Haragik Zerkausiko Txuletaren Festa berreskuratuko du

Ataria 2023ko api. 24a, 20:00

Madrilen aurkeztu dute Tolosako Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko Topaketaren laugarren edizioa; aurten maiatzaren 18tik 21era izango da, eta lehen aldiz Euskadiko Hanburgesa Lehiaketa egingo dute Tolosan.

Eusko Jaurlaritzak, Tolosako Udalak, Basque Culinary Centerrek eta Eliker Kalitatezko Elikadura Zentroak bultzatutako topaketa bere jatorrira itzuliko da, Zerkausian Txuletaren Festa ospatuko baita berriro ere.

Hain zuzen, Txuletaren Festak emango dio amaiera lau eguneko ekitaldi sortari. Zerkausia berriz ere erretegi erraldoi bilakatuko da maiatzaren 21ean, igandea, eta bertan Tolosako erretegien menu tradizionala dastatu ahal izango da: txuleta plater nagusi gisa eta kalitate handiko tokiko produktu gehiagorekin lagunduta. Bazkari honetarako txartelak Haragi.eus webgunean erosi ahal izango dira, apirilaren 27tik (osteguna) aurrera. Egun horretan bertan, edizio honetako beste nobedade nagusietako bat ere ospatuko da: Euskadiko Hanburgesa Lehiaketa.

Haragi Fest jaialdia ere izango da. Asteburu osoan zehar, bertako eta nazioarteko parrilari profesionalen zuzeneko erakustaldiak, food truck-ak, txuletak dastatzeko aukera, kontzertuak eta parrilari buruzko ikastaroak izango dira, besteak beste. Laster argitaratuko dute jai herrikoi honen inguruko programazio guztia.

Aurtengo edizioko gonbidatuen izenak argitaratu dituzte jada, eta aipagarrienen artean dira Florencia Abella (argentinarra, Stockholmeko Eksdet jatetxeko sukaldeburua, Michelin izar batekin), Felicitas Pizarro (sukaldari eta sommelier argentinarra), Blanca Entrecanales (Toledoko Dehesa El Milagro etxaldekoa) edo Beatriz Pablos (abeltzain jasangarria Trujilloko Pablos jatetxean).

Sukaldari horiek Haragi Fest abiatuko duen kongresuan parte hartuko dute maiatzaren 18an, ostegunez. Gastronomiaren munduko profesionalentzako hitzordua da, eta honako ardatz hauek izango ditu: haragia, jatorria, teknika, jasangarritasuna eta animalien ongizatea. Tolosako anfitrioi eta parrilariak ere ez dira faltako, ezta euskal gastronomiaren ordezkari ugari ere, hala nola, Edorta Lamo, Jon Ayala, Juan Antonio Zaldua edo Txema Llamosas. Kongresuan parte hartzeko izen-emateak apirilaren 27an, osteguna, irekiko dira, 12:00etan, Haragi.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!