ELKARRIZKETA

«Biodibertsitatearen botereak duen garrantziaz ez gara ohartzen»

Leyre Carrasco 2023ko api. 30a, 07:59

Alberto Luengo. L. CARRASCO

Alberto Luengo biologo tolosarrak Ahotsak izeneko bere azken lana argitaratu berri du. Bertan, hamalau testigantza bildu ditu, egungo biodibertsitatearen egoera eta honen inguruko kezka azalduz.

Biodibertsitatearen aurkako arriskuak benetakoak direla ohartarazi behar zuen Alberto Luengo (Tolosa, 1970) biologoak. Eta horixe egin du argitaratu berri duen bere azken lanean: Ahotsak. Egileak bidaia bati ekiten dio, eta bertan, ingurumenaren arloan aditu diren eta gaur egun erreferentziazkoak diren beste hamalau pertsonaien testigantzak bildu ditu. Ahots guztiak elkarri lotuta daude naturarekiko begirada partekatu baten bidez. Ahotsak kezka eta alarma oihu bat da, eta irakurlea hausnartzera gonbidatzen du.

Biologoa zara lanbidez eta zoologoa bokazioz.

Nik Biologia ikasi nuen Oviedoko Unibertsitatean, zoologiako espezialitatearekin, bokazioa hortik zetorkidalako. Bokazioz biologoa naizela esaten dut beti, eta benetan gustatzen zitzaidana ikasteko zortea izan nuen. Horretarako, asko markatu ninduten bi figura izan ditut, bai niri eta baita nire belaunaldi osoari ere. Haurtzaroan Felix Rodriguez de la Fuente naturalista eta ingurumen-dibulgatzailea izan zen, eta nerabezaroan eta gaztaroan, berriz, Gerald Durrell naturalista, kontserbazionista, idazlea eta telebista-aurkezle britainiarra. Horiek dira nire bokazioan eragin gehien izan duten figura mediatikoak, nahiz eta inguruko jendeak ere horretan eragin zuen. Horregatik, bokazioz biologoa eta zoologoa naizela esaten dut beti. Horri beti balioa ematen saiatzen naiz; izan ere, gaur egun, bokazio gutxiago dagoela uste dut.



Nondik datorkizu bokazioa?

Ez dago faktore zehatzik. Alde batetik, betidanik gustatu izan zait mendira joatea, natura eta animaliak, eta familian beti esan izan didate gauza horiek txikitatik arreta handia piztu didatela; dela liburuetan, dela telebistan... Hori ez nuen kontrolatzen. Bestalde, badago barne-bokazio eta kanpo-bokazio horiei gehitu ahal izan nion jakintza. Hori Felix Rodriguez de la Fuenteren eta Gerald Durrellen figurarekin egin ahal izan nuen, baina baita nire amonaren edo institutuko nire irakaslearen laguntzarekin ere. Irakasleak zerikusi handia izan zuen nik pausoa eman eta hau esateko: «Aurrera. Biologoa izan nahi dut, Natur Zientziak ikasi nahi ditut eta horretan murgildu nahi dut». Proiektua mamitu egin zen.

Zer da naturan gehien estimatzen duzuna?

Asko gustatzen zait biodibertsitatea, eta hori da naturaren adierazpen ederrena. Ahotsak liburuan ere hori adierazten dut. Bi muturretara joango naiz. Espazio natural handiak asko gustatzen zaizkit, baina espazio birjin handiak ez, jada ez daudelako. Asko gustatzen zait horietan egotea, eta batzuk bisitatzeko aukera izan dut. Gauza txikiak ere asko gustatzen zaizkit; hau da, askotan oharkabean gertatzen diren gauza horiek, arreta edota etenaldi bat izatea eskatzen dutenak. Adibidez, animalia txikien populazio zehatz hori egiten ari dena behatu ahal izateko. Batez ere, animalien portaera ezagutzea gustatzen zait, eta horrek beti arreta deitu dit. Biodibertsitatea, ornitologia, eta natura azaltzea gustatzen zait, animaliek egiten dutenaren bidez. Ez zait interesatzen pertsona batek zein animalia mota den jakitea. Animaliak uneoro egiten ari direna azaltzea gustatzen zait, gero zer den jakin dezaten. Hau da, portaeratik hasita, espeziea identifikatu arte. Prozesuak ikustea eta ulertzea gustatzen zait, eta zaletasun hori txikitatik dut. Lurra, Pirinioak edota mendiak nola sortu ziren ulertzea gustatzen zaion jendea badago. Niri portaera-prozesu horiek ikustea gustatzen zait. Agian, hori ondoen azaltzen duen ikasgaia edo biologiaren zatia ekologia da, etengabe elkarreragiten ari diren prozesu horiek guztiak oso ondo laburbiltzen baititu.

