Tolosako judokek sei domina irabazi dituzte Euskadiko Txapelketan

Ataria 2023ko api. 21a, 20:00

Joar Olanok eta Inhar Leundak urrezko domina irabazi zuten, eta horri esker, Espainiako Txapelketan lehiatzeko eskubidea lortu dute. Hodei Jauregik eta Ion Mateok zilarrezko domina bana lortu zuten; Alex Echartek eta Unai Arcelusek, berriz, brontzezko domina bana.

Judo Klub Tolosa taldeko infantil eta kadete mailako hamar judokek, Gipuzkoako Txapelketan emaitza onak lortu ondoren, Euskadiko Txapelketa jokatu berri dute. Bertan, txapelketa irabazi eta, horrela, apirilaren 28an eta 29an jokatuko den Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkatzea zen judoken helburua, kategoria hauetan lehen postuak bakarrik ziurtatzen duelako sailkapena.

Kadete mailan bi txapeldun izan ziren. Ioar Olanok (-50 kiloko kategorian) eta Inhar Leundak (-55 kiloko kategorian), urrezko domina bana irabazi zuten. «Oso lehiakorrak izan ziren, ez zuten akatsik egin, eta banan bana euren aurkariak garaitzen joan ziren», esan dute taldeko entrenatzaileek. Euskadiko txapeldun izateari esker, hurrengo asteburuko Espainiako Txapelketan lehiatzeko eskubidea lortu dute.

Kadeteekin jarraituz, -63 kiloko kategorian, Estitxu Labaka bosgarren izan zen. «Pixkanaka konfiantza hartzen doala erakutsi zuen eta bere taldekide guztientzako eredu bihurtzen ari da esfortzuarekin eta lanarekin gauzak ateratzen direla erakutsiz. Pisuari dagokionez limitea baino dezente azpitik bazegoen ere Estitxuk oso lan serioa burutu zuen», adierazi dute ordezkariek.

-66 kiloko kategoria gogorrean, Nestor Guibelaldek kanporaketa zailak izan zituen, eta lau borroka gogorren ostean, kanporatua izan zen; azkenean, zazpigarren postuan sailkatu zen. «Judoka asko ziren kategoria honetan domina lortu zezaketenak, eta beraz, oso zaila izan zen berarentzat», azaldu dute entrenatzaileek.

-90 kiloko kategorian, Hodei Jauregik ere zilarrezko domina lortu zuen, hiru borroka jokatu ostean.

+90 kiloko kategorian, Ion Mateok zilarrezko domina lortu zuen bi borroken ostean.

Bestetik, infantil mailan, -48 kiloko kategorian, Mara Olanok ez zuen egun ona izan. «Nahiz eta beti erakusten duen lehiakortasuna azaldu, ez zen nahikoa izan podiumeko postuetan egoteko», adierazi dute taldeko ordezkariek.

Maila berean, baina -46 kiloko kategorian, Amin Lithik eta Alex Echartek, brontzezko domina lortzeko borrokara heldu ziren, bakoitza ligako alde desberdinean. Lithik ezin izan zuen domina eskuratu, baina Echartek brontzezko domina ekarri zuen etxera.

-50 kiloko kategorian, Unai Arcelus faboritoen artean zegoen baina ez zuen txapelketa ondo hasi. Lehen borrokan ezin izan zuen aurkaria garaitu, eta azkenean urrezko puntuan borroka galdu zuen eta horrekin finalera iristeko aukerak galdu zituen. «Espero gabeko borroka hau eta gero, eta minutu batzuetako haserrealdiaren ondoren, jarraian etorri ziren borrokak kontzentrazio osoz borrokatu zituen, eta azkenean brontzezko domina eskuratzera iritsi zen», azaldu dute entrenatzaileek.

Klubetik kirolari guztiak zoriondu dituzte, eta zorterik onena opa die Espainiako Txapelketarako sailkapena lortu duten judokei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!