Goi mailako hondartza boleibola, Ferialekuan

Imanol Garcia Landa 2023ko api. 27a, 19:59

Tolosako Ferialekuan, atzo, hondartza boleibolean entrenatzen.

Open Tolosa 2023 txapelketa jokatuko dute Tolosan larunbatean, eta federatuta dauden jokalariak ariko dira.

Open Tolosa 2023 hondartzako boleibol txapelketa izango da jokoan, larunbatean, Ferialekuan. «Lehenengo aldiz egingo da Ferialekuan hondartza boleiboleko txapelketa ofizial bat, eta bertan parte hartu ahal izateko federatuta egotea beharrezkoa izan da», esan du Bittor Fernandez Tolobolei klubeko kideak. «Txapelketan partaideek estatuko sailkapen ofizialerako puntuak lortuko dituzte, eta kanpotik jende asko etorri da, tartean, Galiziatik, Mallorcatik edota Madrildik. Beraz, maila altuko jokalariak etorriko dira, bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan».

Euskal zein Gipuzkoako boleibol federazioek eta Tolobolei klubak antolatu dute txapelketa. Emakumezkoetan hamabi bikote izango dira eta horietatik bat Tolosakoa izango da. Gizonezkoetan ere hamabi bikote ariko dira lehian eta horietatik hiru Tolosakoak izango dira. «Bi kantxa bakarrik ditugu eta ez zuen aukerarik ematen bikote gehiago lehiatzeko. Izen emateak sekulako arrakasta izan du eta parte hartu nahi zuten bikote asko kanpoan geratu dira», zehaztu du Fernandezek.

Goizean, 09:30ean hasita, ligaxka jokatuko dute, eta arratsaldean kanporaketak egingo dira: final-zortzirenak, final-laurdenak, finalerdiak eta finalak. Bi finalak 18:30ak aldera hasiko direla aurreikusten dute. Sailkapen ofizialerako puntuak lortzeaz gain, sariak ere banatuko dituzte. Irabazleek garaikurra eta txapela jasotzeaz gain, 120 euro jasoko dituzte, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 30 euro.

Txapelketa girotzeko, musika zein barra bat jarriko dute Ferialekuan, eta aulkiak ere jarriko dituzte partidak ikusi ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!