Elkarrizketa

«Badirudi gertatzen den edozerk apokalipsira garamatzala»

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 1a, 07:59

Maiatzaren 5ean estreinatuko du Jon Plazaolak Tu-Tum Platz umorezko bakarrizketa saioa, Tolosako Leidor aretoan, 20:00etan.

Oholtza gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan, berriz ere stand-up formatura itzuli da Jon Plazaola umoregilea. Tu-Tum Platz izeneko bakarrizketa umoretsua prestatu du, eta lehen parada Tolosako Leidorren izango du maiatzaren 5ean, Galtzaundi Euskara Taldeak antolatuta.

Zure sorlekura, zure sehaskara itzuliko zarela diozu lan honekin.

Horrelaxe hasi nintzen, stand-up formatuko umorezko bakarrizketak egiten. Berriz ere, denboraldi batez behintzat, bide horri ekitea erabaki dut. Nahiko efemeride txatxua da; izan ere, orain dela 23 urte hasi nintzen umorezko bakarrizketekin, baina, bira honek bi urte iraungo balu, agian, zilarrezko ezteiak ospatzeko festa egin genezake denok.

Mende laurdeneko festa egiteko pronto, beraz?

Hori da, ez baita gutxi. Gure lanean ohituta gaude beti aurrera egiten, baina, batzuetan geratu eta atzera begirada hori egin ezean, ez gara konturatzen ordura arte egindako ibilbideaz, eta egia esan, ia-ia 25 urte profesional betetzekotan gauden honetan, uste dut polita dela gelditzea eta ospatzea. Horretarako, lehenengo, beste bi urtez behintzat lana gogotik egin beharko dut.



Ikuskizun berrian zertaz ariko zara?

Ez naiz oso originala izango, baina jendeak entzun beharreko mezu bat botatzen amaituko dut saioa. Iruditzen zait gizartea ezkortasun batean sartu dela, eta badirudi gertatzen den edozerk apokalipsira garamatzala eta mundua bukatzear dagoela, pandemiak direla, suteak, gerrak... eta baikortasunaren aldeko manifestu bat egitea gustatuko litzaidake. Horrelako emanaldietan egiten den bezala, bai pertsona, gizakia bera dudan jarriz, gure miseria handienak eta barregarrienak kaleratuz, denok barre egin dezagun. Ia-ia terapia bat balitz bezala, barre egitea inoiz baino beharrezkoagoa dela ere aldarrikatu nahi dut; barrea ez da bizirauteko zerbait, bizitzeko zerbait baizik, eta komedia bera ere bizitzaren aurrean hartzen den jarrera bat da. Guk aukeratu dezakegu gure bizitza, bakarra dena, nola bizi eta geroz eta hobe bizi, hobe denontzat. Horrek ez du esan nahi, denbora guztian honetaz ariko naizenik, baizik eta hor egongo den hari bat izango da; beste mila adibide eta gai ukituz, baikortasuna eta barre egite hori aldarrikatuko dut.

 

«Barrea ez da bizirauteko zerbait, bizitzeko zerbait baizik; komedia ere jarrera bat da»



Ordubetean bakarrik hizketan aritzeak, askorako ematen du?

Bai, eta batez ere konturatzen zara ordubetea zein luzea den, zuriz dagoen paper horren aurrean jartzen zarenean. Gero, batzuetan, oholtza gainean, eta askotan, ikusleek lagunduta, motz geratzen zaizu.

23 urte pasa dira lehen emanaldi hartatik. Orain, zaharrago, jakintsuago eta kabroiago omen zatoz.

Lanaren sinopsia idazteko eskatu zidatenean, pentsatu nuen ea zahartzaroak zer dakarren. Alde batetik, jakinduria dakar, baina geroz eta kabroiagoa izatea ere badakarrela uste dut, edo geroz eta tolerantzia gutxiago izatea funtsik ez duenarekin; geroz eta denbora gutxiago daukagu eta harira joan nahi izaten dugu, eta batzuetan, ez dugu gauza handirik toleratzen eta pixka bat kabroiago egiten gaitu horrek. Denbora pasa ahala, gustatuko litzaidake pentsatzea ibilbide honetan zerbait ikasi dudala, eta orain dela 23 urte baino jakintsuagoa naizela honetan behintzat, zeren, askotan ezer ez dakidala pentsatzea ere gustatzen zait. Horrek ikuspuntu polit bat ematen dit gauzak egiterakoan; irteerako marran egongo banintz bezala da. Baina, beste alde batetik, oholtzan geroz eta ohituago nagoela nabaritzen dut, eta gustatuko litzaidake aldaketa hori nik neuk nabaritzea eta publikoak ere notatzea.

