Amaiera eman diote Damaiturriko auzolanaren proiektuari

Ataria 2023ko api. 24a, 16:00

Antxon Bandres Bidaiariaren Txokoa, Tolomendi Landa Garapenerako Elkartea, Zumardia Elkartea eta Tolosako Udaleko Auzolandegien eskutik, atzo egin zuten amaiera ekitaldia, ibilaldi batekin; 15 lagun inguru elkartu ziren.

Urtebete inguru aritu dira auzolanean aipaturiko talde horiek bertan. Atzo, azken eguna, ibilaldia egin zuten Tolosatik abiatuta. Geziak eta seinaleak jarri zituzten bidean, San Esteban auzotik bertara nola iritsi markatzeko; Damaiturrin bertan azken ukituak eman zizkioten eremuari, eta hamaiketako eder batekin amaitu zuten. «Hasieran euri pixka bat egin zuen, baina gero eguraldia egonkortu eta goiz ederra pasa genuen», adierazi dute antolatzaileek. «Aurrerantzean ere, denon artean jarraitu beharko dugu auzolanean tokiaren mantentze-lanetan», gaineratu dute.

Bestalde, Iker Iriarte eta Pablo Dendaluze auzolanari buruzko dokumental bat grabatzen ari dira Tolomendiren laguntzarekin, eta uztailaren hasiera alderako espero dute prest izatea. Atzoko eguna aprobetxatu zuten dokumentalerako azken irudi batzuk hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!