II. Mailako Euskal Pentatloiaren finala, Tolosan

Ataria 2023ko api. 27a, 19:57

Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur Adunako Zabala sagardotegian.

Zezen plazan izango da lehia, larunbatean, 18:00etan hasita. Sarrerak 20 euro balio du, eta Bizum bidez ere erosi daiteke.

Lehenbiziko aldiz euskal pentatloian bigarren mailan lehiatuko dira, eta zuzenean finala jokatuko da, larunbatean, Tolosan. Saioa 18:00etan hasiko da, zezen plazan, eta hamabi kirolari ariko dira lehian, horietako batzuk herri kiroletan dagoeneko ibilbide oparoa egindakoak eta beste batzuk hasiberriak: Mikel Agirre, Ander Altuna, Jon Alustiza, Joseba Arakama, Gorka Etxeberria, Daniel España, Jon Gisasola, Julen Kañamares, Iñigo Landa, Aratz Mugertza, Xabat Olaizola eta Jagoba Otaegi.

Ondoko lanak egin beharko dituzte kirolariek: 100 kiloko bolari 8 jasoaldi, giza proban plaza bat, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin eta korrika kilometro bat. Kirolariak lau txandatan plazaratuko dira eta zozketa egun berean egingo da, 17:00etan.

Sarrerak 20 euro balio du eta Tolosako Kantabriko tabernan daude salgai. Horrez gain, aurten berrikuntza izango da Bizum bidez ere erosteko aukera. Ordainketa 607 44 39 29 zenbakian egin behar da eta kontzeptuan sarrerak + izen abizenak jarri behar dira, eta egunean bertan leihatilan jaso ahalko dira. Bestalde, leihatila ere zabalik egongo da egunean bertan sarrerak erosteko. Larunbateko lehen sei sailkatuek sari berezia izango dute, irailean egingo den lehen mailako Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartzeko txartela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!