Eskalada topaketa Oargin, rokodromo zaharra agurtzeko

Imanol Garcia Landa 2023ko api. 26a, 16:00

Eskalatzaile bat egungo Oargi mendi elkarteko rokodromoan. OARGI

Larunbatean egingo dute ekitaldia, eta goizez haurrak ariko dira parte hartzen, eta arratsaldez gazte eta helduak. Izen ematea doan da eta bertara azaldu besterik ez da egin behar.

Oargi mendi elkartea eta bertako rokodromoa eskalatzaileen topaleku bihurtuko da larunbatean egun osoz. Oargiko Eskalada Topaketa antolatu dute, egun dagoen rokodromoari agurra emateko asmoz. «Rokodromoak urte batzuk baditu, eta aprobetxatuz berritzeko asmoa dagoela, polita iruditu zaigu hainbat urtez egon den rokodromoari agur esatea egun osoko ekitaldia antolatuz», esan du David Artola Oargiko kideak. «Beste urteetan ere egin ditugu topaketak edota txapelketak, eta aurten berezia izango da, agur esango diogulako orain dagoen rokodromoari».

Goizez zein arratsaldez elkartuko dira bertan eskalatzaileak. 14 urtez beherakoentzako hitzordua goizeko hamarretan izango da. Adin horretatik gorakoak arratsaldeko lauretan elkartuko dira. Bi saioetan izen ematea doan izango da, eta Oargi mendi elkartera azaltzea besterik ez da egin behar. «Zehazki saio bakoitzak zenbat iraungo duen ez dakigu, etortzen direnen arabera izango da», esan du Artolak. «Hasieran azalpen bat emango dugu nola izango den topaketa, eta hortik aurrera egurra ematea tokatuko da». Parte hartu behar duenak beraien katu hankak eramatea komeni dela gaineratu du.

Festa moduko bat izatea nahi dute, eta musika izango da eta barra ere martxan egongo da. «Ez da txapelketa formatua izango, topaketa moduan egingo dugulako. Sari batzuk egongo dira, baina sinbolikoak izango dira», zehaztu du Artolak. «Asmoa da eskalatzaileen artean elkar ezagutzea eta egun eder bat pasatzea gustatzen zaiguna egiten».

Egungo rokodromoak hogei urte baino gehiago izango dituela azaldu du Artolak. «Gaur egun adin guztietako jendea gabiltza eskaladan Oargin. Beharra ikusi dugu berritu bat emateko rokodromoari, eta espero dugu horrek gerora jende berri gehiago erakarriko duela». Berritze lanekin ekaina aldera espero dute hastea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!