Asuncion klinika

«Asuncionetik bai edo bai atera beharra geneukan»

Asier Imaz 2023ko api. 12a, 11:59

2022ko urriaren 31n ebakuntza egin zioten Jose Ignacio Amatriainen arrebari Asuncion Klinikan, eta mugikortasunik gabe irten zen operazio gelatik; gertatua epaitegietara eraman nahi dute.

Ia sei hilabete igaro dira, eta egoerak okerrera egin duela dio Jose Ignacio Amatriainek. Bere arrebaren egoerak itzulerarik ez duela esan berri diote Donostia Ospitalean. Asuncion Klinikaren aurka epaitegietara joateko prestatzen ari da familia.

Jose Ignacio Amatriainen arrebari 2022ko urriaren 31n egin zioten ebakuntza Asuncion Klinikan. Mugikortasunik gabe irten zen operazio-gelatik. Gertatuaren inguruan, Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkide tolosarrak azalpenak eskatu zizkion Gotzone Sagardui Osasun sailburuari 2022ko abenduaren 23an. Sagarduiren erantzuna 2023ko urtarrilaren 23an iritsi zen: «Debekatu egin da klinika horretan prozedura kirurgiko jakin batzuk egitea». Behin behineko erabakia zela ere azaltzen zuen Osasun sailburuak, «zuhurtasun-printzipioari jarraikiz». Azken albistea, 2023ko martxoaren 21ekoa da: «Une honetan, prozedura kirurgiko horiek egiteko debeku osoa edo partziala kentzea aztertzen ari gara», dio Gotzone Sagarduik.

Zure arreba Asuncion Klinikara osasun arazoen ondorioz joan zen. Zer zuen?

Bere osasun egoera orokorra ez zen ona. Bular bat kendu zioten, eta ondorengo tratamenduak gauzak konplikatu zizkion. Besteak beste, ornoei eragiten zien osteoporosia agertu zitzaion. Zifosia deitzen zaiona ere garatu zuen, hau da, gorputza aurreraka okertzen joaten da. Une bat iritsi zen non min handiak sentitzen zituen. Egoera horretan bideratu zuten Asuncion Klinikara.

Zer esan zion Asuncion Klinikako medikuak?

Ebakuntza egiteko; errore-marjina 0,05ekoa zela.

2022ko urriaren 31 iritsi zen. Nola sartu zen arreba klinikara?

Bere kabuz, oinez, nire emaztearekin.

Noiz hasi zen ebakuntza?

Operazio-gelara 08:30ean jaitsi zuten. Bertatik gaueko 00:00ak inguruan eraman zuten ZIUra, mugikortasunik gabe.

Gaur egun nola dago?

Ebakuntza egitera eraman zuten minek hor jarraitzen dute. Gero, paraplegiarekin dago; gorputzean sentikortasunik gabe. Paraparesia ere badauka, muina kaltetu ziotelako, eta horrek aldi berean, kontrolatu ezin dituen kontrakzio muskularrak sortzen dizkio gorputzean. Ez dauka esfinterraren kontrolik, ondorioz, zunda sartu behar zaio, eta horrek pixaren infekzioa sortzen dio behin eta berriz.

Zer dakizue ebakuntza gela hartan gertatu zenaz?

Operazio bat aurreikusia zegoen tokian bi egin zizkiotela. Ebakuntza gelara 08:30ean eraman zuten. Operazio hori 18:00etan bukatu zen. Orduan jabetu ziren nire arrebak mugikortasuna galdu zuela. Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala (TAC) egin zioten, eta ez zen ezer agertzen. Ondoren, eskaner bat, eta 11 milimetroko edema bat antzeman zioten D7 eta D8aren artean. Hor, bigarren operazio baten beharraz hasi ziren hizketan. 21:00etan bigarren ebakuntzarekin hasi ziren, edema hori gutxitzeko. Zirujauak denbora barruan erreakzionatu zutela esan zidan, arazoa aurkitu eta zortzi ordu baino gehiago pasatzen baldin badira, egoera larriagoa bilakatzen dela. Noski, bere kalkuluak operazio amaieratik egin zituen. Bat 18:00etan amaitu zen eta bestea 21:00etan hasi,beraz, denbora barruan gaude. Kontua ez da hori, kontua da D7 eta D8 tarte horretatik noiz pasatu zen goizeko operazioan.

