Festa bai, tentsioa ere bai, areto futboleko derbian

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko api. 13a, 15:59

TEEP Tolosalak eta Laskorainek iazko maiatzean Uzturpen jokatutako partidako irudia. IRATI SAIZAR

TEEP Tolosalak eta Laskorainek elkarren aurka jokatuko dute, bihar, Tolosako Uzturpe frontoian; 20:45ean hasiko da neurketa. Ligari begira erronka desberdinak dituzten bi talde badira ere, helburu bakarra eta berdina dute biek: herriko beste taldea garaitzea.

Ostiral honetan, hilak 14, 20:45ean hasita, areto futboleko hirugarren mailako TEEP Tolosala eta Laskorain KE taldeek, derbia jokatuko dute, Tolosako Uzturpe frontoian. Norgehiagoka oso interesgarria izango da. Helburu oso desberdinekin ari dira lehiatzen bi taldeak; bihar, ordea, helburu bakarrarekin kantxaratuko dira: liga berean lehiatzen ari den herriko beste taldearen aurka garaipena lortzea.

Tentsio handiko derbia izango dela aurreikusten dute bi taldeetako ordezkariek, orain arteko derbi guztietan gertatu den moduan. Une honetan, sei partida geratzen dira liga amaitzeko, eta Laskorain bosgarren postuan dago sailkapenean, 41 punturekin; puntu bakarrera du laugarren sailkatua, liga irabazteko play-off-a jokatzeko aukera emango lukeen azken postua. Tolosalak, berriz, oraindik matematikoki maila mantentzea lortu ez badu ere, ia bideratuta dauka helburua; bederatzigarrena da sailkapenean, 33 punturekin.

Lehen lau sailkatuen artean amaitzea da horitxoen helburua, eta beraz, ezinbestekoa izango da beraientzat bihar hiru puntuak lortzea. Laskorainek bigarren itzulian jokatutako bederatzi partidetatik lau galdu eta bi berdindu dituzte. Hala ere, bada kontuan hartu beharreko datu bat: denboraldi honetan etxetik kanpo jokatutako partidetatik, hiru bakarrik galdu dituzte, azkena, urtarrilean. Gainera, defentsako lanean dago horitxoen gakoa: gol asko egiten ez baditu ere, ligan gol gutxien jaso dituen taldea da. Tolosala, berriz, bolada onean dago; azken bi partidetan puntu bakarra lortu badu ere, aurreko laurak irabazi zituen talde tolosarrak. Hori bai, denboraldi honetan etxean baino puntu gehiago lortu ditu Uzturpetik kanpo.

Tolosalak, gainera, beste erronka bat izango du bihar; izan ere, bi taldeek elkarren aurka jokatu dituzten azken hiru partidetan, ez du garaipenik lortu. Pasa den denboraldiko lehen itzuliko partidan, Laskorainek 4-2 irabazi zuen etxean, Usabal kiroldegian; bigarren itzulian, berriz, 1-3 irabazi zuen, Uzturpen. Aurten, Usabalen jokatutako lehen itzuliko partidan, binako berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Garaipena esku-eskura izan zuen orduan Tolosalak; 1-2 jarri zen aurretik markagailuan, eta Laskorainek partida amaitzeko minutu bat falta zela egin zuen berdintzeko gola.

Ostiralean, beraz, festa handia izango da Uzturpen, baina tentsioa ere nabarituko da, kantxan zein harmailetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!