Hamabi talde lehiatu dira egun osoan zehar Tolosa CF klubak antolatu duen VI. Nescup futbol txapelketan, Berazubi estadioan. Infantil mailako nesken taldeek parte hartzen dute, eta Mulier talde nafarrak eraman du garaipena. Finalean 3-0 aurreratu zaio Basauriko Kimuak taldeari, eta ondoren bizkaitarrek gol bat sartu badute ere, denbora falta izan zaie partidari buelta emateko. Ezusteko handia Tolosa B taldeak eman du, hirugarren postua lortu baitu. Peña Athletic taldearen aurka gol bat sartuz eskuratu dute postu preziatua.
Tolosa CF klubeko emakumezkoen futbolaren ataleko koordinatzailea da Henar Martinez eta balantze «oso ona» egin du Nescup txapelketaren inguruan: «Egia da eguraldiak ez duela batere lagundu, baina gurasoen zein jokalarien aldetik giroa jartzen aritu dira. Eguraldiak ez du geratu emakumezkoen futbola, eta hori sustatzen jarraituko dugu». Harmailak nahiko beteta izan direla gaineratu du Martinezek. Txapelketaren finalerdietara iritsi direnen artean ezustekoak izan direla azaldu du, eta hori polita dela nabarmendu du: «Beti finala talde berdinek ez jokatzeak edota txapeldun ezberdinak izateak esan nahi du gero eta neska gehiago ditugula, taldeak gero era prestatuagoak datozela eta maila gero eta altuagoa dela». Argi dute klubetik txapelketa antolatzen jarraituko dutela: «Boluntario ugari izan ditugu laguntzen, guraso dezente etorri baitira laguntzera, eta baita hainbat mailetako jokalariak zein entrenatzaileak... Klubeko emakumezkoen futboleko arloarentzat txapelketa hau oso garrantzitsua da».
Tolosa B taldeko Eneritz Iraola entrenatzailea oso pozik zegoen hirugarren postua lortuta: «Hasiera batean ez genuen espero postu hori lortzea. Lehen partida 3-0 galdu dugu eta esperantzak pixka bat joan egin zaizkigu aurreko multzorako sailkatzeko. Bigarren partidarako bagenekien aurkaria indartsua zela eta berdinketa lortu dugunean pentsatu dugu aurrera egiteko aukerak genituela. Hirugarren partida irabazi dugunean, oraindik eta gehiago sinistu dugu». Final-laurdenetan Leioaren aurka zuten partida, oso talde indartsua, baina partida hutsean amaitu da, eta penaltietan aurrera egin dute urdinek. Finalerdietan Basauriko Kimuak taldearen aurka jokatu dute, eta partida berriro hutsean amaitu da, baina penaltietan aurkariek egin dute finalerako bidea. «Hirugarren postua lortzea guretzako meritu handikoa da, jakin badakigulako zer-nolako maila izaten den txapelketa honetan», zehaztu du Iraolak. «Ez dugu finalera pasatzeko aukera izan, baina hirugarren postua lortzera atera gara, disfrutatzera, eta azkenean lortu dugu».
Horrela geratu da VI. Nescup txapelketaren sailkapena: 1. Mulier; 2. Basauriko Kimuak; 3. Tolosa B; 4. Peña Athletic; 5. Tolosa A; 6. Reala; 7. Leioa; 8. Zarautz; 9. Pauldarrak; 10. Intxaurdi; 11. Goierri Gorri; 12. Intxurre.