Prozesua ulertzea erraza dela esango zenuke?

Gogoan dut txikitan konexio hura ustekabearen edo nobedadearen eskutik zetorrela. Orain, esperientzia eta ezagutza jakin batzuekin dator, ez dator harriduratik, nahiz eta naturak beti harritu zaitzakeen, ez baita argazki finko bat bezalakoa, zerbait dinamikoa baizik. Baina orain, agian, etenaldi eta gogoeta baten bidez dator, honek duen benetako garrantzia ikusteko. Miresmena da, hori da hitza. Hasieran harridura zegoen, eta orain miresmena dago, benetan miresgarria delako.

Naturak bidaiatzeko eta beste espazio asko ezagutzeko aukera eman dizu. Zein izan da gehien hunkitu zaituen lekua?

Ngorongoroa, Tanzanian, eta horren kontserbazio-eremuaren barruan dagoen krater bat, Empakaai izenekoa. Goiz batez egon nintzen eta benetan gehien gozatu dudan lekua izan da. Imajinatu ditzakezun adjektibo eta topiko guztiak sentitu ditut, eta sentimendu hori benetakoa da. Ni neu bakarrik, faunaz beteriko leku zabal eta oraindik birjina den batean. Orain arte gehien txunditu nauen tokietako bat izan da, eta onerako, gainera. Zalantzarik gabe, Ngorongoroko kontserbazio-eremua izan da gehien hunkitu nauen lekua, eta, bereziki, Empakaai izeneko kraterra. Baina badira leku gehiago, adibidez, Amazoniako oihana, non hamabost egunez bertan egon nintzen Manuko Parke Nazionalean (Peru) sartuta, eta bertan bai izan nuela biodibertsitatearen xahuketa uneoro. Oso polita izan zen, batez ere, ikusten ez zena. Haurtzarora eraman ninduen; izan ere, dena identifikatzen saiatzen nintzen baina ez nuen ezer ezagutzen. Ez nengoen habitat hartara ohituta. Hegazti asko ikusten nituen, intsektu asko, baina ez nekien zer ziren eta horrek izugarri hunkitu ninduen. Mongoliako Esteparen askatasuna ere gogoan dut. Horrek txiki egiten ninduen, baina gauza oso handia bezala gogoratzen dut.



Eta, zein da Euskal Herriko lekurik bereziena?

Aralarri diot, Euskal Herriko leku guztietatik, maitasunik handiena. Gaztetxoa nintzenean asko joaten nintzen Aralarrera, eta han denbora asko igarotzen nuen bakarrik, nik nahi nuelako. Niretzat, lehenik, eskola bat izan zen, eta, bigarrenik, oso oroitzapen onak ditut Aralar guztia behin eta berriz zeharkatu izanaz. Zooma sakatzen badugu, Alotzatik Igaratzara doan zonaldea gozamena eta luxua iruditzen zait, batez ere, astean zehar bakarrik joan zaitezkeenean, orduan ez baitago ia inor. Horrez gain, gai profesionala dela eta, nik lan asko egiten dut Txingudi inguruan. Ingurumenaren lehen berrezartzea egin zuen taldeko kide izan nintzen, 1998an, hain zuzen; hasiera horiek oso politak izan ziren eta pila bat ikasi nuen. Hasiera hori semetzat sentitzen dut; izan ere, hegaztientzako babes bereziko Gipuzkoako eremu bakarrean ingurumena berrezartzen aritu zen lehen taldearen parte izan nintzen. Urte asko eman nituen bertan lanean, baina orain ere Txingudira itzuli naiz eta han proiektu berri bat lantzen ari naiz, txabola-gune bat birsortuko delako. Beraz, nire denboraren zati handi bat Txingudin ere dago.

