Ehun profesional baino gehiago Familia Turismoko Jardunaldian

Ataria 2023ko mar. 28a, 11:58

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatuta, Familia Turismoari begirako bigarren jardunaldia egin dute Topic-en; eskualdeko eskaintzaren berri eman dute.

Ehun profesional baino gehiago bildu ziren atzo  Topic zentroan, Familia Turismoko II. Jardunaldian parte hartzeko. Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatzen du ekitaldia eta familia turismoari begirako eskaintzaren berri eman zuten bertan. Guztira familiei begirako turismo produktuak kudeatzen eta merkaturatzen dituzten adituek 10 hitzaldi eskaini zituzten, horien artean Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko Turismo Saileko arduradunak. 

Ilarregik azpimarratu zuen Tolosaldeak urrats handiak eman dituela azken hamarkadan familia segmentua erakartzeko: «Natura eta gastronomia izan dira gure estrategiaren zutabe nagusiak, baina Topic eta Txindokiko Itzalaren sorrerak aldaketa ekarri zuen. Tolosaldeko Turismo Mahai publiko-pribatuan hausnarketa estrategikoa egin ondoren, familiak erakartzeko ahaleginak lehenestea erabaki zen. Topic eta Txindokiko Itzala punta-puntako baliabideak dira zentzu horretan, eta Tolosaldea helmuga lehiakor bihurtu dute familia giroko aisialdi-eskaintzan».

Izan ere, familiak dira nekazalturismoetan eta landetxeetan bezerorik ohikoenak. Hala erakusten dute Nekaturrek, Euskadiko Landetxe eta Nekazalturismoen Elkarteak, emandako datuek. Tolosaldean, zehazki, segmentu hori gehiengoa da, bai 
establezimendu kopuruari dagokionez (%36), baita leku kopuruari dagokienez ere (%29).

Basquetourrek 2018an Euskadiko Familia Turismoko Kluba sortu zuenetik, Tolosaldea sare horretako kide da. 2020an ere bat egin zuen Espainiako Familia Turismoaren Zigiluarekin. Ordutik, gero eta enpresa gehiagok egokitu dituzte beren instalazioak eta zerbitzuak publiko hori hartzeko. 

Gaur egun, 15 establezimendu daude Familia Turismoaren Klubari atxikita: Tolosako Topic museoa, Bide-Bide hotela eta jatetxea, Rafa Gorrotxategi Museoa, Botarri Jatetxea eta Tolosaldeko Turismo Bulegoa; Abaltzisketako Txindokiko Itzala abentura parkea eta Larraitz-Gain jatetxea; Asteasuko Saskarate eta Lizolagoiena landetxeak eta Iturri-Ondo jatetxea; Orexako Orexa Enea apartamentua eta Ostatua; Alkizako Ostatua eta Lete Apartamentuak; eta Altzoko Ostatua.

Era berean, segmentu horrekin lan egiteko eta egungo eskaintza indartzeko apustua berresten dutela nabarmendu du Ilarregik. Ildo horretan, Tolosaldeak familiei zuzendutako promozioa areagotuko dela gehitu du Turismo Saileko arduradunak, azken urteotan haurrei bideratuz sortutako bideo promozional, publizitate, hedabideetako erreportaje eta entretenimenduko euskarriei segida eman asmoz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!