San Esteban elkarteak prestatu du txuleta goxoena

Ataria 2023ko apirilaren 22a

Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko parrilla lehiaketa egin dute goizean Berazubiko VI. Gastronomika Jardunaldien barruan.

Iritsi dira Berazubi auzo elkarteak antolatutako IV. Gastronomika Jardunaldien egun nagusiak. Gaur goizean Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko parrila lehiaketa egin dute. Carnicas Goyako txuletak erabili dituzte partaideek, eta eguerdian egin dute sari banaketa. Bederatzi elkartek hartu dute parte eta San Esteban elkartekoek prestatutako txuleta izan da irabazlea. Atzetik sailkatu dira Iurre eta Aitz-Orratz elkarteak.

Bitartean, 12 urte arteko umeek pizza lehiaketan hartu dute parte eta goiza girotzeko food truck-ak egon dira Berazubin. Kaña-bi Trikifarra ere aritu da kalez kale IV. Gastronomika Jardunaldien barruan.

Arratsaldean izango dira ekitaldi gehiago. Bonba jaleen apustuarekin batera, IV. Postre Lehiaketa antolatu dute auzo elkarteko kideek. Rafa Gorrotxategi, Raquel Ibañez, Nieves Soroa, Javier Eceiza eta Juan Migel Sorarrain izango dira epaimahaiko kideak. Sariei dagokienez, lehen sailkatuak, txapela eta Gorrotxategi gozotegirako 40 euroko erosketa txartela eskuratuko ditu; bigarrenak, garaikurra eta Saizar gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; hirugarrenak, Eceiza Gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; eta laugarrenak, Gozona-Ibañez gozotegirako 40 euroko erosketa txartela.

Hauek dira gaur-biharretan, IV. Gastronomika Jardunaldietarako antolatu duten egitaraua:

  • Apirilak 22, larunbata
    • 17:00. Bonba jaleen txapelketa.
    • 19:00. Food truck.
    • 19:00. IV. Postre Lehiaketa.
    • 19:00. Txokolate dastaketa Rafa Gorrotxategiren eskutik.
    • 19:00. Bocabeats Comedia.
    • 22:00. DJ Meyd.
  • Apirilak 23, igandea
    • 11:00. Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko III. Bakailao Lehiaketa.
    • 11:30. Food truck.
    • 14:30. IV. Gastronomikaren Amaiera Bazkaria. Menua: Iberiar urdaiazpiko festa (Juanma Zaldua), porru erreak (Javi Rivero eta Gorka Rico), txangurrua, lepapea eta ogia (Ander Rodriguez), legatza, zainzuri emultsioa eta karabinero zukua (Jose Ignacio Ferreras eta Mikel Moreno), pasio fruta (Txemari Esteban), Joselito mogote iberiarra txingarretan erretako kalabazarekin (Marcos Lucena), postrea (Rafa Gorrotxategi) eta kafea (Zabala kafeak). Txartelak salgai Berazubi Auzo Elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!