Migratzaileen ezohiko erregularizazioa bultzatu dute Tolosan

Ataria 2023ko api. 8a, 08:00

Tolosako Udaleko ordezkariak, Regularizacion Ya mugimenduko kideekin, azken osoko bilkuran

EAJ-k eta EH Bilduk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilerako mozioa jorratu zen azken osoko bilkuran, eta Regularizacion Ya taldeak sortutako Herri Ekimen Legegileri babesa adierazi zioten udaleko hiru alderdiek.

Migratzaileak modu ezohikoan erregularizatzeko Regularizacion Ya taldeak sortutako Herri Ekimen Legegileri babesa adierazi zioten udaleko hiru alderdiek. «Inklusioaren alde lanean jarraitzea eta aurrerapausoak ematea ezinbestekoa da pertsona ororen eskubideen defentsarako, eskubide horiek bermatzeko. Legeak alda daitezen exijitzeko, beharrezkoa den kasu guztietan. Bien bitartean, beharrezkoa da baita ere, zerbitzuak eskaintzea, pertsonak artatzea eta gizarte babesa bermatzea, eta erakunde bakoitzaren erantzukizunetik egin behar da hori», adierazi zuen Olatz Peon alkateak.

2019an zabaldu zituen ateak, Zuloaga txikiko errefuxiatuak artatzeko aterpetxeak. Aterpetxeak arreta, orientazioa eta laguntza eskaintzen dizkie bestelako baliabiderik ez duten nazioarteko babesaren bila dauden pertsona eta familia eskatzaile eta onuradunei eta herrigabeei. Duela egun batzuk, Aholku-sarea zerbitzu berria ere abiatu zen, Tolosako Familia elkargunean, pertsona migratzaileei aholkularitza juridikoa eskaintzeko. «Erakunde eta gizarte-zerbitzuetatik eskaintzen den arreta eta laguntza-esparrutik harago, inklusiorako, beharrezkoa da migratzaile zein errefuxiatuek herriari eta gizarteari egiten dioten ekarpena balioan jarri eta gizarteratzea, eta funtsezkoa da baita ere elkar-ezagutza, elkarbizitzarako, integraziorako. Bide horretan ere jardun dugu azken urteetan Zeharrekin elkarlanean eta Tolosatzen Eskola Irekiaren bidez», gaineratu zuen alkateak. 

Kristina Pelaez Errazkinek irmo salatu zuen Hego Euskal Herrian egoera irregularrean bizi diren 45.000 pertsona inguruk pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak. «Bazterkeria instituzionala, lan esplotazioa, lege babesgabetasuna, instituzioen ikusezintasuna eta zerbitzu askotatik kanpo gelditzea pairatu behar izaten dute, horrek dakarren gizarte bazterkeriarekin. Gure gizartea sostengatzeko oinarrizkoak diren langileak oinarrizko eskubiderik gabe bizi dira». Hortaz, ezohiko erregularizazio prozesu batez gain, atzerritartasun legea aldatzeko beharra aldarrikatu zuen. Amaitzeko, eskerrak eman zizkien bertaratu ziren Regularizacion Ya taldeko kideei, gizarteak eurekin kitatzeke duen zorra gogora ekarriz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!