ERREPORTAJEA

La Tartana: 45 urtez ofizioa eraikitzen

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 16a, 07:59

Tolosako Topic zentroan irailera bitartean ikusgai den erakusketak La Tartana konpainiaren txotxongilo enblematikoenak erakusten ditu. Urteotan soinu eta mugimenduz sortutako unibertsoen lekukotzak ekarri ditu erakusketara eta eszena horiek mugimenduan jarri.

Tolosako Topic zentroan datorren irailaren 10era arte ikusgai izango da La Tartana Teatro. 45 urte Txotxongilolaritzaren Artean izeneko erakusketa. Madrilgo txotxongilo konpainia honek egindako ibilbide interaktiboa erakusten du mostrak. Txotxongilo enblematikoenak ikusi daitezke bertan, baita antzerki unibertsoak sortzeko erabili dituen soinuz eta mugimenduz betetako automatak ere. Kale antzerkitik hasi, formatu handiko abangoardietako ikuskizunetatik pasa, eta ikusle gazte eta familiarrarentzako txotxongilolaritzan dabil gaur egun La Tartana. 45 urteko ibilbidean «ofizioa eraikitzen» nola joan diren azaltzen du erakusketak.



Haurtzaroarekiko konpromisoa, etengabeko bilakaera eta erabilitako teknika eta lengoaien aniztasuna dira La Tartana taldearen ezaugarriak. Juan Muñoz Rebollo taldeko sortzaile eta egungo zuzendariaren esanetan zerbait berria sortzeko gogoak mugiarazi zituen 1977an: «Trantsizio garaia zen, Franco hil berria zen eta mundua grisa ikusten genuen, etorkizun handirik gabekoa. Giro ilun horretan, jendeak harrituta begiratzen gintuen trikimakoekin kalera ateratzen ginenean, musika jotzen eta antzerkia egiten». Madrilgo Retiroan eskaini zituzten lehenengo emanaldiak eta urte hartan estreinatu zuten lehen ikuskizuna, Polichinela izenekoa.



«Irudimena da bizirik iraunarazi diguna. Ez du esan nahi talentu izugarria dugunik, baina beti egon gara prest erronka berriei heltzeko», adierazi du Muñozek. Antzerki hizkuntza berri bat sortzea, irudiaren dramatizazioa lortzea eta txotxongiloa mugimenduan dagoen elementu eskultoriko bezala ulertzea izan dira La Tartanak jarraitu dituen lerroak urte guzti hauetan. XX. mendeko 80ko hamarkadan Espainian indarrean zegoen kale antzerkiaren eztanda horretan hartu zuen parte eta hirugarren antzerkiaren eragina jaso zuen. Beren burua antzerkiko aktore, zuzendari eta langile gisa definitzen duten pertsonek sortutako antzerki mota da hirugarren antzerkia deiturikoa. «Hasiera hartan taldea lagunen artean osatzen genuen, elkarren ezagunak ginen, familiartekoak maiz, eta bikoteak ere bazeuden taldekideen artean. Berez ez ginen titiritero bezala definitzen, ikuskizunak sortu ahala bihurtu ginen aktore, musikari edo txotxongilolari. Une bat iritsi zen, non profesionalizatzeko beharra sentitu genuen».



Espainian antzerki komertziala nagusi zen garaian, Europatik zetozen proposamen berriak zekartzan La Tartanak bere ikuskizunetan. Zeregin artistikoaz arduratzeaz gain, publikoarekiko, gizartearekiko eta beste konpainia batzuekiko lankidetzarako konpromisoa izan du konpainiak ia mende erdiko historian. Antzoki eta kultur zentroen falta sumatuta, kaleak eta plazak hartu zituzten. «Guk eramaten genituen argiak, fokuak, mikroak, oihalak, soinua... Guztia gure kabuz antolatzen genuen». Behar horretatik abiatuta, antzerki konpainia askok sortu izan dituzte euren espazioak 80ko hamarkada bukaeran. Muñozek Pradillo antzokia sortu zuen 1990ean, Madrilgo areto alternatiboen sarean gune garrantzitsua izan dena. Gaur egun Pendientes de un Hilo jaialdia antolatzen dute areto horretan, eta La Tartanak zuzenduta, inguruko eta nazioarteko ikuskizunak programatzen dituzte bertan.