Zerk bultzatu zaitu hainbeste bidaiatzera?

Jakin-minak. Edozein landa-biologoak beharrezkoa du jakin-mina. Jakin-minik ez baduzu, nik uste ezin zarela landa-biologo ona izan. Jakin-mina da zure barruan dagoen tresna, eta, horri esker, biologo hobea izan zaitezke.

 

«Jakin-mina da zure barruan dagoen tresna, eta, horri esker, biologo hobea izan zaitezke»



Horrez gain, zein beste ezaugarri behar dira biologo on bat izateko?

Asko entzutea. Agian medizina bat bezalakoa da, ez diozu ikasteari uzten, eta biologiaren edozein arlotan ez entzuteko gabezia dugu. Askotan entzutea, dakienari entzutea, esperientziak entzutea eta naturaren izaerari erreparatzea. Horrek guztiak ematen dizu ezagutza pertsonala, eta horrek egiten du, komatxo artean, biologo ona eta profesional ona izatea.

Naturak oraindik harrapatzen zaituela esango zenuke?

Bai, eta uste dut hori ez dudala galduko. Japonian bada esamolde bat: «Aware». Horrek bilatu gabeko sorpresa esan nahi du; hau da, sorginkeria bat bezalakoa. Landara ateratzen naizen bakoitzean ez ditut horrelako awareak izaten, ez ditut horrelako sorginkeriak izaten, baina izaten ditudan bakoitzean konpentsatu egiten naute. Esaterako, aspaldi ikusi ez dudan animalia bat aurkitzen dudanean. Hori da naturak ematen dizun ustekabe bat, adibidez. Baliteke gauean errepidetik joan eta azeri bat aurkitzea eta hari begira geratzea. Hori ere aware bat da, eta beste hainbeste adibide daude. Bihar mendira joango nintzateke eta aware hori aurkitu nahiko nuke, bihar Txinara joango nintzateke eta aware hori aurkitu nahiko nuke, Marokoko basamortura joango nintzateke eta aware hori aurkitu nahiko nuke. Ez dakizu lehen minutuan edo hiru orduren ostean muturraren aurrean izango duzun, baina jakin-mina hori da. Gainera, nik daukadan jakin-minak mantentzen nau sasoian, eta horregatik gero eta gehiago gustatzen zait mendira joatea. Hori Berrobin aurkitu dezakezu, Tibeten aurkitu dezakezun bezala.



2006. urtetik ari zara Amalur Jardunaldiak antolatzen. Nola hasi zinen?

Ni Afrikatik etorri nintzenean hasi ziren Amalur Jardunaldiak. Hain zuzen, hamabost egun eman nituen Tanzanian oporretan. Nahiko lotuta itzuli nintzen hangoarekin, eta pentsatu nuen oroitzapen hori ezin zela oporretako bidaia batean geratu. Bidaia horren ondorioz, komatxo artean, Afrikako pozoia injektatuta nuenez, Ekialdeko Afrikari buruzko jardunaldi batzuk egiteko finantziazioa bilatzea erabaki nuen, Tolosako Ekinbide Etxeak (TEE) ematen zuen egoera aprobetxatuz. Urte horretan etorri ziren, besteak beste, Javier Reverte, niretzat Afrikari buruz idatzi duen idazlerik onena. Bere lanen artean, El sueño de África izenekoa dago, eta derrigorrez irakurri behar den liburua dela iruditzen zait, Afrika gustuko duen jendearentzat edo bidaiak, historia eta natura gustuko dituen jendearentzat. Hor hasi ziren Amalur Jardunaldiak, eta oraintsu hamazazpigarren edizioa amaitu berri dugu.

Zer jaso duzu jardunaldi hauetan?