Orain dakizun guztia jakinda, nola gogoratzen duzu lehen agerraldi hura?

Nik gauza bat daukat: ez dakit ezetz esaten. Horrelaxe igo nintzen Fox tabernako oholtza gainera. Unibertsitate garaian dirutxo bat lortzeko asteburuetan lan egin nuen Urretxuko taberna zen Fox. Bertan bizi zen iparrirlandar batek stand-up munduan eskarmentua zuen eta eskatu zidan ea berarekin emanaldi bat egingo ote nuen tabernan. «Baita zera ere», pentsatu nuen neure artean; txisteak kontatzen gustura aritzen nintzen, baina halako bakarrizketa baterako ez nintzen gai ikusten. Ez dakidanez ezetz esaten, baietz esan nion, eta horixe izan zen nire lehen emanaldia. Onena da ez esaten ez jakite horrek eraman ninduela hurrengo astean Zaldibarko gaztetxera. Eta hor hasi zen inoiz bukaerarik izan ez duen bira bat, behintzat, 23 urtez iraun duena.

Telebistan edota antzerkian ere bazabiltza, baina, 'stand-up' formatura zatoz bueltan.

Banuen gogoa berriro ere sentsazio hori bizitzeko. Batez ere antzerkian oso-oso gustura nabil eta asko ari naiz disfrutatzen. Irabazi bakarrizketa ere egin dut, baina, antzezlanetik gehiago dauka orain egingo dudan stand-up komedia formatu honetatik baino. Stand-up generoan zeure iritzia jartzen duzu, eta mikrofonotik gai baten inguruan daukazun iritzia ematen duzu; antzezlanetan ere bai, baina kasu honetan oso modu zuzenean iristen zaio publikoari, eta publikoak gustuko du, gauzak zuzen eta identifikagarri jasotzen dituelako.

Jonen gorputzetik ariko zara, zeuretik?

Bai, hori da, eta hor ez daukazu beste pertsonaia baten azalik. Zeure azal propioa daukazu, zeuk esaten duzuna zeure ahotik eta zeure burutik ateratakoa da, eta zeu zara esaten duzunaren arduradun nagusia. Gaur egun, ez da oso erraza hori egitea; azala asko findu zaigu komediaren gaiarekin eta moda arriskutsu bat bihurtu da komedia erasotzea, kuestionatzea eta kritikatzea, eta edozer gauzarekin minduarena egitea. Ez dut sinisten esaten diren gauza guztiek jendea mintzen dutenik; egia da komedia orok mintzen duela nolabait norbait, zeren, azken finean, horretarako egiten da: errealitate bat plazaratzen dugu, distortsionatua, forma erakargarri bat emanda, jendeak erreakzio bat izan dezan. Komedia hori den momentutik, baten bat aterako da agian pixka bat minduta. Baina, azken aldian, zerbait orokorra izan da, eta denok egin beharko genuke hausnarketa bat, pentsatuz, komedia ote den gure frustrazio, beldur eta ezinak garaitzeko jo nahi dugun diana.

Norbere buruaz barre egitea ere beharrezkoa dela esan ohi da.

Niri ariketa oso sanoa iruditzen zait. Askotan, geuk ere ia-ia terapia bat bezala erabiltzen dugu stand-up komedia; geure burua barregarri utzi dezakegu, geure buruaz karikatura bat egin dezakegu, gu garena distortsionatu dezakegu, eta gainera, publikoarengandik barrea jasotzen dugu; badauka ariketa masokistatik pixka bat ere, baina, niri behintzat, pertsonalki, oso ondo etortzen zait hori egitea. Ikusle bezala, oholtza gainean dagoen horrek bere buruari barre egiten diola ikusita, ziurrenik pentsatuko duzu zuk zeureari ere egin diezaiokezula era oso sano eta eraikitzaile batean. Doan egitea baino, zerbaitetarako egitea, alegia.



Zuk zeuk prestatutako testua du lan berriak?

Bai, beti egin izan dudan gauza bat da. Nahiz eta umoregile erreferente asko izan, testua behintzat norberarena izatea garrantzitsua iruditzen zait. Azkenean, bakoitzak bere iritzia ematen duela esan dugu, eta norberaren testuarekin baino hobeto ez dakit nola eman genezakeen gure ikuspegia. Era berean, ez naiz inoiz ibili beste batzuen testuak egiten edota moldatzen.

