Aste oso batez, gastronomiaren festa gune izango da Berazubi

Ataria 2023ko api. 12a, 18:00

Berazubi Auzo Elkarteak antolatuta, IV. Gastronomika Jardunaldiak ospatuko dituzte Berazubi auzoan, apirilaren 17tik 23ra; ogitarteko eta entsalada errusiarraren lehiaketak eta bonba jaleen txapelketa dira berrikuntza nagusiak.

Pandemiaren ondorioz, bi urtez bertan behera utzi behar izan zituzten Berazubi auzoko Gastronomika Jardunaldiak. Iaz berriro ospatu ondoren, aurten aste oso batez luzatuko dute festa, izan ere, lehiaketa berriak antolatu dituzte. Urtero bezala, goi mailako sukaldariak eta adituak elkartuko dira Berazubin, batez ere, lehiaketetan epaile izateko. Horiez gain, ikastaro bat eta zenbait otordu ere izango dira. Astelehenean emango diote hasiera igandera bitarte luzatuko den egitarauari, eta ekitaldi guztiak Tolosa CF plazan izango dira.

Ogitarteko lehiaketa egingo dute astelehenean, 19:00etan. Asteartean, janari osasuntsuen inguruko ikastaroa izango da, Guki ekogunearen eskutik, 19:00etan. Asteazkenean, entsalada errusiarraren lehiaketa egingo dute, 19:00etan, eta ostegunean, Tolosako IV. Patata Tortilla Lehiaketaren txanda izango da, ordu berean. Patata Tortilla Lehiaketako parte-hartzaileek 20:00etan aurkeztu beharko die tortilla epaimahaiari. Auzo elkarteak jarriko ditu osagai nagusiak (patatak, arrautzak, tipula eta olioa) eta tortillek, gutxienez, osagai horiek izan beharko dituzte.

Ostiralean ere, beste lehiaketa bat izango da: Tolosaldeko tabernen arteko III. Pintxo Lehiaketa. Kasu honetan, tabernari bakoitzak etxetik eramango ditu pintxoaren osagaiak prestatuta, eta platerean jartzea izango da egin beharreko lana. Azken ukituak eman edo prestaketa lanetarako, sukaldea erabiltzeko aukera eskainiko die antolatzaileek. 19:00etan hasiko da lehiaketa, 19:30ean aurkeztu beharko zaio epaimahaiari pintxoa, eta 20:30ean banatuko dituzte sariak. Ordu berean, food truck-ak irekiko dituzte, eta Naroa eta Jone musikarien emanaldia izango da; 22:00etan, DJotas Andoniren txanda izango da.

Bonba jaleen aukera

Larunbatean, lau lehiaketa izango dira. 11:00etan hasita, Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko III. Parrila Lehiaketa egingo dute. Carnicas Goyako txuletak erabiliko dituzte partaideek, eta eguerdian egingo dute sari banaketa. 12:30ean, berriz, umeen txanda izango da; 12 urte bitartekoentzat pizza lehiaketa antolatu du auzo elkarteak. 17:00etan, bonba jaleen txapelketa egingo dute, lehen aldiz. Azkenik, 19:00etan, IV. Postre Lehiaketa egingo dute.

Rafa Gorrotxategi, Raquel Ibañez, Nieves Soroa, Javier Eceiza eta Juan Migel Sorarrain izango dira epaimahaiko kideak. Sariei dagokienez, lehen sailkatuak, txapela eta Gorrotxategi gozotegirako 40 euroko erosketa txartela eskuratuko ditu; bigarrenak, garaikurra eta Saizar gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; hirugarrenak, Eceiza Gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; eta laugarrenak, Gozona-Ibañez gozotegirako 40 euroko erosketa txartela.

Tolosan erroldatuta dagoen edonork parte hartu dezake tortilla eta postre lehiaketetan, eta izena emateko hiru aukera ditu: berazubiauzoelkartea@gmail.com helbidera mezua bidaliz, 688 740 163 telefono zenbakira deituz edo Berazubi Auzo Elkartearen egoitzara (Elkano kalea 15, behea) bertaratuz.

Larunbatean, gainera, egunean zehar, food truck-ak irekita egongo dira. Horrez gain, musikaz gozatzeko aukera izango da. 12:00etan, Kaña-bi Trikifarra musika taldeak girotuko ditu jardunaldiak, 19:00etan, Bocabeats Comedia taldearen txanda izango da, eta 22:00etan, DJ Meyd izango da plazan.

Bazkarirako txartelak, eskuragarri

Igandea izango da IV. Gastronomika Jardunaldien azken eguna. 11:00etan, Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko III. Bakailao Lehiaketa hasiko da, eta segidan, food truck-ak irekiko dituzte.

Jardunaldiei amaiera emateko, IV. Gastronomika Jardunaldien Amaiera Bazkaria egingo dute. Otordurako txartelak auzo elkartean erosi daitezke. Puntako sukaldariek egindako jakiak dastatzeko aukera izango da: Juanma Zaldua, Javi Rivero, Gorka Rico, Ander Rodriguez, Jose Ignacio Ferreras, Mikel Moreno, Txemari Esteban, Marcos Lucena eta Rafa Gorrotxategi.

IV. GASTRONOMIKA JARDUNALDIAK
  • Apirilak 17, astelehena
    • 19:00. Ogitarteko lehiaketa.
  • Apirilak 18, asteartea
    • 19:00. Janari osasuntsuen ikastaroa, Guki Ekogunearen eskutik.
  • Apirilak 19, asteazkena
    • 19:00. Entsalada errusiar lehiaketa.
  • Apirilak 20, osteguna
    • 19:00. Tolosako IV. Patata Tortilla Lehiaketa.
  • Apirilak 21, ostirala
    • 19:00. Tolosaldeko Tabernen Arteko III. Pintxo Lehiaketa.
    • 19:00. Food truck.
    • 19:00. Naroa eta Jone.
    • 22:00. DJotas (Andoni).
  • Apirilak 22, larunbata
    • 11:00. Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko III. Parrilla Lehiaketa.
    • 12:00. Food truck.
    • 12:00. Kaña-bi Trikifarra.
    • 12:30. 12 urte arteko umeentzat pizza lehiaketa.
    • 17:00. Bonba jaleen txapelketa.
    • 19:00. Food truck.
    • 19:00. IV. Postre Lehiaketa.
    • 19:00. Txokolate dastaketa Rafa Gorrotxategiren eskutik.
    • 19:00. Bocabeats Comedia.
    • 22:00. DJ Meyd.
  • Apirilak 23, igandea
    • 11:00. Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko III. Bakailao Lehiaketa.
    • 11:30. Food truck.
    • 14:30. IV. Gastronomikaren Amaiera Bazkaria. Menua: Iberiar urdaiazpiko festa (Juanma Zaldua), porru erreak (Javi Rivero eta Gorka Rico), txangurrua, lepapea eta ogia (Ander Rodriguez), legatza, zainzuri emultsioa eta karabinero zukua (Jose Ignacio Ferreras eta Mikel Moreno), pasio fruta (Txemari Esteban), Joselito mogote iberiarra txingarretan erretako kalabazarekin (Marcos Lucena), postrea (Rafa Gorrotxategi) eta kafea (Zabala kafeak). Txartelak salgai Berazubi Auzo Elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!