Tolosan, N-1 errepideko errei bat eta Usabalgo sarrera itxiko dituzte asteburuan

Ataria 2023ko apirilaren 19a

Pantaila akustikoak jartzeko lanak egin ahal izateko, ostiral gauetik igande gauera arte etengo da zirkulazioa, Gasteizerako noranzkoan.

N-I errepidean, Tolosa parean, pantaila akustikoak jartzeko proiektuko obrak direla eta, asteburu honetan Gasteizerako noranzkoan zirkulazioari eragingo dioten lanak egitea aurreikusten dute herriaren hegoaldean, zehazki, 434,290 eta 435,002 k.p. artean. Lanak apirilaren 21eko (ostirala) 22:00etatik apirilaren 23ko (igandea) 22:00ak arte luzatuko dira, eta bitarte horretan Gasteizerako noranzkoan eskuineko erreia moztuta egongo da.

Jarduketak N-I-434 lotuneari (Usabal) eragingo dio, eta itxi egingo dira N-I errepidearen irteera eta sarbidea Gasteizerako noranzkoan. N-I errepiderako sarbideek eta irteerek, Donostiarako noranzkoan, ez dute eraginik izango.

Lanek irauten duten bitartean, Tolosa hegoalderako irteera eta N-Ierako sarrera, Gasteizerako noranzkoan, N-I-433 lotunetik (Arzabaltza industriagunetik, Bentaundi auzotik) egingo dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!