Tolosako Euskal Mendizaletasunaren Museoan jarriko dute Frantzisko Xabierkoaren estatuaren burua

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 27a, 07:57
Gaur egun Hiru Erregeen Mahaian dagoen Frantzisko Xabierkoaren estatua. Argazkia: Mendiak.eus

Hiru Erregen Mahaian zegoen eta 1980ko hamarkadaren erdialdean desagertu zen Frantzisko Xabierkoaren burua agertu da. Euskal mendizaletasunaren memoria gordetzen duen EMMOA fundazioak jaso du, era anonimoan.

1985ean desagertu zen Frantzisko Xabierkoaren estatuaren burua Hiru Erregeen Mahaiko gailurretik. Bandalismo ekintza bat izan zela uste da; dekapitatu egin zuten santua. Bildumagile batek eraman ote zuen ere zabaldu zen garai hartan, eta orain itzultzea erabaki duela. Gaur egun, Euskal Herriko mendirik garaienean santuaren beste estatua bat dago.

Bada, Euskal-Nafar Mendizale Federazioa bere mendeurrena betetzeko gertu dagoenean (2024an ehun urte beteko ditu), Frantzisko Xabierkoaren burua agertu da; EMMOA fundazioak jaso du, norbaitek era anonimoan bidalita. Hala baieztatu du Txomin Uriarte fundazioko presidenteak irrati kate batean: «Pakete bat jaso dugu, ireki eta santu baten burua zen. Ikertu dugu, eta jakin gabe zein bide egin duen, Frantzisko Xabierkoaren burua zela jakin dugu, Nafarroako patroia, Hiru Erregeen Mahaian zegoena», azaldu du.

Uriartek esan duenez, EMMOA fundazioak gorde eta erakutsiko du duela 38 urte ostu zuten burua. «Seguru asko arrakala, erreka edo antzeko lekuren batean agertu da», gaineratu du. Tolosako Arkaute eraikinean, Euskal Mendizaletasunaren Museoa irekitzen dutenean, jarriko dute erakusgai Frantzisko Xabierkoaren burua. Museoa ireki arte, EMMOA fundazioaren kolaboratzaileen esku jarraituko du buruak, Iruñean.

EMMOAk euskal mendizaletasunaren historia eta memoria gorde eta babestea du helburu. Hala, euskal alpinistek, eskalatzaileek, eskiatzaileek eta abarrek sortutako milaka argazki, dokumentu eta kirol material gorde eta herritarrek kontsultatu ahal izateko moduan jarri nahi ditu. Museoa 2024rako prest egotea espero dute, mendeurrenarekin batera. Beste ezustekorik gertatzen ez bada, Frantzisko Xabierkoari ostutako burua ere han izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!