Bataz beste, 6 metro kubiko hondakin jaso dituzte errekako garbiketa lanetan

Ataria 2023ko mar. 31a, 19:57

Argazkia: Tolosako Udala.

Tolosako Udalak, Herrikide ikastetxeko eta Laskorain ikastolako 180 ikaslerekin batera gauzatu berri du garbiketa. Besteak beste, plastikoak, latak, trafiko seinaleak, oihalak, terrazako aulki bat edota arropa atera zuten.

Martxoaren 23an, Uraren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Hori dela eta, martxoaren 21ean eta 22an garbiketa lanak burutu zituen Tolosako Udalak Oria ibaian eta herriko erreketan, Herrikide ikastetxeko eta Laskorain Ikastolako DBH-ko 2. mailako ikasle eta irakasleekin. Hain zuzen, SAM zubitik Berazubiko zubirainoko eremuan, Usabal kiroldegiko aparkalekutik Oria ibaiarekin elkartzen den punturainoko espazioan, Santa Maria elizaren atzealdean eta Belate auzoko eremu batean aritu ziren lanean.

Guztira, 180 lagunek parte hartu zuten garbiketa lanetan, eta bataz beste, 6 metro kubiko hondakin jaso zituzten errekatik. Jasotako hondakinen artean, gehienbat plastikoa eta latak bildu zituzten, haizeak eramandakoak edota jendeak zuzenean ibaira botatzen dituenak. Bolumen handiko hondakinen artean, obretako piboteak, trafiko seinaleak, terrazako aulki bat eta hesiak atera zituzten, eta horiez gain aterkiak, oihalak, arropak edota zapatak ere jaso zituzten.

Eguraldia lagun izan zuten garbiketa egunetan, eta horri esker, ikasle zein irakasleek arazorik gabe burutu ahal izan dituzte lanak. Udalaren ustez, lanketa «baliagarria» izan zen «ikasleek arazoa bertatik bertara ikusteko, eta bide batez, sentsibilizatu daitezen». Ekainean, udalak berriro burutuko ditu garbiketa lanak eremu hauetan, Orixeko institutuko ikastaldeekin.

Iaz bezala, Zehar Euskadi elkartearekin elkarlanean arituko da udala, irisgarritasunagatik zailak diren puntuetan garbiketak burutu ahal izateko, batez ere, Nafar zubitik Arrameleko zubirainoko tartean pilatzen diren hondakinak ateratzeko.

Sare gehiago

Garbiketa lanez haratago, Tolosako Udalak sareak jarriko ditu Araba etorbidean; guztira 211 metro saretuko dira kaleko hondakinak ibaira ez jausteko. Datozen urteetan, herriko zubi eta kale desberdinetan sare gehiago jartzea aurreikusita du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!