BABESTUTAKO EDUKIA

«Ikasteko metodologia eta ikasleok eskuragarri dugun material teknikoa azpimarratzekoak dira»

Mondragon Unibertsitatea 2023ko mai. 5a, 11:00
Ane Antxustegietxarte. ATARIA

Ane Antxustegietxarte Urkizu (Tolosa, 21 urte) Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko 4. maila ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean.

Definitu apur bat zeure burua. Non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?

Oso pertsona saltseroa naiz eta gradu honetara ere horretara etorri nintzen, eginez ikastera. Artearekin zerikusia duen edozerk erakartzen nau eta honen bidez istorioak edo ideiak transmititu baditzaket, hobe!

Zergatik aukeratu zenuen Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?

Duen metodologiagatik aukeratu nuen Mondragon Unibertsitatea. Horrez gain, ikasleok eskuragarri dugun materiala azpimarratzekoa da, gurea bezalako gradu batean alderdi praktikoa ezinbesteko baita.

Nola baloratuko zenuke orain arte bizitako esperientzia?

Ia gradua amaitzekotan nago eta orokorrean esperientzia positiboa bizi izan dut unibertsitatean. Lan eta ordu asko eskatzen duten proiektuak neketsuak izan ohi dira baina bukaerako emaitza ikusteak gaitz guztiak sendatzen ditu.

Nola definituko zenuke Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Modulu eta proiektuka banatutako ikasturteak gauzak barneratzeko garaian asko laguntzen duela iruditzen zait. Ikus-entzunezko sektorean lana nola egiten den ondo islatzen duela esango nuke.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Lau urte hauetan gehien gustatu zaidana sormena lantzeaz gain alor teknikoko ezagutzak eman dizkiguten moduluak izan dira: entretenimendu programa bat sortu eta platoan grabatzea, film labur baterako gidoiaren idazketa edo formatu eta eduki berrien sorkuntza, esaterako.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?

Ikasten jarraitzeko eta ikus-entzunezko arloren batean espezializatzeko asmoa dut. Baina ikastaro edo masterren batean izena eman aurretik, neure burua lan munduan frogan jartzea gustatuko litzaidake, ideiak antolatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!