Gomendioak edo eskatu dituzu?

Bai, hori bai. Zenbaiten aurrean bota ditut lerrotxo batzuk eta epaitu dut, beraien erreakzioen arabera, zer doan barrura eta zer gelditu daitekeen kanpoan.

Hori ere ez da lanik errazena izango. Zer sartu eta zer utzi kanpoan?

Gauzarik zailenetako bat da. Norbera bere testuarekin kutsatu egiten da, behin eta berriz irakurri eta errepikatzen duzu, eta puntu bat iristen da, non iruditzen zaizun ezerk ez duela graziarik egiten, porrot izugarri bat izango dela; baina, gertukoren bat hartzen baduzu, eta haren aurrean lerro batzuk botata barre batzuk entzuten badituzu, arnasa hartzen duzu eta beste segurtasun batekin zoaz estreinaldira. Ez gehiegirekin, baina pixka bat gehiagorekin bai.

Maiatzaren 5ean izango duzu estreinaldia. Nola bizitzen dituzu lehen aldiak?

Oso bereziak dira. Urduritasun plus bat egoten da, baina urduritasun hori beti mantendu beharreko zerbait da; hori joaten den egunean, hau dena utzi egingo dudala esaten dut, esan nahiko duelako normalizatu egin dudala kontua, eta hau niretzat ez da batere normala; nire pasioa da eta pasioa ez da iturritik ura edatea bezain normala. Bihotza, burua, gorputza, dena jartzen dugu, eta estreinaldiak benetan oso modu berezian bizi ditut. Batzuetan, deseatzen egoten gara hamargarren, hamaikagarren emanaldi bat egiteko, badirudielako zu zabiltzan zaldi hori heziago dagoela lehen aldiz zaldi horretan esertzen zarenean baino, baina, estreinaldiek badaukate hortik zerbait. Askotan nire ingurukoek, familiak eta gertuko lagunek, okerrago pasatzen dute estreinaldietan nik neuk baino; haiek bai egoten direla benetan urduri.

Eta zergatik Tolosan?

Hortik etorri zaidalako proposamena. Galtzaundiko lagunek gonbidatu naute, Bidean produkzioetako Julen Caminosen bitartez. Estreinaldirako plaza ezin hobe bat eman didate. Leidorren izandakoa naiz, eta iruditzen zait sekulako tokia dela. Tolosa oso toki aproposa da, eta, gainera, euskara talde batetik gonbidapena jasota, euskaraz bakarrizketa bat egiteko plaza aproposa da.

Umorea unibertsala da, baina ez zarete gehiegi euskaraz bakarrizketak egiten dituzuenak.

Nik bietatik egin ditut. Euskaraz hasi nintzen, baina gazteleraz ere asko egin ditut. Stand-up formatura bueltatu naizen bezala, beste pentsaera batekin nator 23 urteren ondoren. Sustraietara jo nahi izan dut zentzu guztietan: iruditzen zait euskara dela gure diferentziala, ia-ia edozer egiterako orduan; stund-up bakarrizketak gazteleraz egiten dituztenak pila bat daude. Euskaraz ez gara hainbeste, baina badago kuadrilla bat; ni hasi nintzenean gutxiago ginen. Barre Librea saioan aritu ginenean casting moduko bat egin genuen, Aitziber Garmendiak, Kepa Errastik, Getari Etxegarai eta laurok, eta hortik jende asko atera zen, eta gerora ere ikusi ditut batzuen izenak stand-up komediako karteletan, eta hori oso pozgarria da guretzat. Gure mugen barruan bakarrizketak euskaraz egin nahiko nituzke. Eta gure mugen barruan gazteleraz egiten baditut, izan dadila bigarren buelta batean ari naizelako, ez nukeelako inor kanpoan utzi nahi, ez zaidalako justua iruditzen, baina, indar asko jarri behar dugu euskararen alde eginez.

Ea Leidor betetzeko moduan zaren.

Leidorrera hurbiltzeko dudatan dagoen jendeari esan nahiko nioke, identifikatuak sentituko direla jasoko duten mezuarekin, egongo dela denbora nostalgiarako, nostalgia sentitzea edo entzutea denoi gustatzen zaigulako. Egia esan helburua Leidorretik denok barre ondo eginda eta bizitzeko gogoarekin eta baikortasunarekin ateratzea da. Terapia polita iruditzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!