Tolosako EH Bilduk udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du

Ataria 2023ko api. 29a, 09:39

Andu Martinez de Rituerto buru dela, «Tolosaren izaera askotarikoaren ispilu» izango den taldea aurkeztu du EH Bilduk, lan egiteko «ilusioa eta gogoa» dutena, «tolosar ekintzaileak, jende prestatua eta konprometitua».

Tolosako Plaza Zaharrean maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagaitzaren berri eman du Tolosako EH Bilduk. Aurkeztu duten taldea «esperientzia eta prestakuntza bikaineko herritarrez osatuta» dagoela esan du Andu Martinez de Rituerto alkategaiak.

EH Bilduk «injustizia sozial guztien aurka eta bizitzaren alderdi garrantzitsuenen alde» lanean jarraituko duela adierazi du Martinez de Rituertok. Erronka sozialei «erantzuna» emateko prest dagoela adierazi du koalizioak eta datozen lau urteei begira jarri dira egitekoen zerrenda aipatuz: «Etxebizitza eskuragarrien beharra asetzea, aparkalekuen arazoari irtenbide orekatua ematea, San Esteban auzoaren mantenua eta eraberritzea ziurtatzea, Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala garatzea auzotarrekin batera, Zumardi Txikiaren izaera errespetatuta herritarron gozamenerako berreskuratzea, merkataritza lokala suspertu eta kontsumo ohitura jasangarriagoak sustatzea, lehen sektorea indartzea elikagaien kate guztiari erreparatuz, berdintasunean sakontzea genero ikuspegia alor guztietan txertatuz, zaintza duina bermatzea eta zerbitzu eta sektore feminizatuen lan baldintzen duintzea lortzea, osasun arretan Tolosaldean dugun arazoari irtenbidea ematea, kultur eta jatorri aniztasunari erantzun integratzailea ematea, euskararen ezagutza eta erabilera handitzea... Eta nola ez, herritarron ongizate fisiko zein emozionala hobetzeko baldintzak jartzea, politika publikoak horretara bideratuz eta osasun komunitarioa sustatuz».

Horrez gain, Herri Behatokia sortu eta Auzo Ordezkarien Mahaia ere sortuko dute, «auzotar eta herritarrekin lan egiteko». «Udala gidatzeko ardura» izan nahi du EH Bilduk, «azken urteetan egindako lan handia, pilatutako esperientzia eta ikasitako guztia balioan jarriz». Tolosako Udala gidatuz, Tolosarentzat, tolosarrekin, lan egiteko gogoz daudela adierazi du alkategaiak.

Hau da udal hauteskundeetarako EH Bilduk Tolosan aurkeztu duen zerrenda:

  1. Andu Martinez de Rituerto Arregi

  2. Esti Kortejarena Ugarte

  3. Goiuri Ezeiza Arandia

  4. Ander Figuerido Zubiria

  5. Josune Sanz Vidal

  6. Aitor Agirresarobe Murgi

  7. Kristina Pelaez Errazkin

  8. Aitzol Gartzia Azurmendi

  9. Garbiñe Marzol Ormazabal

  10. Asier Aiertza Zubiria

  11. Edurne Izagirre Elizaran

  12. Mikel Agirre Mendia

  13. Aitziber Malkorra Elordi

  14. Juanjo Ezeiza Jauregi

  15. Idurre Arrue Ramon

  16. Kristina Huarte Zuaznabar

  17. Juantxo Arakama Biurrun

  18. Gotzone Gorostiaga Alkain

  19. Igor Aranburu Eskisabel

  20. Nekane Artolazabal Royo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!