2023-2026 urteetako Tolosako Udaltzaingoaren plan zuzentzaile berria onartu dute

Ataria 2023ko api. 6a, 12:00

Azken osoko bilkuran, aho batez onartu zuten erabakia. Urte honetako eta ondorengo hiru urtetako Udaltzaingoaren jarduna gidatuko duten erronkak, helburuak, adierazleak eta ekintzak jasotzen ditu.

Tolosako Udalaren azken osoko bilkuran aho batez onartu zuten 2023-2026 urteetako Tolosako Udaltzaingoaren Plan zuzentzaile berria. Plan honen helburu nagusia da egungo Udaltzaingo zerbitzua garai zein behar berrietara egokitzen joatea, herriari zein herritarrei Udaltzaingo talde moderno zein inplikatua buru izango duen zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa eskaintzeko, momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango dena.

Plana garatzeko, lehenik, hausnarketa prozesua egin dute, barne zein kanpo diagnosia eginez. Udaltzaingoarekin egin dute barne lanketa eta herritarrekin zein herriko talde eta eragile desberdinekin (babes zibila, ikastetxeak, auzo elkarteak, ostalari eta merkatariak...), berriz, kanpo lanketa. Modu horretara, egungo zerbitzuaren ikuspuntu eta ikuspegi integrala jaso dute, hori oinarri hartuta etorkizuneko jardunbide amankomuna definitzeko.

Barne diagnosian aztertu dituzte udaltzaingo taldeak eskaintzen dituen zerbitzuak, pertsonak (udaltzainen profilak, formazioa, lan giroa…), baliabideak (instalazioak, ibilgailuak, aplikazio informatikoak...), barne kudeaketa (koordinazioa, barne komunikazioa…), harreman kanalak eta interes taldeak (herriko talde eta eragile desberdinak). Kanpo azterketan, aldiz, Udaltzaingoaren inguruan herrian dagoen iritzia jaso dute: indarguneak, gabeziak, hobetu beharrekoak, harreman mota eta udaltzaingoaren zerbitzuaren ezagutza maila, besteak beste.

Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea, beraz, Udaltzaingoaren eta herritarren iritzi zein ekarpenak kontuan hartuta osatu dute. Hausnarketa fasea amaituta, misio, bisio eta balioak zehaztu dituzte, hala nola, gertutasuna, herritarrak zerbitzatzeko bokazioa, lankidetza eta kolaborazioa, konfiantza eta errespetua, eta 3 ardatz nagusitan banatu dute plana: kudeaketa, pertsonak eta baliabideak eta kanpo harremanak. Ardatz bakoitzeko helburu estrategikoak eta helburu horiek egikaritzeko jarraibide edota ekintzak zehaztu dituzte.

Kudeaketa alorrean, Udaltzaingoaren lanak antolatu eta homogeneizatzea, prebentzio eta proaktibotasunera bideraturiko kudeaketa sistema sortzea edota barne koordinazio eta komunikazioa hobetzea dira 2023-2026 urte bitarterako jasotako helburu nagusiak.

Pertsona eta baliabideen alorrean, halaber, Udaltzaingoaren Plan Zuzentzaileak helburu du kalitatezko zerbitzua emateko behar den talde osatu eta gaitua eskaintzea eta horretarako beharrezkoa den materialez hornitzea. Honen baitan aurreikusi dituzte, esaterako, Udaltzaingoaren formazioa, eraikin berria, aplikazio berri baten sorrera eta ibilgailuen horniketa. Kanpo harremanei dagokienean, interes taldeekin koordinazioa hobetzea eta kanpo komunikazioa sendotzea dira Plan Zuzentzaileak jasotako helburu nagusiak.

Proiektu bakoitza gauzatzeko arduradunak eta kronograma ere zehaztu dituzte, planaren helburuen maila neurtzeko adierazle sistema baten bidez eta planaren jarraipen operatiboa zein estrategikoa egiteko Gobernantza Eredu bat adostu dute.

