Open Tolosa 2023 hondartza-boleiboleko euskal zirkuituko txapelketa jokatuko dute Tolosan

Ataria 2023ko api. 20a, 16:00

Apirilaren 29an izango da, Ferialekuan, eta puntuagarria izango da hondartza-boleiboleko ranking nazionalerako. Oraindik zabalik dago izen-emate epea, apirilaren 24ra bitarte.

Euskal Boleibol Federazioak, Gipuzkoako Boleibol Federazioak eta Tolobolei klubak antolatuta, Open Tolosa 2023 hondartza-boleiboleko txapelketa jokatuko dute Tolosako Ferialekuan, apirilaren 29an; 2x2 modalitatean jokatuko dute, senior emakumezkoen eta senior gizonezkoen mailatan. Espainiako Boleibol Federazioak homologatutako txapelketa izango denez, puntuagarria izango da hondartza-boleiboleko ranking nazionalerako. Sariei dagokienez, lehen hiru sailkatuek ordainsaria izango dute: bikote txapeldunak 120 euro eskuratuko ditu, txapeldunordeak 60 euro eta hirugarren sailkatzen denak 30 euro.

Jada zabalik dago izena emateko aukera, eta apirilaren 24ko (astelehena) 21:00etan amaituko da epea. Izen-ematea egiteko galdetegi hau bete behar da. Behar bezala eta epean egiten ez duen taldea itxarote-zerrendan jarriko da, eskaeraren data eta orduaren arabera ordenatuta. Onartutako taldeen zerrenda apirilaren 25ean argitaratuko dute, eta apirilaren 26an egin beharko da ordainketa.

Onartutako taldeen zerrenda argitaratu ondoren, dagokion izen-emate kuota banku-transferentzia bidez ordaindu eta egiaztagiria tolobolei@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da. Behar bezala eta epean egiten ez bada eta itxarote-zerrendan taldeak egonez gero, plaza galduko da azken hauen alde. Koadro nagusiko bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu izena emateagatik, eta trukean kamiseta emango diete. LABORAL KUTXA ES31 3035 0141 8514 1003 2638 kontu korrontean egin behar da ordainketa, eta ondorengo mezua idatzi behar da kontzeptuan: inskripzioa + bikoteko jokalari bakoitzaren lehen abizena.

Koadro nagusian gutxienez 8 talde eta gehienez 12 izango dira. Horietatik lehen 6 plazak ranking nazionalean puntu gehiago dituzten taldeentzako izango dira; azken 6 plazak, berriz, euskal lizentzia duten taldeentzat gordeko dituzte. Plaza hauek euskal taldeekin osatzen ez badira, bestelako taldeekin bete ahal izango dituzte. Puntuazio berdina duten taldeen artean ranking handiagoa emango zaio izena emateko eskaera aurretik bidaltzen duen taldeari. Sailkapen koadrotik hasita koadro nagusira sailkatutako taldeek puntuazio berdina edukiz gero, sailkapen txapelketan eskuratutako posizioa kontuan hartzen da haien arteko rankinga ezartzeko. Izena emateko epea ixten denean, argitaratuta dagoen ranking-a erabiltzen da taldeen puntuazioa definitzeko.

Talde kopurua ezagutu ondoren zehaztu eta adierazitako epeetan argitaratuko da. Aurreikusten dituzten aukera nagusiak hauek dira:

  • Lehen fasea: multzoetan banatuta, bakoitza 3 edo 4 taldez osatuta. Bigarren fasea: kanporaketa zuzena edo bikoitza.
  • Partidak 21 puntuko set batera, finalerdiak eta finala 3 seteko onena izan daitezkeelarik.
  • Talde bakoitzak gutxienez 3 set eta gehienez 9 jokatuko ditu.

Txapelketaren eta izen-ematearen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, tolobolei@gmail.com helbidera mezua idatzi behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!