Aterkiak irekiko dituzte, «urruntze politikaren ekaitzari aurre egiteko»

Ataria 2023ko mai. 4a, 07:58

Etxerat elkarteak eta Tolosaldeko Sarek deituta, larunbatean, 12:00etan, mosaiko erraldoia egingo dute aterkiekin, 'Etxera' hitza osatuz, Tolosako Zerkausiko goiko solairuan.

Larunbat honetan, maiatzak 6, Etxerat elkarteak eta Tolosaldeko Sarek antolatuta, mosaiko erraldoia egiteko gonbita luzatu dute Tolosako Zerkausiko goiko solairuan. Aterkiak zabalduta, Etxera hitza zabalduko dute. 11:45tan elkartuko dira eta 12:00etarako osatuko dute mezua.

Espetxe ibilbidean oztoporik ez dutela nahi aldarrikatu eta salbuespen neurriekin amaitzeko unea dela adierazi nahi dute. «34 urte iraun du urruntze politikaren ekaitzak. Urteak kontatu badaitezke ere, nola neurtu bidaia bakoitzeko urduritasuna, mina edo ezinegona? Eta bidaiak konta ote daitezke? Joan-etorriarekin amaitzen ote da bidaia bakoitza. 34 urte iraun duen bidaia luzea izan da hau», adierazi dute antolatzaileek. «Ekaitzari aurre egiteko aterkiak irekitzea eta atertu arte eustea dagokigu hortaz. Horregatik, Etxera mezua zabaltzera goaz, aterkiak irekitzera goaz», gaineratu dute.

Etxerat elkartearen eta Tolosaldeko Sareren esanetan, «barearen ostean dator berriz ere ekaitza», eta jada hasi dira «salbuespen politikaren jarraipenaren zaparradak» sentitzen. «Hirugarren graduan edo baldintzapean egon behar luketenen gehiengoak espetxean jarraitzen du. 42 presori onartu diete hirugarren gradurako progresioa, 110 euskal presok graduetan aurrera egiteko baldintzak betetzen badituzte ere. 42 horietatik 28ren kasuan, erabakiaren kontrako errekurtsoa jarri du fiskaltzak, eta hamabi espetxean sartu dituzte berriz, bigarren graduko erregimenean. Pertsona horietako batzuek hilabeteak zeramatzaten bizimodu normala egiten, lan merkatuan sartuta eta beren bizitza sozial eta familiarra zutela. Zigorren batuketak aplikatu gabe jarraitzen du eta ia bizi osoko zigorrek bere horretan diraute. Mendekua ari du», aldarrikatu dute.

Amaitzeko, Etxeratek eta Sarek salatu dutenez, fiskaltza eta justizia auzitegiak «presoen alde» jokatu beharrean, «irizpide juridikoetan oinarrituta, mendekuan, gorrotoan eta legezkotasunarekiko begirunerik ezean oinarritutako espetxe politika gogora ekartzen duten erabakietan oinarritzen dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!