Tolosako Bizikidetza Mahaiak egindako lana errepasatu du

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 29a, 20:00

Tolosako Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariekin osatutako taldeak etorkizunera begirako konpromisoak hartu ditu. Une honetan, gertuko memoria ikertzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartea.

Tolosako Udalak urteak daramatza udalerrian bizikidetza sustatzeko ekimen eta jarduera desberdinak bultzatzen. Memoria berreskuratzeko lanketari 2006. urtean eman zioten hasiera, eta legealdiz legealdi lanean jarraitu dute, Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modurik zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera. Lanketa bide hori Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egin du udalak.

2016an eratu zen Bizikidetza Mahaia Tolosako udaletxean, alderdi politiko ezberdinetako ordezkarien parte hartzearekin. Urteen poderioz mahaiaren osaketa aldatzen joan da eta azken legealdi honetan Olatz Peonek, Begoña Tolosak, Andu Martinez de Rituertok, Garbiñe Marzolek eta Joxe Mari Villanuevak parte hartu dute. «Gure herrian askotariko sufrimenduak daude, batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta dauden bizipen eta egoera isilagoak ere. Biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko, horiek guztiak azalera ekartzea ezinbestekoa da eta zeregin horretan abiatutako bideari jarraipena eman nahi diogu urrats berriekin», adierazi dute udal ordezkariek.

Testigantza berriak

Bide horretan, bi legealdi hauetan zehar Bizikidetza Mahaia lanean aritu da. Aurreko legealdian Aranzadi Zientzia Elkartearekin hasitako lan hitzarmenari jarraipena ematea izan zen lehen urratsa.

Lehenik eta behin, Tolosaoroimena.eus webgunea sortu eta herritarren esku jarri zuten, testigantza berriak jasotzeko. Orain arteko testigantzak bi liburutan daude jasota: 2011n argitaratutako 1936-1945 Memoriaren izenak: errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta lehen frankismo garaian eta 2018an argitaratutako Tolosa 1945-1975: giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean.

Une honetan, 1960tik gaur arte izandako giza eskubideen urraketak eta bestelako sufrimenduak ikertzen ari da Aranzadi eta eduki hori ere jasoko dute webgunean. Memoriaren ikerketak duen garrantzia dela eta, apirileko osoko bilkuran Aranzadik orain artean egindako lanaren balidazio instituzionala egingo du udalak.

Ekitaldi zikloa urtero

Legealdi honetan, azaroaren 10ean (Biktima guztien memoria egunean) eta abenduaren 10ean (Nazioarteko Giza Eskubideen egunean) adierazpen instituzionalak irakurri eta lore eskaintzak egin ditu udalak, biktimen memoria aldarrikatzeko, biktima guztiak aitortu eta gogoan hartzeko. Horrez gain, urtero, Bizikidetza Sustatzen ekitaldi zikloa antolatu izan du, bizikidetza, biktimak, memoria, indarkeria politikoaren ondorioak, egia, aitortza, torturaren errealitatea, topaketa konpontzaileak eta erreparazioarekin loturiko gaiak jorratzeko. Besteak beste, dokumentalak, filmak, hitzaldiak edota mahai inguruak antolatu izan dira.

Herriko biktimekin

Legealdi honetan ere, Bizikidetza-Mahaian hala adostuta, alkatea herriko biktimekin elkartzen hasi da, beren beharrak eta egoerak ezagutzeko. Ez da biktimengana hurbiltzen garen lehen aldia, urte hauetan zehar ere biktimen oroimen ekitaldietan parte hartu baitugu, baina biktima guztiengana hurbiltzeko saiakera egiten dugun lehen aldia da», nabarmendu dute ordezkariek.

Adierazi dutenez, urte hauetako prozesuak udalaren eta biktimen arteko ezagutza «areagotu» du. «Zintzoki eta modu askean hitz egiteko gune bat eraiki dugu. Horri esker, biktimekin, presoekin edo memoriarekin loturiko gaiak modu isilean lantzeko aukera izan dugu, ondoren horren emaitzak osoko bilkuran azalduz edo gaia bera Bizikidetza Sustatzen zikloan landuz», gaineratu dute.

Etorkizunari begira

Maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, udal berria izango du Tolosak, beste ordezkari batzuekin. «Legealdi aldaketa berria izango denez, ziklo itxiera bat irudikatu nahi izan dugu, urteetan diskretuki lanean aritu ondoren. Guk azken zazpi urteetan egindako bidearen berri eman dugu, baina honek ez du esan nahi udaletik bizikidetza eta memoria lantzen jarraitu behar ez denik. Beraz, gaur egun Bizikidetza Mahaia osatzen dugun hiru alderdiok prozesuarekin jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, baita legealdi honetan adosturiko lan plangintzari jarraipena emateko konpromisoa ere», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!