Gipuzkoako Batel Ligako saioa, igandean, Oria ibaian

Ataria 2023ko martxoaren 30a

Hiru urtez egin gabe izan ondoren, Gipuzkoako Batel Ligako jardunaldia jokatuko da Tolosan, Oria ibaian, igande honetan. 11:00etan hasiko da ekitaldia eta TAK klubak antolatu du.

Guztira ia 60 batelek parte hartuko dute jardunaldian, infantil eta kadete mailetan. Horietatik zazpi TAKekoak izango dira, hiru infantil nesketan, beste hiru kadete nesketan eta bat kadete mutiletan.

Gipuzkoako Ligako azken aurreko jardunaldia izango da Tolosakoa. Azkena apirilaren 15ean jokatuko da Pasai Donibanen, eta hor jakingo da zein izango diren maila bakoitzeko irabazleak. Infantil nesketan TAK klubeko Tolosaldea A bigarren doa eta Tolosaldea B hirugarren, baina liga irabaztea zaila dute. Kadete nesketan, Tolosaldea A bigarren doa, eta Tolosan eta Pasai Donibanen irabazten badute liga irabaziko dute. Kadete mutilak lehenbiziko postuan daude, eta orain arte ligako estropada guztiak irabazi dituzte.

Liga ere jokatzen da jubenil eta senior mailetan, baina ez da maila horietako jardunaldirik izango Tolosan. Jubenil nesketan, Tolosaldea A bigarren doa San Juanekin berdinduta. Apirilaren 15eko estropada irabazten duenak eramango du liga. Jubenil mutilak hirugarren doaz, eta azken estropadaren arabera bigarren izan daitezke.

Apirilaren 16an Gipuzkoako Txapelketa izango da, eta hor ligako lehen lau sailkatuek parte hartuko dute maila bakoitzean. Ligan 5. postutik 8. postura bitarte geratzen direnak Federazio Trofeoa jokatuko dute. Apirilaren 22an eta 23an Sestaon Euskadiko Txapelketa izango da, eta herri berean, apirilaren 29 eta 30ean, Espainiako Txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!