Momentu asko eman dizkidate, emozio asko, eta, batez ere, jende aparta ezagutu dut. Hasieran ni baino gehiago zirela iruditzen zitzaidan, eta bat-batean garagardo bat hartzen ari nintzen haiekin, eta ez bat bakarrik, bi eta hiru garagardo ere hartu izan ditut, eta horietako askorekin harremana izaten jarraitzen dut. Inoiz ez nuen imajinatuko harreman hori izatea Amalurrera etorri diren pertsona guzti-guztiekin. Horrez gainera, nire ezagutza pertsonala ere garatzen lagundu didate jardunaldi hauek.

Zer moduz joan da aurtengo edizioa?

Oso ondo, aurkezpenean esan nuen oso jardunaldi gozagarriak izango zirela, eta izan dira. Oso eskertuta gaude, batez ere, publikoaren erantzunagatik, Topic ia egunero bete delako. Dena bikain atera da eta oso pozik gaude.

Biodibertsitateari buruzko beste lan asko egin dituzu, Irunen eta Tolosan, besteak beste. Zure ustez, garrantzitsua al da herritarrek beren herrian dutena ezagutzea eta baloratzea?

Biodibertsitatea askotan gai exotiko gisa hartu izan da, eta ez diogu behar duen garrantzia ematen. Informazio asko dago eta horrek ezagutza gutxitu egiten du. Hau da, informazio asko dago, baina ez daukagu ezagutzarik. Biodibertsitatearekin lotuta jakin genezakeen guztia azpimarratu beharko genuke, azkenean, inbertsio bat delako, bai epe laburrean, bai epe ertainean, eta baita epe luzean ere. Adibidez, biodibertsitate-maila desberdinak moztu ditugu eta pandemia bat izan dugu. Eta, azkenean, pandemiaren arrazoia zoonosi baten aurrean hesi babesle egiten gintuen biodibertsitatearen zati batekin bukatu dugula izan da. Hori egiaztatuta dago, eta azaldu egin da. Baina, nire ustez, jendea oraindik ez da ohartzen biodibertsitatearen botereak duen garrantziaz; izan ere, esan dudan bezala, natura sasoi onean dago, egoera onean, gu gizarte gisa ondo egoteko. Hori gakoa da.

 

«Informazio asko dago, baina ez daukagu ezagutzarik»



Interes falta dago, agian.

Jendeak interesa badu, baina nik faltan botatzen dudana ondo sakontzeko edo ulertzeko interesa da. Bizi dugun gizarteak ere ez digu kalitatezko denborarik uzten. Lehen, askoz konektatuago geunden naturarekin. Beraz, testuinguru horretan askoz errazagoa zen prozesua ulertzea, eta natura ondo kontserbatzeko behar hori ulertzea, zuzenean zuregana baitzihoan. Orain, askotan, giro artifizialetan bizi gara; gure etxean berogailua eta aire girotua dugu, eta kalean euria egiten duen bitartean, lantokian 20 graduan egon gaitezke. Gure arteko aurrez aurreko harremana gero eta txikiagoa da; hau da, gutxiago jarduten dugu gure artean. Lehen ez zen horrelako ezer gertatzen. Muturrera iritsita, esaterako, lehen gaixotasun bat harrapatzen zenuenean, hil egiten zinen, eta orain oso zaila da. Orduan, interesa badago, baina interes handiagoa egon behar da gehiago sakontzeko eta hobeto ezagutzeko.

 

«Naturak ez du inguruaz ulertzen, eta naturak esperientzia eta pazientzia behar ditu»



Zure ustez, zein izan da honen guztiaren eragilea? Teknologia, agian?

