San Estebango prozesuaren bigarren faseari ekingo diote

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 30a, 14:48
San Esteban auzoko irudi bat. Argazkia: Tolosako Udala.

Herritarren ekarpenak kontuan hartuta dokumentua garatuko dute, eta ondoren, azalpenak eman eta ekarpenak egiteko aukera izango da.

San Esteban auzoaren garapenerako aukerak herritarrekin partekatzeko partaidetza programaren lehen fasea amaitu duela azaldu du Tolosako Udalak, eta orain bigarren faseari ekingo dio. Lehen fasean landutako gaiak eta herritarrek egindako ekarpenak txosten batean jaso dituzte eta txosten hori oinarri hartuta, aurrerakineko alternatiben dokumentua garatuko du udalak kontratatutako arkitekto taldeak.

Dokumentua datozen hilabeteetan prest egongo dela esan du udalak. Ondoren, jendaurrean jarriko dute, eta azalpenak emateko tailerra ere egingo dute, auzotarrek eta oro har, herritar guztiek iradokizunak egiteko aukera izan dezaten. Jasotako ekarpenak teknikoki aztertuko dituzte, eta azken itxiera saioa egingo dute, behin betiko proposamen teknikoa azaltzeko.

Udaletik esan dutenez, helburua da, datorren legealdi hasierarako aurrerakin dokumentua prest izatea, azken urratsak egin eta behin betiko proposamena eskuartean izateko, etorkizun hurbilean egikaritu dadin auzoaren garapena.

Olatz Peon Tolosako alkateak esan duenez, herrian garatzeke gelditzen den eremu zabal bakarra izanik, San Esteban, «lehentasunezkoa» da; «eremu honen biziberritze eta eraberritzeak aukera emango digu auzotarren zein tolosar guztien egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko, etxebizitza alorrean, eta baita ere aparkaleku eta azpiegiturei dagokienean ere, etxebizitza babestuen aldeko apustuan, tolosarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko herrian dagoen eskari handia kontuan izanda eta betiere orekak mantenduz». Peonek azaldu du horregatik egin dituztela azken urteetan eremuaren garapena ahalbideratzeko beharrezkoak diren azterketak, «helburu hartuta hirigintza orekatu eta erakargarria sustatzea, auzoaren izaera mantenduz, erdigunearekiko lotura hobetuz, auzoa etorkizunean izan dadin irisgarriagoa, atseginagoa eta kulturalki bizia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!