ERREPORTAJEA

Familia ospakizun garraztua

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 21a, 07:59

Tentazioa antzerki konpainiak Ez naiz Dublinen inoiz egon antzerki obra taularatuko du gaur, 20:00etan, Leidor aretoan; Mireia Gabilondok zuzendu du obra eta aktore bezala ere aritzen da bertan.

Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londrestik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Denak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezin bat izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute. Gau zoro honetan zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu, hemen ez baita inor libratzen. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko dugu; bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila.

Hori da, hitz gutxitan, Ez naiz Dublinen inoiz egon antzezlanaren sinopsia. Mireia Gabilondo (Bergara, 1965) obraren zuzendari eta aktoreak komedia «garratz» bezala definitu du lana: «Gauza serioez hitz egiteko aukera ematen duten komediak dira interesgarrienak». Familia baten gorabeherak azaltzen ditu antzerki lanak eta Gabilondoren esanetan gutxi-asko publikoa identifikatuta senti daiteke bertan gertatzen denarekin. «Bestea nolakoa den onartzea. Hori da jorratzen dugun gaietako bat. Askotan kosta egiten zaigu alboan duguna den bezalakoa onartzen eta hura geure gustura makurtzen saiatzen gara».



Beste hainbat gai ere aipatzen dituzte obra honetan, adibidez, homosexualitatea. Antzerki lanaren zuzendariaren ustez, zenbait familiari egoera hori onartzea kosta egiten zaie eta errealitate horri ere keinu bat egin nahi izan diote obran. «Azken batean, norberaren ilusioa errespetatzeko deia egiten dugu antzezlanean; norberak bizitza ikusten duen bezala bizitzeko gonbita da lan hau».

Markos Goikoleak idatzitako obra da Ez naiz Dublinen inoiz egon. Antzerkigintza Berriak programaren bidez hasi zen Goikolea obra eszeniko honen gidoia lantzen. Bost hilabeteko epea izan zuen testua garatzeko, eta arte eszenikoetako profesionalen gidaritzapean egin zuen lan. Azkenean ez zuten bere obra hautatu programarako, baina prozesuaren parte izan zen Gabilondok Tentazioa konpainiaren bidez taularatzeko eskaintza egin zion Goikoleari. «Hasieratik egin zitzaidan erakargarria eta antzokiz antzoki eskaintzeko aproposa», esan du antzerkigile bergararrak. Iazko udazkena baliatu zuten testua prestatzeko eta egokitzeko. «Soberan zeudenak kendu, behar zirenak erantsi eta buelta pare bat eman genizkion testuari. Testua harago eraman nahi izan genuen eta obra taularatu bitarte prozesua gertutik jarraitu du Markosek. Oso polita izan da».

Ondoren etorri ziren entseguak. «Prozesuaren parterik politena da hori, orduan hasten baitzara gauzak ulertzen eta obra nondik nora doan ikusten. Buruan daukazun hori gorpuztu egiten da», dio Gabilondok.

 

Mireia Gabilondo: «Erritmoa eta protagonisten arteko harremanak noraino joaten diren ikusita, obra pixkana estutzen joango da»



Lehen aldia izan du obra batean zuzendari eta aktore lanak aldi berean egiten dituela eta gustura dago emaitzarekin: «Nahikoa argi ikusten nuen nondik joan behar zuen antzezlanak. Estiloa, tonua, erritmoa... hori guztia buruan neukan eta ausartu egin nintzen. Aspaldi komedia egin gabea nintzen eta banuen gogoa aktore bezala aritzeko ere». Sara Cozar izan du zuzendari laguntzaile eta haren kanpo begirada lagungarria egin zaio Gabilondori. «Entseguetan, noizean behin, nire papera berak egiten zuen eta modu horretara kanpotik ikusi nezakeen nire pertsonaia. Barrutik ere jardun dut, eszena egin ahala nire burua zuzenduz eta zuzendari begirada beste aktoreengan jarriz. Nahikoa natural joan da dena. Aktoreek erraz jarri didate zuzendari lana».

