Maiatzeko Doinuak jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Leyre Carrasco 2023ko api. 5a, 16:59

Tolosako Ekibide Etxeak kontzertu zikloa antolatu du aurtengoan ere, Musikenerekin lankidetzan. Maiatzaren 7an hasita, maiatzeko igande guztietan kontzertu bana eskainiko dute Musikeneko zenbait ikaslek; saioak 12:00etan izango dira, Topic-en.

Hilabete berezia izango da hainbat musikarirentzat maiatza. Izan ere, iazko arrakastaren ostean, aurten ere, Maiatzeko Doinuak jaialdiaren bigarren edizioa antolatzea erabaki du Tolosako Ekibide Etxeak, Musikenerekin lankidetzan. Aurtengo edizioa, ordea, berrikuntza batekin dator. Iaz ez bezala, aurten saioak igande goizetan egingo dituzte 12:00etatik aurrera, Topic-en. Horren arrazoia, publiko kopuruari erreparatu nahi diotela azaldu dute antolatzaileek, “zenbat jende animatuko den ikusteko”.

Urtean zehar burutzen diren hainbat master ditu Musikenek, eta horietako bat interpretazio klasikoa da. Jaialdian parte hartuko duten musikari guztiak master horretako ikasleak izango dira, hain zuzen. Musikeneko kanpo harremanetarako zuzendariordea den Jesus Etxeberriak azaldu bezala, ikasleek hiriburu handietatik kanpoko beste udalerri txikiagoetan kontzertuak programatzeko ekimena ere bultzatzen dute bertan. “Interpretazio masterrean Proyecto Esterno izeneko irakasgaia dute, non kontzertuak ez ezik, jaialdiko programa guztia antolatzeko ardura hartzen dutenak ikasleak diren”.

Musikenen beste erakunde batzuekiko elkarlana ere bultzatzen dutela azpimarratu du Etxeberriak, “Euskal Herrikoa, batez ere, baina baita Euskal Herritik kanpoko elkarlana ere”. Horregatik, Musikenen egiten dutena eraikineko mugetatik kanpo sustatzen saiatzen dira, “hemengo jendeak Euskal Herrian zer duen jakin dezan; izan ere, Musikene erreferentziazko zentroa da Euskal Herrian eta Espainian. Nazio osoko ikasle asko etortzen dira gurera ikastera honek duen ospeagatik, eta hori Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu”.

Lau eguneko programa

Lau kontzertu izango dira denera, eta maiatzaren 7an hasiko da zikloa. Jaime Barrancok (txirula), Laura Valentinak (biolina) eta Esteban Ramírezek (biola) osatutako Trío Codix izeneko hirukoteak, Beethoven, Max Reger eta Endre Szervánszkyren lanak eskainiko dituzte, besteak beste.

Hurrengo hitzordua, hilaren 14an izango da, eta Rosario Guerrak (flauta) eta Pau Bufornek (perkusioa) osatutako Flaufusión izeneko bikotearen txanda izango da. Euren errepertorioa Piazzolla, Bach, Cangelosi, Ozaita, Daughtrey, Golinski eta Hoveerren obretan oinarrituko dira.

Hilaren 21ean, Darío Muñozek (biolina), Pedro Bastiaok (txeloa) eta Hiram Vegak (pianoa) osatutako Hiruko Trio izeneko taldea ariko dira Schumann, Bach eta Casadoren piezak interpretatzen.

Eider String Quartet taldeak itxiko du zikloa, maiatzaren 28an. Celia Moreno (biolina), Antonio Martínez-Abarca (biolina), eta Miguel López (biola) eta Isabel Schlegel (txeloa) osatzen dute taldea, eta hauek Haydn, Webern eta Yoshin Ginen lanak interpretatuko dituzte. Azken hau Musikeneko sortze masterreko konpositore korearra da, eta berak sortutako Harri I izeneko lanaren estreinaldia egingo dute.

Sarrerak doakoak izango dira eta ez da gonbidapenik beharko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!