Zarata eta Bibrazioei buruzko Udal Ordenantza onartu dute Tolosan

Ataria 2023ko mai. 4a, 07:57

Halaber, Tolosako Udalaren apirileko osoko bilkuran, 2023-2024 ikasturterako prezio publikoen aldaketa onartu dute; musika eskolako, kultur etxeko tailerretako eta euskaltegiko prezio publikoak %3 igoko dituzte.

Tolosako Udalak urtarrilean onartu zuen behin-behinekoz Zarata eta Bibrazioei buruzko Udal Ordenantza berria. Agerraldi publikoan egon den bitartean helegiterik egon ez denez, behin betikoz onartu dute apirileko osoko bilkuran. Herrian aplikatzeko kutsadura akustikoari eta bibrazioei buruzko tokiko arautegia zehaztea da ordenantza berri honen helburu nagusia, kutsadura akustikoa aurreikusi, murriztu eta zaintzeko, Tolosako udal-mugarteko herritarrentzat, ondasunentzat eta ingurumenarentzat zarata eta bibrazioek sor ditzaketen kalteak eta eragozpenak ekiditeko eta murrizteko helburuarekin.

Guztira, zortzi atal ditu ordenantzak eta arlo desberdinak arautzen dira: ingurumeneko zarata, jardueren erregulazioa, eraikinentzako erregulazioa, bide publikoko instalazio eta jarduerak eta motordun garraioaren zirkulazioa, besteak beste. Aplikazio eremua zehazteaz gain, kalitate akustikoaren helburuak, zarataren eta bibrazioen mugak eta mugen balioak, neurketak egiteko metodologiak eta salbuespenak zehazten ditu, baita hartu beharreko prebentzio neurriak ere. Ordenantza behin betikoz onartuta, orain Zarataren Mapa eguneratzeari ekingo dio udalak, ondoren, Ekintza Plan zehatza garatzeko.

Bestetik, apirileko osoko bilkuran 2023-2024 ikasturterako prezio publikoak onartu ditu udal gobernuak, EH Bilduren abstentzioarekin. Egungo testuingurua dela eta, prezio publikoen aldaketarako KPI-a erreferentzia modura hartu izan bada ere, KPI-aren azpitik igoko dira prezio publikoak. Gauzak horrela, Musika musika eskolako, kultur etxeko tailerretako eta euskaltegiko prezio publikoak %3 igoko dituzte ikasturte berrian. Familia ugariei dagokienez, %50eko hobaria jaso dezaten, matrikula egitean aurkeztu beharko dute familia ugarien ziurtagiria.

Musika eskolaren kasuan, zerbitzuen taula ere egokitu dute, eskaintza modu argiagoan azaltzeko. Kultur etxeko tailerretan ere, modu argiagoan zehaztu dituzte ordainketa epeak eta euskaltegian eskaintzen diren zerbitzuak ikasleen behar eta eskarietara egokitzeko, moduluen prezioa orduka ezarri dute eta materialaren prezioa ere zehaztu dute, ikasleen neurrira egindako ikastaroak eskaintzeko helburuarekin.

Aldaketa teknikoekin bat egin arren, koalizioak prezioen igoera orokortuaren aurka azaldu da. «Progresitibitatean sakondu behar dugu herritar zaurgarriak babesteko neurriak hartuz, ezin dugu inor atzean utzi», adierazi du Ander Figueridok. Orain arte bezala horretan jarduteko konpromisoa berretsi du EH Bilduko zinegotziak. «Datorren legealdiko udalbatza berriak Tolosa justuago bat lortzea ahalbidetuko duela espero dugu», gaineratu du.

Arrazionalizazio Plana

Amaitzeko, Giza Baliabideen Arrazionalizazio Planean udal langileen borondatezko erretiro aurreratuari buruz zenbait neurri jaso zituen LAB sindikatuak. Bada, horiek indargabetzen eta ondoriorik gabe uzten dituen akordioaren aurka jarritako auzi-errekurtsoan Tolosako Udala agertzea ere onartu dute azken osoko bilkuran. EH Bilduk aurka bozkatu du, «prozedura akatsak eman direlako, Euskadiko Auzitegi Gorenaren irizpidearen aurka egin delako, Tolosako kasuistika aintzat hartutako jurisprudentziatik kanpo geratzen delako eta Euskadiko Aholku Batzordearen irizpenen aurka hartu zelako erabakia».

Olatz Peon alkateak esan duenez, Arrazionalizazio Plan horrek ez du hitz egiten soilik erretirozko sarien inguruan. «Planak gauza asko jasotzen ditu, baita udal honetako behin-behinekotasuna murrizteko prozedura osoa ere. Eta bat etorriko gara denak, berebiziko garrantzia duela, legez ere badaudelako epe batzuk, eta bestela hainbat langilek beren lanpostua egonkortzeko aukera hori ere galduko luketelako. Erabakien proportzionaltasuna kontuan hartu behar da beti».

Arrazionalizazio Plana onartuta, udal guztiak ordainsariak onartzeko legezko babesik gabe geratu direla azaldu du alkateak. «Erabat gai juridikoa izanik, irtenbide bat eskatu diogu EUDEL-i. Elkarteak proposamen bat egiten du eta ia udal guztiek bat egiten dugu proposamenarekin: ofizioz eta prozedurarik gabe legez ordaindu ezin diren ordainsariak Arrazionalizazio Planetik ateratzea. Hori da onartu genuena, hori da gaiari soluzio bat emateko bilatu genuen irtenbiderik egokiena. Hala ere, gaia aztertzen ari diren epaitegi ezberdinetan, maila ezberdineko epaitegietan, sententziak ezberdinak dira, eta ondorioz, udal guztiak ziurgabetasun juridiko oso handia daukagu. Horregatik, epaileak esaten duenari men egin beharko diogu eta ez daukagu beste irtenbiderik. Legezkotasunaz hitz egiten ari gara, ez erabakia hartzeko gaitasunaz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!