Zuek kanpoan zain zineten, bien bitartean.

Bost orduko operazioa izango zela esan ziguten. Ni 13:00etan klinikan nengoen. 19:00ak ziren eta inork ez zigun ezer esaten. Galdetzera joan nintzen eta erantzun hau eman zidaten: «Ez al dizute esan mediku horren ebakuntzak horrelako luzeak izaten direla?». 20:00ak pasa ondoren nirekin jarri ziren harremanetan, bigarren ebakuntzarako baimena sinatu behar nuela esanez.

Zer esan zizuten bigarren ebakuntzaren inguruan?

Arazo hori suertatu zela eta bigarren operazio horrekin zuzenduko zutela. Gero, luzerako joango zela eta pazientzia eduki beharko zela.

Ondorengo egunetan zer gertatu zen?

ZIUn hiru egunez eduki zuten, azaroaren 4ra arte. Fisioterapeuten arduraduna agertu zen, toalla batekin oinazpia ukitu zion, eta ikusi zuen ez zuela sentikortasunik. Zero. Egunak joan ziren eta Asuncion Klinikako zuzendaritzatik inor ez zen agertzen; «sentitzen dugu» bat edo interes pixka bat, gutxienez. Azaroaren 10ean, berriro errehabilitazioaren arduraduna agertu zen. Hurrengo egunean, berriro agertu zen, eta nire arrebari familiarekin hitz egin behar zuela esan zion.

Errehabilitazioaren arduradunak?

Bai. Orduan, nire arreba kezkatu egin zen, eta esan behar zuena berari esateko eskatu zion. «Ez dago ezer egiterik», erantzun zion besteak.

Zer egin zenuen orduan?

Arrebak negar batean gertatua kontatu zidanean, zuzenean klinikara igo eta zuzendaritza egoten den lekura joan nintzen. Zuzendaria ez zegoen. Bera jarriko zela nirekin harremanetan esan zidaten. Hurrengo egunean, 14:30ak inguruan jaso nuen bere deia. Ea zer nahi nuen galdetu zidan. Hasteko, lotsagarria iruditzen zitzaidala esan nion, gertatua gertatu ondoren, arreba zegoen gelatik pasa ere ez zelako egin; gutxienez azalpen bat ematera.

Zer erantzun zizun berak?

Oso lanpetuta zebiltzala eta ez zeudela ahaztuta. Besteak beste, errehabilitazio arduraduna begien bistan gehiago ez genuela ikusi nahi esan nion. Nor zen bera horrelako gauza bat nire arrebari esateko. Hori mediku baten lana da, ez erizain, fisioterapeuta edo ez dakit norena. Dagokion medikuak esan behar du hori. Etika hori ez baldin badaukate, ez dakit noren eskuetan gauden.

Zuen eskuetan dagoen medikuaren txostenean, eriaren bilakaerari buruzko txostenean, Matiara eramatea agertzen da gutxienez bi bider.

Bai, eta zuzendaritzan hori esan nuenean beraiek horren inguruan ez zekitela ezer erantzun zidaten; ez zekitela hori nondik atera zen. Hori medikuak berak esana da, eta txostenean agertzen da. Gauzak argitzeko, medikua, bera eta familia elkartzeko proposatu genion, bateren bat gezurretan zebilelako.

Egin al zen bilera hori?

Bai, baina bertan Matiara ez, Aita Mendira eramatea proposatu ziguten. Seme-alabekin joan nintzen bilera horretara, eta egia esan, ez genien sinetsi. Mediku txostena eskatu genien, nire arrebari egin zizkien froga guztiena. Ondoren, neurozirujau talde baten eskuetan utzi nuen dena. Hor jaso nuen berria: zur eta lur zeudela.

Zergatik?

Nire arrebari egin zioten guztiagatik.

Zer esan zizuten?

Gehiegikeria bat zela. Mina nerbio batek sortzen zion, zapalduta zegoelako. Beraiek ebakuntzarik ere ez zutela egingo esan zidaten. Hortik aurrera, nonbaitera eraman behar baldin bazuten, Gurutzetako aukera besterik ez zuten ikusten, Muin Unitatea bertan dagoelako. Ez zuten ulertzen Aita Mendira zertara eraman nahi zuten.

Zer egin zenuen informazio hori jasotzean?

