Lore eta landare berriak landatu dituzte Tolosan

Ataria 2023ko apirilaren 20a

Herrikide ikastetxeko 60 ikasle inguruk, Goroldi enpresako adituen laguntzarekin, haziak landatu zituzten, atzo, Zuhaitzaren Egunean, Tolosako Belate auzoko 80 zuhaitzetako txorkoetan.

Atzo, apirilak 19, Zuhaitzaren Eguna ospatu zen eta horren harira, urtero legez, zuhaitz landaketa antolatu zuen Tolosako Udalak, Ingurumen Zentroarekin elkarlanean eta herriko ikastetxeen laguntzarekin.

Aurtengo landaketa Herrikide ikastetxeko 5. mailako ikasleekin egin da. Guztira 60 lagun inguru elkartu ziren, irakasleez lagunduta, eta Goroldi enpresako adituen gidaritzapean, Belate auzoko 80 zuhaitzen txorkoetan landare bizidunen eta urteko landareen haziak landatu dituzte, txorko biziak lortuz. «Zuhaitzen txorkoak sarritan zaborrontzi modura edota zigarrokinak botatzeko erabiltzen dira eta landaketa honekin, biziz eta kolorez beteko dira eta zuhaitzentzako mesedegarriak diren intsektuak erakarriko dituzte. Gainera, lorategi txiki hauekin, korridore berdeak sortuko dira, herriko biodibertsitatea areagotuz», adierazi dute udaletik.

Era berean, landaketak helburu du herritarrak oro har eta ikasleak bereziki kontzientziatzea eta sentsibilizatzea, gazteengan biodibertsitatearen aldeko ekintzak sustatuz eta zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatuz. Landaketak, gainera, bat egiten du ikastetxeetan lantzen den Eskola Agenda 2030 ingurumen hezkuntza programarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!