Heriotza duinaren inguruko mahai-ingurua, astelehenean, Tolosan

Ataria 2023ko mar. 31a, 17:00

Bihotzetik elkarteak antolatuta, Iñaki Peñak, Iñaki Olaizolak eta Javier Aramendiak, heriotza duinaren, eskubideen eta betebeharren inguruan hitz egingo dute. Kultur etxean egingo dute saioa, 18:30ean hasita, elebitan; sarrera doakoa izango da.

Bihotzetik elkarteak, Tolosako Udalarekin eta zenbait aditurekin elkarlanean, eta Tolosatzen Eskola Irekiaren barruan, saio berriak antolatu ditu, bizi-amaieraren inguruan sentsibilizazio handiagoa lortzeko helburuarekin. Besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak eta ikastaroak egingo dituzte.

Apirilaren 3an, astelehena, izango da lehen saioa. Mahai-inguru bat egingo dute kultur etxean, 18:30ean hasita, heriotza duinaren, eskubideen eta betebeharren inguruan. Bertan hizlari ariko dira Iñaki Peña, Arrasateko ospitaleko mediku paliatibista eta gai horretan aditua, Iñaki Olaizola, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko lehendakaria, eta Javier Aramendia, bizi-amaierako prozesuen planifikatzailea eta bideratzailea eta Bihotzetik elkarteko kidea; Aramendia izango da moderatzailea. Hitzaldia elebitan izango da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta sarrera doakoa izango da. Hala ere, aurrez izena ematea eskatu dute galdetegi hau beteta.

«Gaurkotasuneko gaia da, biztanleria inoiz baino zaharragoa delako. Hala ere, ez da ohikoa horri buruz jendaurrean hitz egitea, eta oraingoan Tolosan aukera bikaina dugu Gipuzkoako aditu onenak mahai-inguru batean elkartzeko», adierazi du Aramendiak. «Eutanasiari buruzko lege berriak aukera ugari eskaintzen ditu gure bizitzaren amaierari aurre egiteko. Bizitza-amaierako planifikatzaileak, mediku paliatibistak eta duintasunez hiltzeko eskubidea duen elkarteko kideek osatutako mahai-inguru honetan, sakon aztertuko dugu gaia, ikuspuntu juridiko, mediko eta espiritualetik», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!