Tolosako PSE-EE-k udalean «onena emateko prestatuta» dagoen hautagaitza aurkeztu du

Ataria 2023ko mai. 3a, 18:00

Jose Mari Villanueva alkategaiak esan duenez, hautagaitza eratzen duten 17 ordezkariak «ilusioz, gogotsu eta emozioz» daude maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako; hauteskunde-programaren inguruko xehetasunak ere eman ditu zerrendaburuak.

Azken lau urteotan udal gobernuan erantzukizunekin egon ondoren, Villanuevak esan du udal kudeaketa ez dela erraza: «Konplexua da, oso konplexua eta geldoa». Hori dela eta, hautagaitza eratzen duten ordezkariak «onena emateko prest» sentitzen direla esan du, eta ziur daude «lan ona» egingo dutela hurrengo legealdian: «Tolosar guztien zerbitzura egongo dira, guztion bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko, hori baita sozialistok beti mugiarazten gaituena. Tolosako Udaleko buru izateko talderik onena da» nabarmendu du. «Duela 140 urte baino gehiago udalerriko lehen alderdi politikoa sortu zuten lehen sozialista tolosarren ondarearen oinordeko dira» aldarrikatu du Villanuevak, eta nabarmendu duenez, bere hautagaitzak «Tolosako PSE-EEko sortzaileen balioak defendatzen» jarraitzen du, «justizia politikoa, progresista eta gizarte-arloarekin konprometitua. Tolosaren tradizio errepublikanoarekin eta sozialistarekin jarraitzen dugu».

Hurrengo legealdian udalean «eraginkortasunez» aritzeko konpromisoa hartu du Tolosako PSE-EEk. «Tolosarrak benetan kezkatzen dituzten gauzak erdigune izango dituen hauteskunde-programa bat osatu dugu. Tolosarrak kezkatzen dituzten kontu horien artean, etxebizitza, gure familien babesa, gazteen etorkizuna, gure adinekoen eta mendekoen zaintza eta gure ingurumenaren babesa aipatu ditu Villanuevak. «Hauteskunde-programa ez da hauteskundeetako promesen zerrenda bat, Tolosako PSE-EE-k boto-emaileekin hartutako konpromisoekin osatutako proiektua baizik», esan du.

Aipatu bezala, besteak beste, Tolosan «etxebizitza faltaren inguruan dagoen arazo serioari erantzutea» izango da helburuetako bat, eta zehazki, alkategaiak konpromisoa hartu du datozen lau urteetan San Esteban auzoan etxebizitzak eraikitzeko «formula egokia» aurkitzeko. Alde Zaharra birgaitzeko plan bat eratu nahi dutela ere esan du: «Etxebizitza ugari daude hutsik bertan, eta erabiltzen ez diren etxabe komertzialak etxebizitza bilakatzea proposatzen dugu». Gainera, Villanuevaren iritziz, Tolosak duen beste arazo bat aparkaleku eza da, eta sozialisten zerrendaburuak nabarmendu duenez, hori ere egin behar zaio aurre. «Gure proiektuak Geltoki plazan aparkaleku bat eraikitzea eta Zumarditxikia birgaitzea dira».

Amaitzeko, PSE-EE «nazionalismoaren alternatiba» dela aldarrikatu du, Tolosaren aniztasuna bermatzen baitu eta, gainera, demagogiatik ihesean dabilen hautagaitza baten portaera arduratsua nabarmendu du. Sozialistok irtenbide praktikoak, bideragarriak eta inklusiboak ematea dugu xede, desberdinkeriekin amaitzeko, gehien behar dutenak zaintzeko».

Tolosako PSE-EE-ren udal hauteskundeetarako zerrenda:

  1. Joxe Mari Villanueva Telleria.
  2. Libe Otegui Goiburu.
  3. Lorena Renedo Fuentes.
  4. Antonio Martin Fernandez.
  5. Itxaso Asensio Curiel.
  6. Esteban Elola Irulegui.
  7. M.ª Aranzazu (Arantza) Balerdi Rezola.
  8. Alberto Pio Castro Mocoroa.
  9. Eva Maria Rodriguez Tapia.
  10. Charly Fongang Donfack.
  11. Sara Villanueva Balerdi.
  12. Oscar Sainz Santamaria.
  13. Avelina Sanchez Sanchez.
  14. Francisco Casal Feijoo.
  15. Miguel Asenjo Aguado.
  16. Perpetua Santamaria Diez.
  17. Jose Ignacio Asensio Bazterra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!