Legealdirako Planaren kudeaketa memoria aurkeztu du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko mar. 28a, 18:00

Azken agintaldian, osasun zein krisialdi ekonomikoa medio, 2019an aurkeztutako kudeaketa plana «ia bere osotasunean» bete ahal izan dutela esan du Olatz Peon alkateak.

Agintaldia amaitzear dagoen honetan, Tolosako udal gobernuak, Legealdirako Planaren kudeaketa memoria aurkeztu du, azken lau urteetan «Tolosa zein tolosarren alde egindako lana» eta proiektu eta egitasmo nagusienak jasotzen dituen dokumentua.

Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi duenez, «udal gobernuak pertsonak izan ditu uneoro ardatz, eta tolosarren beharrei erantzutea izan da lehentasun nagusia, inor atzean utzi gabe». Agintaldiko ardatzak honakoak izan direla zehaztu du: gizarte babesa bermatzea, jasangarritasunaren alde urratsak ematea eta garapen ekonomikoa sustatzea. 

Agintaldia konplexutasunez beterikoa izan dela dio alkateak: «Osasun zein krisialdi ekonomikoa medio, ez du oztopatu 2019an aurkeztutako Legegintzaldirako Plana ia bere osotasunean bete ahal izatea». Hiru arlo nagusi zituen planak: herritarrak, lurraldea eta antolakuntza. 

Herritarrak

Herritarren arlora 78,1 milioi euro bideratu dituzte, aurrekontuaren %49,7. Arlo horretan, udal gobernuaren helburu nagusiak lau izan dira: batetik, Tolosan bizi diren pertsonen gizarte babesa bermatzea, emandako zerbitzuak indartzea eta etxebizitza aukera berriak sortzea; bestetik, berdintasunean aurrerapausoak ematea; tokiko ekonomiaren garapena bultzatzea da hirugarren helburua; eta azkenik, herritartasun aktiboa eta herri bizia eta dinamikoa bultzatzea.

Azken lau urteetan egin dituzten proiektu esanguratsuenak nabarmendu dituzte alkateak eta Xarles Iturbe zinegotziak: «Gizarte zerbitzuen hobetzea eta sendotzea, etxebizitza aukera berriak eskaintzea, tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea, Eliker Kalitatezko Elikadura Zentroaren sorrera, Azoka Lagunak egitasmoa, turismo bulego berria, herri bizia eta dinamikoa bultzatzeko lehen Herri Batzarra, Euskara sustatzeko 2021-2024 Ekintza Plana, kirol instalazioen hobekuntza, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen sorrera eta irekitzea, Jai Behatokien Ekintza Plana eta askoz gehiago».

Lurraldea

Lurraldearen arloari dagokionez, 33,3 milioi euro bideratu dira, aurrekontuaren %24,3. Arlo horretan bost lan ardatzetan egin dute lan, Egoitz Sorozabal zinegotziak zehaztu duenez. 

Batetik, espazio publikoa eta udal eraikinak baldintza onetan mantentzen saiatu direla esan du. «Garrantzia berezia eman diogu kale garbiketari, kontratua berrituz». Mantentze lanen urteroko planak ere egin dituztela eta hainbat jolastoki, udal eraikin eta kale hobetu direla dio. 

Bestetik, udalerriko irisgarritasuna eta mugikortasuna «hobetzea» izan dute ardatz. Mugikortasun Plan berria egin eta hainbat kale eta espazio berritu dituzte, esaterako, Laskoain kalea, Paper kalea, Gernikako Arbola lorategiakedota San Frantzisko pasealekuko amaierako zatia. Bi biribilgune ere egin dituztela zehaztu duā€ˆSorozabalek. Baita Zumarditxikiaren proiektuari lotutako aparkalekuen azterlanak, bizikleta aparkaleku berriak edota Gurpilgunea ere. 

Hirugarren helburuaren baitan, hiri-berroneratze integratua sustatzeko, Gorriti eremuaren zein Zezen Plazaren eraberritzeak egin dituztela esan du, «Zumarditxikiaren proiektua edota San Esteban auzoaren lanketak ere egin ditugu». 

Udal ekipamenduei dagokienez, Amarotzekoak berritu dituzte, eskualdeko ospitale berria Tolosan kokatzeko kokapena zehaztu dute, liburutegi berria kultur etxean kokatzeko proiektua egin dute eta Arkauten euskal mendizaletasunari buruzko museoa kokatzeko lehen urratsak eman dituzte. 

Azkenik, «udalerriko ingurumen jasangarritasuna» hobetzeko Hiribus elektrikoa jarri dute martxan, eta eguzki plakak jarri dituzte ferialekuan eta Uzturpen. Horrez gain, 2023rako %100 led izango da kale argiteria osoa. Era berean, Elosegi parkeak ateak zabaldu ditu, baso eskola programa sortu dute, ur depositua jarri dute Urkizun eta baserri bideak hobetu dituzte. 

Antolakuntza

Antolakuntza arloan, 35,6 milioi euro erabili dituzte, aurrekontuaren %26. Xabier Balerdi zinegotziak zehaztu duenez, udal gobernuak helburu izan du «udalaren antolaketa garai berrietara egokitzea, herritarren eskaerei modu eraginkorragoan erantzun eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko».  Hori guztia, kudeaketa ekonomiko finantzario «zorrotz» batekin.

Begoña Tolosa zinegotziak gehitu du 2020tik %68,4 jaitsi dela udalaren zorpetzea. 2020an 4,1 milioikoa zela, eta egun, 1,3 milioikoa dela. 

Diru sarreren optimizaziorako, gastuaren kudeaketa zorrotza bermatzeko prozedurak diseinatu eta txertatu dituztela esan du Balerdik. «Udal antolaketa arrazionalagoa ezarri dugu, hiru arlotan banatuta modu eraginkorragoan lan egiteko administrazio elektronikoa ezarri dugu, betiere aurrez aurreko arreta bermatuz». Udate zerbitzua «sendotu eta indartu» dute, Udaltzaingoaren Plan Zuzentzaile berria garatu dute eta langileen artean telelana ezarri edota prestakuntzarako plana garatu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!