Tolosaldeako kadete neskek lortu dute garaipena

Leyre Carrasco 2023ko api. 2a, 14:48

Tolosaldea Arraun Klubeko (TAK) kadete neskek lehen postua eskuratu dute, goizean, Oria ibaian jokatu den Gipuzkoako Ligako azken aurreko jardunaldian. Gaur lortutako puntuei esker, sailkapen orokorrean Hernaniko taldearen aurretik jartzea lortu dute.

Eguraldia ez dute lagun izan gaurkoan, baina hori ez da arazo izan uretara botatzeko. Hiru urtez egin gabe izan ondoren, Gipuzkoako Batel Ligako azken aurreko jardunaldia jokatu dute goizean Tolosako Oria ibaian. Guztira ia 60 batelek parte hartu dute jardunaldian, eta kadete mailan Tolosaldeako neskek lortu dute garaipena.

Kadete nesketako sailkapen orokorrean, TAK A taldea bigarren zihoan, eta gaurko estropada irabazi ostean (06:50:85 denbora), Hernaniren aurretik jartzea lortu du. Pasai Donibanen jokatuko den azken jardunaldia irabazten badute, liga irabaziko dute. Estropada horretan, gainera, Tolosaldeako beste ontzi batek, TAK B taldeak ere parte hartu du, eta bosgarren postuan sailkatu da, 07:03:64 denborarekin.

Kadete mutilek ere estropada txukuna egin dute gaurkoan, eta hirugarren postua eskuratu dute, 06:23:26 denborarekin. San Juan A taldeak hiru segunduengatik (06:20:05) aurretik amaitzea lortu du, eta gaurko irabazle izan da Ur Joko A taldea,  estropada 06:16:60 denborarekin amaitu ostean.

Infantil nesketan lau ontzi uretaratu ditu Tolosaldeak; Lehendabizi TAK A taldea, hirugarren, 05:34:97 denborarekin, irabazlearengandik hiru segundora; bestea, TAK B, laugarren, estropada burutik sei segundora; hurrena, TAK C, bederatzigarren, 05:52:56 denborarekin; eta, azkena, TAK D, hamargarren, 05:56:89 denborarekin.

Infantil mutiletan Zumaia izan da garaile, 05:17:16 denborarekin. Atzetik, San Pedro A (05:23:97) eta San Pedro B (05:45:13) izan ditu. Bertan, ez da Tolosaldeako ontzirik izan.

Azken jardunaldia apirilaren 15ean jokatuko da Pasai Donibanen, eta hor jakingo da zein izango diren maila bakoitzeko irabazleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!