Hegats igeriketako eskualdeko igerilariak bikain, Gironan

Ataria 2023ko apirilaren 3a

Pasa den asteburuan, Jose Luis Ariñoren oroimenezko proba jokatu zen Gironan (Herrialde Katalanak). Estatu guztiko igerilariek parte hartu zuten; Tolosako Igarondo Urpekoak taldeko hamar igerilari euskal selekzioarekin aritu ziren.

Eskafandrako probetan nabarmendu ziren bereziki Tolosaldeko igerilariak. Irati Lakunzak bi proba irabazi zituen: 100 eta 400 metrotako eskafandra probak; 100 metroko proban, Maite Gibelalde bigarren izan zen. Modalitate bereko 400 metroko lasterketan, Unai Eraso txapeldun izan zen, eta Maddi Goenagak eta Gregorio Mancisidorrek aurretik zituzten markak hobetzea lortu zuten.

Ur-azaleko modalitatean, 400 metroko proban, Haizea Izagirre bigarren izan zen, eta 200 metrokoan Garazi Goenagak, Nerea Telleriak eta Sara Goenagak emaitza onak lortu zituzten. «Lehiaketa oso polita izan da, partaideen artea giro oso ona egon da eta gure taldea jada udarako probetan pentsatzen hasi da», adierazi dute Igarondo Urpekoak taldeko ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!