ELKARRIZKETA

«Gure historia da eta berriro ikustea oso aberasgarria da, tristea izan arren»

Leyre Carrasco 2023ko api. 26a, 07:59

Euskal Herriko gatazka politikoa oinarritzat duen argazki proiekzioa egingo du Ander Gillenea argazkilariak gaur, 19:00etan, Tolosako Kultur Etxean.

Gazteen ezjakintasuna asetzeko eta helduen memoria pizteko helburua du Ander Gillenea (Donostia, 1969) argazkilariaren azken lanak: Gure historiako pasarteak. Asmo horri tiraka, Euskal Herriko gatazka politikoa oinarritzat duen argazki proiekzioa sortu du, non 1990etik 2018ra egindako ehunka momentu ekarriko ditu gogora.

Zenbat irudi jaso dituzu?

300 irudi inguru jaso ditut. Gainera, uste baino material gehiago dut Tolosan. Izan ere, gure historiako pasarte guztiak herrietara egokitzen ditut, hau da, funtsean berdina da, baina kasu honetan, Tolosako gertakarien argazkiak erakutsiko ditut.

Zein pasarte ikusi ahalko ditugu Tolosan?

Batetik, Lasa eta Zabalaren gaiarekin lotutako material asko dut. Berria jakin zen unea, herrian egin ziren mobilizazioak, greba eguna, gorpuzkiak aireportura iritsi ziren egunekoak, baita hilerrira iritsi zirenekoak ere, omenaldiak eta abar. Bestetik, azken unean gogoratu naiz Esteban Esteban Nieto preso tolosarraren argazkiak ere baditudala.

Nahiko materiala duzu, beraz.

Gauza gehiago ere egongo dira seguru. Hasiera batean liburu bat egiteko asmoarekin hasi nintzen lanean, baina horretarako analogikoan gordeta ditudan argazki guztiak digitalera pasa behar ditut. Horrek lan handia, denbora asko eta diru asko behar du. Horregatik, proiekzio moduko bat egitea pentsatu nuen, gordeta nuen historia erakusteko.

Memoria ariketa bat da, ezta?

Erabateko memoria ariketa da. Gure herriaren historia grafikoaren zati bat da, eta horregatik izendatu dut Gure historiako pasarteak. Gatazkaren inguruan da, baina gatazka ez da nik erakusten dudana bakarrik, nahiz eta bere parte edo pasarte izan. Bizitu izan genuenok berrikusteko aukera izango dugu. Egia da gauza gehienak tristeak direla, hori ere esan beharra dago, baina gure historia da, eta hori berriro ikustea oso aberasgarria da.

Eskoletan ere aurkeztu izan duzu. Zer diote gazteek?

Gazteei erakusten diedanean beti galdera berdina egiten didate: «Hau hemen gertatu da?». Ez dute ezagutzen, eta erabat aberasgarria iruditzen zait hori. Argazkiak izanik, aukera ezin hobea da bizi izan genuenaren laburpen moduko bat ikusteko. Askoz gehiago pasa da, baina pasatako guzti hori nolabait laburbilduta jaso dut.

Nola bizi izan zenituen garai horiek?

20 urterekin hasi nintzen argazkilari lanetan, eta pozik, gustura eta topera bizi izan nituen. Herritar bezala, gauza triste asko zeuden tartean, baina gaia nahiko normalizatuta zegoen.

Egunerokoaren parte zen.

Gaur egun urrunago ikusten dugu hori, baina garai haietan politika alde batera utzita ere, hori bizitzea tokatzen zitzaizun. Kalean edozer gauza topatu al zenuen; manifestazio bat, istiluak edota atentatuak. Ohetik bonbak entzun izan ohi nituen, baina garai haietan erabat normalizatua zegoen hori guztia.

Argazki guzti horien artean baduzu faboritorik?

Lasa eta Zabalari senideek egin zioten omenaldi baten argazki xume bat dut gogoan. Prentsaurreko batean ateratako argazki sinple bat da, non bost edo sei pertsona ikusten diren. Ia denak behera begira agertzen dira, erdi negarrez eta begiak itxita. Gai tristea eta serioa dela ikusten da. Prentsaurreko xume baten inguruan ari naiz hitz egiten, ez hilobia edo hilerria azaltzen den argazki baten inguruan. Beraz, ez da bata bestea baino hobea. Oraingo begiradarekin argazki xume horrek asko esaten duela uste dut, eta argazki guztiek pizten dute halako sentimendu bat. Ez du zertan argazki ikusgarri bat izan behar, nahiz eta batzuk hala izan, akzioa baitago tartean.

Garai horiek bizi izan zutenen 'feedback'-a jaso duzu?

Bai eta gehienek hori ikusteko aukera eskertzen dutela esan dezaket. Tristea da, baina gure gaia da. 300 argazki asko dira, baina gauzak kronologikoki erakusten ditut. Adibidez, jarraian bost hil-kaperen berri ematea tokatu izan bazait, horrela suertatu zelako, bost hil-kapera horiek jarraian erakutsi ditut. Horren aurrean daukat arazoa, izan ere, batzuk testuinguruan jarri behar direla esaten didate. Hori landu egin behar dela uste dut, eta proiekzio hau hori lantzeko modu bisual bat da.

Hor objektiboak ez garela ikusten da, ezta?

Inor ez da objektiboa. Denok sentimenduak eta aurreiritziak ditugu, eta beti hor daude, nahiz eta horietaz kontziente ez izan. Sekretua zintzoa izatea da, ez objektiboa edo subjektiboa. Nik dagoena bere horretan erakusten dut; alde batean edo bestean dagoen tristura, adibidez, hori baita ikusi dudana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!