Formazio beharraz

Txotxongilo konpainia honek 45 urteko ibilbidean ikerketaren aldeko apustua egin du eta pausoak eman ditu norabide horretan. Arte del Titere izeneko fundazioko parte da La Tartana eta Alcorconen dagoen zentroa kudeatzen du. Txotxongilo eta objektuen antzerkian espezializatutako araututako prestakuntza eskaintzen du eta Espainiako Estatuan dagoen gisa honetako zentro bakarrenetakoa da. Topaketarako, hausnarketarako, ikerketarako, kontserbaziorako eta artxiborako gune bat da. «Beti izan dugu zalantza hori. Titiriteroak non jaso behar du formazioa? Arte dramatikoen eskola batean? Edota arte ederren eskolan? Uste dut titiriteroen eskola batek arlo guztiak hartu beharko lituzkeela kontuan, hasi txotxongiloen fabrikaziotik, manipulaziotik jarraitu eta eszenografia, gidoia edota interpretazioraino», dio Muñozek. Ikuspegi orokor hori beti izan dute La Tartanan. Ez dituzte ederrak diren txotxongiloak sortu bakarrik, garrantzia eman diote dramaturgiari. Musika, teknika, materiala eta antzezpena baliatuz taularatu dituzte ikuskizunak. «Bere horretan, antzerkia egiten ari ginenaren konbentzimenduarekin jardun dugu, etengabeko bilaketan, jolas eginez, baina aldi berean serio hartuz».



Muñozek garrantzia ematen dio taldeari. «Ni presente nago ikuskizun guztietan, baina garrantzizkoena proiektu bakoitzean integratzen den lantaldea da. Sortzeko, gauza berritzaileak egiteko gaude. La Tartanaren oinarria jendea da». Konpainiaren kezka nagusienetako bat, hain zuzen, ofizioa transmititzea eta txotxongilotzari balioa ematea izan da.

 

Juan Muñoz: «Garrantzizkoena proiektu bakoitzean integratzen den lantaldea da»



La Tartanak urteotako ibilbidean 40 ikuskizun baino gehiago sortu ditu eta mundu mailako jaialdi garrantzitsuenetan izan da. «Antzerkiaren historian iltzatuta geratu diren lanak izan dira eta jende askoren memorian», esan du Muñozek. Topic zentroan ikusgai den erakusketan ikuskizun askotako txotxongilo eta eszenografiak bildu dituzte. Helduentzako Fausto (2001) edota Don Juan en las sombras de la noche (2015) antzerki lanetako eszenak ikus daitezke irailera bitartean ikusgai izango den erakusketan. Familiarentzat bideratutako ikuskizunetako lekukotzak ere ekarri dituzte Tolosara: Piratas (2006) edota Historias de derribo (2009), adibidez. Azken urteetan familia guztiarentzako moduko ikuskizunak prestatu izan ditu La Tartanak, nahiz eta konpainiaren zuzendariaren esanetan eurak nahiago duten ezberdintasun hori ez egin: «Noski sortzaileak kontuan hartu behar du norentzat bideratutako ikuskizuna den, baina horrek ez du esan nahi txotxongiloena soilik umeei bideratutako arte eszenikoa denik. Guk, oro har, antzerkia egin nahi dugu eta nahiago genuke guk ikuskizunak sortu eta gero publikoak erabakitzea».



Mota askotako lanak eman ditu La Tartanak urte guzti hauetan, besteak beste, txotxongiloekin egindako antzerkietara opera ezagunak egokitu ditu. Horien artean daude El niño y los sortilegios (2004) eta Hanset y Gretel (2011). Azken obra hau, oraindik ere, eskaintzen du konpainiak herriz herri.

Erakusketa interaktiboa

La Tartanak sortu dituen unibertso horietatik zehar bidaiatzeko aukera ematen du Topic zentroan ikusgai den erakusketak. «Guk sortzen ditugun panpinak txotxongilo bihurtzen dira mugimenduaren bitartez emozio bat, istorio bat transmititzeko gai direnean», dio Muñozek. Mugimendu hori lortzeko teknika asko erabili daitezke eta bere ibilbide osoan La Tartanak gisa askotakoak erabili izan ditu: bunrakua, hagatxoen teknika, eskularruena, mekanika... Erakusketak, hain zuen, ikuspegi interaktiboa eta dinamikoa eskaintzen du eta ikusgai diren eszenetan mugimendua motor txikiekin, argi, proiekzio eta soinuekin lortzen dute. «Fantasia eta errealitatearen arteko irudimenezko munduan kokatzen diren piezak dira».

 

Juan Muñoz: «Ez dugu beti plazera sentitu, baina plazera izan da gure iparrorratza»


La Tartanak sortutako txotxongiloak, ordea, ez dira hutsetik etorritakoak, ikerketa eta lan sakon baten ondorioa baizik, «zeinetan txotxongiloa mugimenduaren plastikatik eta dramaturgiatik ulertzen den». Mundu horretan murgiltzeko aukera izango du Tolosako Topic zentrora gerturatzen denak. «Ez gara sekula aritu diruagatik edo famagatik. Etengabeko lan eta ikasketa prozesu bat izan da gurea eta uneoro sortu zaizkigun erronkei aurre egin diegu beldurrik gabe. Bidea ez da erraza izan, ez dugu beti plazera sentitu, baina plazera izan da gure ibilbidearen iparrorratza», esan du konpainiako zuzendariak.

 

45

La Tartana taldeak daramatzan urteak


Erakusketan ikusgai:
· 7 automata elektriko
· 5 automata mekaniko
· 6 eszena
· 8 txotxongilo
· Instalazio 1
· El taller de La Tartana ikus- entzunezkoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!