Egun batez erlezain izateko aukera, haur eta helduentzat

Ataria 2023ko apirilaren 14a

Argazkia: Balerdipeko Erleak.

Balerdipeko Erleak proiektuko Mattin Jauregi eta Inaxio Arin erlezainek bisita gidatuak antolatu dituzte, bihar hasi eta ekainaren 17ra bitarte, larunbatero; Bedaion izango dira, 10:00etatik 12:00etara. Jada ez dago sarrerarik lehen bi saioetarako.

Jauregik eta Arinek egun batez erlezain izateko esperientzia eskaini nahi die haur eta helduei. Horrela, bihar (apirilak 15) hasi eta ekainaren 17ra bitarte, larunbatero, bisita gidatuak egingo dituzte Bedaion. «Bi orduko bisita gure erlategira, Balerdipeko eztia sortzen duten protagonistak eta erlezainon lana gertuagotik ezagutu ahal izateko. Amaieran gure produktuen dastaketa egingo dugu. Ziztadarik ez jasotzeko jantzia, gure kontu. Goiz ederra pasako dugu naturaz inguratuta, Balerdipean», azaldu dute.

10:00etan hasi eta 12:00etan amaituko dira bisitak, eta gutxienez sei laguneko taldeak izango dira; gehienez, berriz, 16 lagunekoak. Jada ez da sarrerarik geratzen lehen bi saioetarako (apirilak 15 eta 22), baina hurrengoetarako sarrerak erosteko aukera zabalik dago oraindik, 12 euroren truke, esteka honetan. Eguraldiagatik bisita egiterik izaten ez badute, dirua itzuliko dutela adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!