Euskal mendizaletasunaren historia biltzen duen erakusketa bisitatzeko aukera, Tolosan

Ataria 2023ko api. 20a, 11:57

Emmoa Fundazioak prestatuta, 22 panelez osatutako 'Mendian Gora' erakusketa ikusgai egongo da, bihartik maiatzaren 20ra bitarte, Aranburu Jauregian.

Bihartik maiatzaren 20ra bitarte ikusgai izango da Aranburu Jauregian Emmoa Fundazioak (Euskal Mendizaletasunaren Museoak) prestatutako erakusketa berria. Mendian Gora izenpean, erakusketak euskal mendizaletasunaren historiako mugarri garrantzitsuenak jasotzen ditu, 22 paneletan banatuta, bi metroko altuera eta metro bateko zabalerakoa bakoitza. Horien bitartez, erakusketak mendizaletasunaren historia jasotzen du, XX. mende hasierako sorreratik gaur egunera arte, guztia kronologikoki antolatuta, euskarazko zein gaztelaniazko azalpenekin eta argazkiz lagunduta.

Panel horietan irudikatzen dira, besteak beste, XIX. Mendearen erdialdean euskaldunek mendi handietan egindako saiakeren lehen albisteak, mendizaletasunaren lehen urratsak, gerra osteko mendizaletasunaren berpiztea, Europako mendiak eta Pirinioak, Alpeak eta Andeak.

Emmoa 2013an sortu zen Gasteizen euskal mendizaletasunaren museoaren sorrera sustatzeko eta mendizaletasunaren balioak gizarteratu eta ezagutzera emateko helburuarekin. «Euskal mendizaletasunaren historiak betea du jada mendea, eta zaletasun hori bideratu zuten lehenengo belaunaldiak, bizi-legez, pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan dira, baita beren jardueren nortasun zein ezaugarri izan ziren tresnak ere», adierazi dute fundazioko kideek.

Hori horrela, ondare horrek desagertzeko zuen arriskuaz jabetuta, mendizale-kolektibo batek, Euskal Mendizale Federazioaren eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen bermearekin, EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioaren sorrera sustatu zuen, euskal mendizaletasunaren historiarekin zer ikusia duen ondarea babesteko eta, aldi berean, gizarteratzeko eta ezagutzera emateko, urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!