Buelta bakoitzeko euro bat Saharara

Irati Saizar Artola 2023ko api. 12a, 07:57

Bueltaka ekimena antolatu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak maiatzaren 7rako; Oporrak Bakean programarako dirua lortzeaz gain, Agus Agoteri omenaldia egingo diote.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, Oporrak Bakean antolatzeaz gain, urtean zehar beste hainbat ekintza antolatzen ditu, besteak beste, Maiatza Borrokan, kasu honetan maiatzaren 10etik 20ra izango dena. Bada, aurten, egitarau horrekin batera berreskuratu dute Bueltaka ekimena. Maiatzaren 7an izango da, Tolosako Berazubi estadioan. 

«Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen festa» antolatu dute egun horretarako Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikariak esan duenez. Ekimenaren helburuetako bat haur sahararrentzako dirua ateratzea da; aurten, Oporrak Bakean programarako bideratuko dute lortutako dirua, udan haurrek ekintzak egin ditzaten. 

Berazubiko estadioa zabalik izango da, beraz, maiatzaren 7an, 09:30etik 13:30era, eta ekarpena egin nahi duenak izango du aukera: «Estadioari emango zaion buelta bakoitzeko euro bateko ekarpena egin beharko da».  Sarreran esan beharko da zenbat buelta emateko asmoa dagoen, eta bertan ordaindu. «Buelta bakoitzeko lazo bat emango zaie parte hartzaileei, eta helmugako arkuaren azpian Saharako bandera duen irudia egongo da, eta koloretako lazo horiek osatuko dute banderaren kolorea», azaldu du Eizagirrek. 

Bakarka edo taldean parte hartzeko aukera izango da. «Enpresekin, udalekin eta kirol taldeekin harremanetan jarri gara eta maratoiak lotu ditugu; maratoia egiteko 105 itzuli eman behar zaizkio estadioari, eta talde horren izenean korrikalariak ariko dira 105 buelta ematen, kopuru bereko ekarpena eginez».  

Eizagirrek argitu du, ez direla itzuliak zertan korrika egin. Oinez edota patinetan ere egin daitezkeela dio, eta aurreko edizioetan txikienek bizikletaz ere egin izan zituztela esan du. «Ekimen irekia da, jai giroan egiteko». 

Agustin Agote gogoan

Dirua lortzeaz gain, badu beste asmo bat aurtengo ekimenak: urtarrilean hil zen Agus Agote Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideari omenaldia egitea.

«Modu batera edo bestera gogoan izango dugu Agus, eta bertan, lagunek zein familiakoek omenalditxo bat egiteko aukera izango dute; mikrofonoa zabalik izango da nahi duenarentzat, bertso bat, abesti bat, hitz batzuk edota dantzaren bat eskaintzeko», esan du Eizagirrek.  

Ekimeneko azken buelta, gainera, «ohorezko buelta» izango da, «Agusen omenezkoa». Parte hartzaile guztiek elkarrekin emango dute azken itzuli hori. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!