Klinikara igo, zuzendaritzara. Gurutzetako ospitalerako lekualdaketa martxan jartzeko eskatu nien. Nire arrebak Muin Unitatean egon behar zuela esan nien, ez Aita Mendin. Hori neurozirujau baten iritzia besterik ez zela esan zidaten Asuncioneko zuzendaritzan. Eta nik ezetz, neurozirujau talde oso batena zela erantzun nien. Hurrengo egunean Donostiara deitu zuten, ez dakit norekin hitz egin zuten, baina gero, niri deitu zidaten.

Asuncionetik?

Bai. Arrazoia genuela esateko. Normala iruditzen al zaizu familia horrela ibili behar izatea? Ba, horrela ibili behar izan dugu, denbora guzti honetan.

Bien bitartean, lekualdaketaren zain zeundetela, arrebaren osasun egoerak ez zuen hobera egin.

Ez, alderantziz. Asteburu bat zen. Korridoretik mediku bat pasa zen, eta erizainak ebakuntza egin zigun medikuaren kasua bera eramaten ari ote zen galdetu zion. Gernu lagin bat hartu zutela eta usaina zuela, hau da, infektaturik zegoela. Medikuak bere bidea jarraitu zuen, eta antibiotikoa ez zioten eman gaueko 00:00ak baino lehen. Hurrengo egunean, igandean, gelara sartu eta bezperan baino okerrago zegoela ikusi nuen. Erizainari mediku internista bat bidaltzeko eskatu nion. Asteburuetan internistarik gabe zeudela erantzun zidan, gutxienez sei hilabete zeramatzatela horrela.

Ondorengo egunetako bilakaera, ez zen hobea izan.

Ez. Gogoan dut, asteazkenean, arreba ia erabat lokartuta bezala zegoela. Ez zuen erantzuten. Nire emaztea eta semea zeuden berarekin, haserre, medikurik ez zelako agertzen. Ebakuntza egin zion medikuari etxera deitu zioten, eta hurrengo egunean pasako zela esan ziguten. 11:00ak eta inor ez. Aurreko igandean pasa zen medikuak ikusi zuen, eta egoerak okerrera egin zuela esan zidan. Birika bat kaltetua zuela, globulu zuriak 1.000 inguruan zituela, normalean 10.000n egoten direnean… Asuncionetik bai edo bai atera behar genuela erabaki genuen familian, bestela, nire arreba han geratuko zela ikusten baikenuen.

Horrela lortu zenuten Donostia Ospitalera eramatea.

Seme-alabak Donostiara joan ziren. Asko borrokatu ondoren, lekualdaketa lortu zuten. Ostiralean ingresatu genuen Donostian, azaroaren 25ean.

Nola zegoen une horretan zure arreba?

Anbulantzia medikalizatuan eraman zuten Tolosatik Donostiara. Iritsi orduko ZIUko arduraduna eta internisten burua etorri zitzaizkigun. Ez zegoela ezer egiterik esan ziguten, bi ordutik bi egunerako bizia geratzen zitzaiola. Gau hori ez zuela pasako uste nuen. Deliratzen zebilen, gaizki zegoen… baina buelta eman zion, eta arazoak arazo, hortxe jarraitzen du. Azken egunetan, aldiz, okerrera egin du.

Abokatuekin hitz egin ondoren, gertatua epaitegietara eraman nahi duzue.

Bide penala hartu nahi dugu, baina zaila dago. Jende gehiagoren erreklamazioak beharko genituzke klinikaren aurka. Baina zaila da. Zibiletik jotzeko aukera hor dago. Hala eta guztiz ere, guretzat garrantzitsuena nolako klinika daukagun gizarteratzea da. Ni ere ez nintzen horren jabe orain arte. Gutxienez jendeak jakin behar du bigarren iritziaren eskubidea daukagula Tolosaldeko herritarrok. Hau ia inork ez daki. Donostiara joateko eskubidea daukagu, Pazienteak eta Erabiltzaileak Artatzeko Zerbitzua dago bertan. Bigarren iritzi bat eskatzeko eskubidea daukagu. Horrez gain, garrantzitsua da jakitea, Asuncionen egiten zaizkigun froga guztiak edukitzeko eskubidea daukagula. Guk ibili behar dugu horren atzetik, batez ere egoera larria denean, baina eskubide hori daukagu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!