5,3 milioi euroko kreditu aldaketa

Azken osoko bilkuran, halaber, 2023 urteko bigarren kreditu aldaketaren berri eman zuten. Guztira, 5,3 milioi euroko kreditu aldaketa egin dute, kreditu txertaketa modalitatean, hasita edo amaituta dauden obrak ordaintzeko, lan berriak abiarazteko edota udal diru laguntzen bigarren zatiaren ordainketa egiteko herriko elkarte eta taldeei.

Hasita edo amaituta dauden obren artean daude, besteak beste, Zezen plaza eraberritzeko lanak, Usabaleko 3. faseko lanak, Emakumeen Etxeko lanak eta hiri altzariak, Gorriti eremua berritzeko lanak, Abegiko obrak bertan gaueko eta eguneko zerbitzua kokatzeko, Uzturpe frontoian eguzki plakak jartzeko lanak eta Emeterio Arrese eraikina hobetzeko lanak; abiaraziko diren lanen artean, berriz, Txaramako argiteria berritzeko lanak edota asfaltatze lanak. «Aurrera eramaten ari garen proiektuak ez dira nolanahikoak, garrantzia handikoak dira, eta ondorioz, inbertsioak, gastuak, oso handiak dira. Inbertsioen kasuan, prozedurak dira oso luzeak dira, eta aurretiazko txertaketak egitea posible da, sarritan obrak ez direlako urte berean hasi eta bukatzen», adierazi zuen Begoña Tolosa udal gobernuko zinegotziak.

EH Bilduko Ander Figuerido oso kritiko azaldu zen. «Honek 2022ko aurrekontuen betetze mailaren lehen argazki bat ematen digu, beraz badakigu gutxienez 5,3 milioi euro ez zirela erabili. Zati handi bat inbertsioei dagokie gainera, 4,7 milioi euro inguru. Honek erakusten du, berriz ere, proiektu bera behin eta berriz saldu, ezer gutxi egikaritu, eta ez dutela horren berri ematen».

Beste puntu batzuk

Ondorengo puntu hauek ere onartu zituzten bilkuran: 2023ko lanpostu zerrendaren akatsen zuzenketa, ELA-k jarritako administrazioarekiko auzo errekurtsoan pertsonatzea, Tolosako Ekinbide Etxeari errekerimendua egitea eta Euskal Herria plazako 1ean kokatutako eraikina (Topic museoa) emakidan esleitzea eta udalaren eta bere erakunde publikoen diru laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra behin betikoz onartzea.

ELAK jarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoan pertsonatzearen (Giza Baliabideen Arrazionalizazio Planean jasotako borondatekoz erretiro aurreratuari buruzko neurriak indargabetzen eta ondoriorik gabe uzten dituenaren aurka) inguruan, EH Bilduk salatu zuen lehenik eta behin prozedura akatsak egon direla, eta bai Euskadiko Auzitegi Gorenak bai Euskadiko Aholku Juridikoko Batzordeak onura sozialak diren pizgarri hauek mantentzearen aldeko irizpenak eman arren, gobernuak hauek bertan behera uzteko izan duen grina eta presa agerian geratu direla ere. «Honek guztiak zuhurtziaz jokatzeko gure posizionamendua berretsi besterik ez du egiten» adierazi zuten oposizioko zinegotziek. «Gai erabat juridiko eta konplexua da. Juridikoak direnentzat ere zaila gertatzen ari da. Eskuartean ditugun erremintak baliatuta hartu behar izaten ditugu erabakiak eta kasu honetan, ez da guk bultzatutako erabaki bat, baizik eta gaineratu izan zaiguna, beste erakunde guztietan bezala», erantzun zien Peonek.

Euskal Herria plazako 1ean kokatutako eraikina (Topic museoa) emakidan esleitzearen kasuan, EH Bildu alde azaldu bazen ere, hitzarmena eurekin ere partekatzea eskatu zuen, ekarpenak egin ahal izateko, «horrek zehaztuko baitu udal honen eta Topic-eko kudeatzaileen arteko harremana datozen 20 urteetarako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!