Rafa Gorrotxategi museoak Museoaren Lagunak izendatu ditu

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko apirilaren 14a

Kulturari eta gastronomiari egindako ekarpenagatik esker ona adierazteko, lau kide ospetsu izendatu ditu Museoaren Lagun: Kepa Junkera, Ama jatetxea, Nisa Goiburu eta Shole Martin. Lehen aldiz egin dute ekitaldia.

Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako akordeoi taldeko ikasleek girotu dute ekitaldia. Hain justu, Kepa Junkerak sortutako Badator Marijaia kantua interpretatu dute musikaria museora sartu den une berean. Junkerak berak esan zion Rafa Gorrotxategiri museoa bisitatzeko asmoa zuela, eta gainera, apirilaren 14an egin nahi zuela, Errepublikaren Egunean. Hala, Gorrotxategik proposamena onartu, eta Junkera omentzeko baliatu du bisita.

Junkera ez ezik, kultura eta gastronomia sektoreko beste hiru kide ospetsu izendatu dituzte Museoaren Lagun: Ama jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico, Nisa Goiburu eta Shole Martin. Lehen aldiz egin dute ekitaldia, baina Gorrotxategik esan duenez, aurrerago, lagun berriak izango ditu museoak. «Museoa harro dago bere komunitatean hain lagun eta kolaboratzaile apartak izateagatik», adierazi du.

Gaurko ekitaldian, omenduetako bakoitzak txapel bana jaso du, kulturari eta gastronomiari egindako ekarpenagatik esker ona adierazteko. Gorrotxategik berak jantzi dio txapela Shole Martini; Roberto Ruiz sukaldari beasaindarrak gauza bera egin du Nisa Goiburu ordiziarrarekin. Ama jatetxearen ordezkari, Javi Rivero izan da ekitaldian, eta berari Armintz Gorrotxategi Rafaren semeak jantzi dio txapela. Azkenik, Tolosako Udaleko ordezkari, Patxi Amantegi alkateordea izan da Kepa Junkerari txapela jarri diona.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!