garatzen ari gara: testuak eta bideoak egiten eta abar. Asko da sare sozialetarako edukia sortzea, jendea elkarrizketatzea TikTok-erako, Instagramerako… Gehienbat horrekin nabil azken aldian.

23 urtez irratian, gaur egun publizitate agentzia batean, film labur bat egin berri… Zer geratzen zaizu egiteko?

Gauza asko. Orain musikarekin ari naiz disfrutatzen ia inoiz ez bezala. Bateria jotzen. Eta betidanik gustatu izan zait bateriaren mundu hori. Horrekin asko gozatzen ari naiz. Tolosako beste lagun batekin Jokin Larrazarekin ari gara talde proiektu bat, edo bueno, abestiak sortzen. Gero eskolako taldean ere banago baina hor gehienbat bertsioak eta jotzen ditugu. Baina Jokinekin abesti propioak sortzen ditugu. Berak ere bere garaian izan zuen talde bat eta, bakarka ere diskoren bat argitaratu du… Inongo presiorik gabe, eta errealitatea badakigu zein den eta horrekin gozatzen dugu. Noizbait kontzerturen bat ematea ere gustatuko litzaiguke.

Bateriarekin jarraituz, ekainean Madrilen egingo dute Rockin'1000 jaialdia eta bertan izango naiz. Mila musikari elkartuko gara Civitas Metropolitanoan, Atletico Madrilen estadioan, eta hainbat rock abesti joko ditugu. Ilusio handia dut horretarako ere, eta sekulako esperientzia izango delakoan nago.

 

«Gero eta zaharragoak izan, orduan eta lan gutxiago egin beharko genuke, baina irudipena dut aurkakoa gertatzen ari dela…»



Bestalde, egiteko geratzen zaidana da lan gutxiago egitea eta gehiago paseatzea; txakur bat eduki nahiko nuke, eta naturaz gozatu [Barrez]. Gaur egun sare sozialekin-eta lan egiten dudala kontuan hartuta, pantailetara gutxiago begiratu nahiko nuke. Etenik gabeko lanean bizi gara, eta gainera, sare sozialekin, orain funtzionatzen duenak ez du balio hemendik sei hilabetera. Oso gogorra da ezjakintasun eta estres horretan sartuta egotea, eta ez da komunikazioan bakarrik gertatzen. Gero eta zaharragoak izan, orduan eta lan gutxiago egin beharko genuke, baina irudipena dut aurkakoa gertatzen ari dela… Ez du zentzurik, baina horrela dago mundua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!