Bi ekitaldi Hiru tabernan, Pazko asterako

Ataria 2023ko apirilaren 8a

Asteazkenean, hilak 12, umeentzako ponpa tailerra antolatu dute Atarrabiako Zirko loretsua elkartearen eskutik. Igandean, hilak 16, Morau eta Beñardo artistek, 'Ardo' zuzeneko emanaldia egingo dute. Ponpa tailera 17:30ean izango da, musika saioa, berriz, 18:00etan.

Andoni Morau Tolosak eta Beñardo Goietxek, Ardo izeneko lana aurkeztuko dute, datorren igandean, 3 tabernan. 12 kantu, 50 poema eta 24 ilustrazioz osatutako disko-liburua da. «Ziur gaude, ardoari gorazarre eginez, madarikatuz edo bere eraginpean idatzi eta kantatutako doinuak milaka izango direla. Ardoa gai unibertsala da artistentzat, amaiezina da kantatu eta idatzi diotenen zerrenda. Ez gatoz ezer asmatzera, baina nekez gogoratzen dugu, lehen hitzetik azkenera, izenburu eta barneko liburuxkako marrazkietan, zuku gorriaren lilurari guztiz eskaini zaion disko libururik», esan dute egileek. «Zaletasunetik sortutako lana» dela adierazi dute. Iñigo Martiarena Otxotorena komikigilea arduratu da diskoaren estetikaz; liburuxkako eta azaleko marrazkiak egin ditu. 

«Nahi duzunean, elkarrekin edango dugun hori izango da, mundu honetako, planeta osoko, unibertsoko... ardorik onena», esan du Morauek. «Kopa altxatu, ospatu eta gozatzeko unea da. Topa!», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!