Beste behin ere, plazak bete ditu Tolofolk jaialdiak

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko api. 17a, 19:59

Ostegunetik igandera bitarte ospatu berri da Tolosan, bertako nahiz nazioarteko musikarien saioekin. Jaialdian ikusitakoarekin eta herritarrek emandako erantzunarekin «oso gustura» azaldu da Garikoitz Llobregat Jeajeaka Kultur Elkarteko kidea.

Igaro berri den astean, ostegunetik igandera, Tolofolk jaialdia ospatu da. Jeajeaka Kultur Elkarteak antolatuta, hirugarren urtez, Euskal Herriko zein nazioarteko musika artisten topaleku bilakatu da Tolosa. Garikoitz Llobregat kultur elkarteko kideak adierazi duenez, jaialdiaren inguruan «balorazio ona» egiten dute, «zalantzarik gabe». Larunbatean izandako eguraldiagatik dute pena handiena, zaparrada handiak egin zituelako, eta gainera, egun horretako ekitaldiak kalean izan zirelako. «Bestela, jaialdia oso ona izan da. Ekitaldi guztiak kalitate handikoak izan dira, eta herritarrek ere bikain erantzun dute», gaineratu du.

Urtero, gauza bereziak ekartzen saiatzen dira antolatzaileak, bertako herritarrek ere gauza berriak bertatik bertara ikus ditzaten. Aurtengoa, sekulakoa izan da. Ostegunean, Xavi Lozanoren kontzertuan herritar asko bildu ziren. Llobregatek berak kontzertuaren aurkezpenean egindako «Zer da musika instrumentu bat?» galderari ederki erantzun zion Lozanok. Besteak beste, etxeko tresnen hodiak, gurpil bat, makarroiak, eskailera bat, adreilu bat eta obrako hesi bat erabili zituen musika sortzeko. «Berak aitortu zuen bezala, martzianada bat izan zen. Pailazoarena egiten arituz, emanaldi ganberroa eta umoretsua izan bazen ere, aldi berean, kultua eta landua izan zen».

Hurrengo egunean, Joxe Manuel Agirreren hitzaldia izan zen kultur etxean, bere langintzaren inguruan. «Akaso jende gutxiagoren erantzuna jaso zuen, baina horrelako jaialdi batean, beharrezkoa da kontzertuez aparteko bestelako eduki bat, didaktikoagoa», esan du Llobregatek. Iluntzean, Pulpiño Viasconen kontertua izan zen Fronton kafetegian, gonbidatu bereziekin, hala nola, Agus Barandiaran eta Xabi Malbadi. «Saio berezia izan zen. Galiziar trikitilaria da, baina ez du soilik trikitia jotzen, orkestra-gizona baita bera».

Larunbatean, eguraldiak lagundu ez bazuen ere, eguerdian giro ederra izan zen Alde Zaharrean. Ozenki txistulari taldea, Txarantzaina, Laskotxaranga eta Pulpiño bera ibili ziren kalean. Arratsaldean, berriz, Obaneuke taldearen erromeria eta Max Baca & The Texmaniacs taldearen kontzertua euripean izan baziren ere, Plaza Berria aterkiz bete zen, eta beraz, herritarrek ondo erantzun zuten. «Argi geratu zen edonori ez diotela Grammy saria ematen. Kalitate handiko kontzertua izan zen, eta argi geratu zen musikariak gustura aritu zirela».

Hain justu, jaialdian parte hartu duten musikari eta taldeek bere saioak sentsazio onekin amaitu zituztela adierazi du. «Urtero harrituta geratzen dira Tolosan jasotzen duten tratuagatik eta herritarrekin izandako konexioarekin. Beste jaialdi batzuetan ez da ohikoena izaten hemen antolakuntzarekin duten gertutasuna. Gure kasuan, etxean bezala sentiarazten saiatzen gara».

Musikarien feedback-a jasota eta herritarren erantzuna ikusita, datozen urteetako edizioei begira, kultur elkartean motibazioa handiagoa dela aitortu du Llobregatek. «Jaialdiaren lehen egunean, ostegunean, Lozanoren kontzertua eta gero, afaria egin genuen elkarte batean, eta gehiago aritu ginen hizketan datorren urteko egitarauaz, hurrengo eguneko saioez baino. Pentsa. Aurtengo edizioko lanak oraindik guztiz amaitu ez baditugu ere, hasi gara hurrengo urtekoari begira eta ideiak martxan ditugu».

Argazkiak: Josu Artutxa eta Juanan Dorronsoro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!