Berehalakotasuna. Hau da, naturak ez du inguruaz ulertzen, eta naturak esperientzia eta pazientzia behar du. Teknologia berriak guztiz kontrakoak dira. Tweet bat da, bi lerro dira, Whatsapp azkar bat eta gure gizartearen azkartasuna da. Igandeetan bakarrik mendira irteten garenean gertatzen da, ez dugulako denbora gehiago izaten, eta askotan gure burmuina garbitzeko joaten gara, ez gara gozatzera joaten. Berehalakotasun horrek kalte handia egin digu, ez bakarrik naturaren eta biodibertsitatearen berehalakotasunean, baita eremu pertsonalean ere. Ez dugu kalitatezko denborarik geure buruarentzat. Nik Ahotsak liburuan aipatzen dudan moduan, «geure burua aurkitzeko unea da, natura gehiago aurkitzeko unea».

«Berehalakotasun horrek kalte handia egin digu, ez bakarrik naturaren eta biodibertsitatearen berehalakotasunean, baita eremu pertsonalean ere»



Beraz, biodibertsitatea arriskuan dagoela esan liteke?

Bai. Are gehiago, seigarren desagertzearen barruan gaudela esaten da, eta nik hori babesten dut. Espezieak desagertzen ari dira, eta ezagutzen ez zen abiaduran.

Nola jaio zen 'Ahotsak'?

Elkarrizketen argitalpen bat jarri nahi nuen mahai gainean, oso formatu atsegina iruditzen zitzaidalako, eta biodibertsitatearen ikuspegitik jorratuta, garrantzitsuak diren pertsonekin jorratzeko oso interesgarria. Ia bitartekaririk gabe, proiektua esku artean izan nuenean zehaztu nuen betekizun bakarra elkarrizketak aurrez aurrekoak izan behar zirela izan zen. Ez nituen elkarrizketak pantaila bidez egin nahi, ezta posta elektroniko bidez ere. Beraz, behar zen lekura grabagailu batekin joango nintzela esan nuen, eta pertsona garrantzitsu horiekin elkartuko nintzela. Eta hala egin nuen. Grabagailua jarri eta elkarrizketak egin nituen. Hainbat esparruko jendearekin elkartu nintzen, tartean, kazetariak, zientzialariak eta kontserbazionistak daudelako, besteak beste.



Zer moduz joan zen?

Jende horren pedigria nahiko sakona izango zela ikusi nuen, oso eduki aberatsa duten elkarrizketak baitira, eta hori zen egin nahi nuena. Ekuadorren dagoen pertsona batena izan ezik, gainontzeko guztiak aurrez aurre eginda daude. Izan ere, elkarrizketan zehar haien sentimenduak ikustea ere gustatzen zait; hau da, egoteko moduan eta izateko moduan sortzen den sentimendua ikusi nahi nuen, liburuan adierazi ahal izateko nolabait. Gainera, biodibertsitatearekin loturarik ez duen pertsona baten testigantzak ere jaso ditut, Rosa Maria Calaf kazetariarenak, hain zuzen. Asko interesatzen zitzaidan bere ikuspuntua, kazetari gisa aparta iruditzen baitzait, number one. Orduan, biodibertsitatearekin lotutako gaiei buruz galdetu nahi nion oso bestelako ikuspegi batetik, non biodibertsitateaz hitz egitea guztiz berria zen berarentzat, eta horrelako pertsona batengandik jasotzen nuena zer zen jakin nahi nuen. Oso pertsona argia eta esperientzia handikoa dela ikusi dut, eta hori biodibertsitateaz ezer jakin gabe.

Zer helarazi dizu?

Berak esan zidan gauza bat gogan dut. Hau da, oraintxe bertan ez gaudela informatuta, entretenituta gaudela, alegia. Naturari eta ingurumenari buruzko albisteek gainezka egiten dutela, manipulazio-prozesu baten barruan gaudelako. Esaldi horrek arreta deitu zidan: «Ez gaude informatuta, entretenituta gaude». Eta egia da. Azkenean, konturatzen zara informazio zuzena dugula, baina entretenimendu handia. Oihartzun hori azkenean kaltegarria da, etengabe albisteak jasotzen ari garelako.

 

«Ez gaude informatuta, entretenituta gaude»



Zerk lotzen ditu liburuan agertzen diren pertsonaiak?

Biodibertsitatea. Calaf izan ezik, nahiz eta gaiari zukua ere atera zion.