 

Mireia Gabilondo: «Nahikoa argi ikusten nuen nondik joan behar zuen antzezlanak. Estiloa, tonua, erritmoa... buruan neuzkan»



Taula gainean 4+1

Gabilondok jokatzen du amaren papera antzerki lanean; aitarena berriz, Iñigo Aranburuk; eta seme-alabak Iñigo Azpitarte eta Aitziber Garmendia dira. Zuzendariak aurretik ezagunak zituen aktore guztiak: «Aitziber bera behin baino gehiagotan zuzendu dut eta aktore bezala ere egin dut lan berekin, telebistan batez ere. Azpitarterekin, Sisiforen paperak obran aritu nintzen eta banuen berekin errepikatzeko gogoa. Eta nahiz eta Aranbururekin behin ere jardun ez, ezaguna nuen bere lana eta aproposa iruditzen zitzaidan aitaren papererako». Gabilondoren esanetan, oso aktore «handiak» dira hiruak eta gustukoa du haiekin lan egitea. Bosgarren lagun bat ere ageri da antzezlanean, Cindy, Elena alabak afarira dakarren ustezko neska-laguna. Ikusezina izan arren presente egongo da obra osoan zehar.



Giro ona izan dute entseguetan eta «oso ondo» pasa dutela aipatu du Gabilondok. Obra entseatzen jardun zuten udazkenean euskaraz, eta eten txiki baten ondoren, gaztelaniazko bertsioaren entseguak hasi zituzten. Errege egunean egin zuten estreinaldia Donostiako Antzoki Zaharrean. «Gabon gaueko afarian dago girotuta antzerki obra. Denbora errealean gertatzen da bertan kontatzen duguna, ordu eta erdian. Familia baten etxebizitza irudikatu dugu eta ageri da afarirako atondutako mahaia, sofa eta atzealdeko kristalera handia, balkoi eta guzti. Eguberrietako arbola bat ere jartzen dugu. Estreinatu genuenean pasa berri ziren Eguberriak, eta orain, berriz, obra taularatzen dugun aldiro gurekin daramagu Gabonetako giroa».

Antzokiz antzoki

Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu eta ordutik ia hogei emanaldi eskaini ditu Tentazioa konpainiak herriz herri. Beste dozena bat hitzartuta dauzkatela aipatu du Gabilondok. «Ez dakigu noiz arte iraungo duen. Duela gutxi Donostiako Antzerki Ferian aurkeztu dugu. Badakigu bertan programatzaile asko aritzen direla eta badugu esperantza herri gehiagotan emateko. Oxala antzerki lanak ibilbide luzea izango balu; ez litzateke seinale txarra izango».



Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak dauzkate prestatuta Ez naiz Dublinen inoiz egon antzerki lanerako. Tolosan, gaur, euskaraz eskainiko dute 20:00etatik aurrera Leidor aretoan. Plaza «garrantzitsua» da Tolosa Gabilondoren ustetan. «Oso publiko ona da bertakoa. Igartzen da antzerkia programatzeko ohitura dagoela bertan eta publikoak ere ohitura duela antzerkia ikustera joateko. Gauza ezberdinak ikusten dituen publikoak burua irekiagoa izaten du eta ikusleari gustu pertsonala ere osatzen joaten zaio. Antzematen da hori non gertatzen den, eta Tolosa da herri horietako bat».

Ez naiz Dublinen inoiz egon obraren zuzendariak gonbita luzatu die tolosar guztiei eta inguruko herritarrei gaur Leidorrera gerturatzeko. «Ondo pasatuko dute, ziur. Antzezlanean esaten diren gauzak kontuan hartuta, erritmoa eta protagonisten arteko harremanak noraino joaten diren ikusita, obra pixkana estutzen joango da. Min ematen duten gauzak ere esaten dituzte pertsonaiek. Horrek, komedia gakoan ari garela, garraztasun puntu bat dakar, baina beti ere barrea ahaztu gabe».

Familiaren oreka hankaz gora nola jarri daitekeen erakusten duen lana da Ez naiz Dublinen inoiz egon, eta gaur iluntzean, 20:00etan, Tolosako Leidor antzokian ikusi ahal izango da.

EZ NAIZ DUBLINEN INOIZ EGON

APIRILAK 21, OSTIRALA

20:00. Tolosako Leidor aretoan Tentazioa antzerki konpainiak eskainitako obra.

Egilea: Markos Goikolea.

Aktoreak: Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte.

Zuzendaritza: Mireia Gabilondo.

Zuzendaritza laguntzaile: Sara Cozar.

Eszenografia: Fernando Bernués.

Jantzitegia: Ana Turrillas.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!