Zer mezu eman nahi izan duzu liburu honekin?

Kontserbazioaren garrantzia eta biodibertsitatearen ezagutzaren garrantzia. Funtsezkoa da, batez ere, kontserbatzea. Urte gutxi igaro diren garai batean gaude, eta, beraz, biodibertsitatea kontserbatu behar dugu. Hori funtsezkoa da guretzat, planeta eta espezie gisa. Nire ustez, sakonki ezagutzeko gai gara, kontserbazioa izango da lehenengo deribatua. Baina une honetan ezin dugu ekoiztu, eta kontserbatu egin behar dugu; kontserbatu eta ulertu. Denbora amaitzen ari zaigu, Ahotsak liburuan askotan aipatzen da. Tipping pointak gainditzen ari gara.

Zein litzateke kontserbatzeko modurik onena?

Ezagutza. Hau da, gauza bat ezagutzen duzun unean, gustatu egiten zaizu, kontserbatu eta estimatu egiten duzu. Oso lineala da. Asko gustatzen zaidan ideia badago: «Zientziak asko behar du gutxi transmititzeko, eta arteak gutxi behar du asko transmititzeko». Gogoan dut Fernando Valladares zientzialariak lehen elkarrizketan aipatzen duela: «Ni biologoa, biologian doktorea, CSIC-ean zientzialaria, izen handiarekin, komatxo artean, saritua, zientziarekin ahalegin handia egiten dut eta oso gutxi lortzen dut, eta artea egiten duen jendeak gutxirekin bat-batean pila bat transmititzen du. Zergatik gertatzen da hori? Egiten duzuna gustatzen zaizulako, eta gustatzen bazaizu, azkenean kontserbatu egingo duzu». Hori oso paralelismo polita da. Orduan, ezagutzen baduzu eta gustatzen bazaizu, hori lortzeko borrokatuko duzu.

Lan honek publikoarekin konektatuko duela uste duzu?

Orain arte jaso ditudan erantzunak oso onak izan dira. Orain dela gutxi hasi naiz idazten, hasiberria naiz honetan, eta ez nuen uste hau jasoko nuenik. Jasotzen ari naizen inputak nahiko zirraragarriak dira, kasu batzuetan. Agian hori ere ustekabeagatik izango da, baina zentzu horretan oso pozik eta oso hunkituta nago.



Hori positiboa da aurrera egiteko. Zer proiektu gehiago duzu esku artean?

Amalur amaitu da, eta, hasiera batean, datorren urtera arte utziko dugu. Orain bi proiektu ditut martxan. Alde batetik, Txingudin ingurumena berrezartzeko eta ingurumenaren jarraipena egiteko martxan dugun proiektua, eta, bestetik, Tolosako biodibertsitate-gunea. Tolosako Udalak herritarren esku jarri du hamabostean behin bioaniztasunari buruzko gai bat proposatzea, eta horren inguruan hitz egitea. Horrekin lotuta hilean behin, gutxi gorabehera, landara irteera bat izango dugu. Irteera horretan, txori-kantuak, baso batek nola funtzionatzen duen eta halako gaiak azaldu eta jorratuko ditugu. Apirilaren 27an, izan genuen lehen ekitaldia, baina hemendik aurrera ere gehiago izango dira. Beraz, horiek dira oraintxe martxan ditudan eta betetzen nauten bi proiektuak. Baina tira, edozer gauza atera daiteke eta ni pozez zoratzen.

'Ahotsak' liburua oinarri hartuta, norbaiti eskertzeko tartea hartu nahiko zenuke?

Noski. Eskerrak eman nahi dizkiot, batez ere, Gipuzkoako Foru Aldundiari profesional hobea eta pertsona hobea izateko aukera eman didalako. Izan ere, lan hau erronka handia izan da niretzat, ni elkarrizketatuen parean jarri behar izan naizelako une askotan eta asko ikasi dut. Horregatik, lan honekin atera dudan ondorioa pertsona hobea eta profesional hobea bihurtu naizela da, eta, beraz, hori aldundiari eskertu behar diot eman didan aukera honengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!