ELKARRIZKETA

«Oso eskertua den lanbidea da, duen harreragatik»

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 31a, 07:59

Oihana Sanchez aktore lanetan. BASTERO

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera aktore lanak egiten ditu ikuskizunetan; urtebeterako probatzen hasi zena lanbide bilakatu zaio Oihana Sanchezi.

Hogei urte daramatza Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin aktore lanetan Oihana Sanchezek (Tolosa, 1976). Ez ditu zenbatu orain arte zenbat pertsonaia antzeztu ote dituen; hasieran dantzan soilik, eta gero hizketan ere bai. Egiten duen lana gustatu egiten zaio, besteak beste, «lan eskertua» delako. Gaur, Asteasun izango dira, 17:30ean, kiroldegian, Urteak bete, abenturak bizi! ikuskizunarekin.

Katxiporreta konpainiako kidea zara. Nola batu zinen taldera?

Duela hogei urte izan zen. Tekniko lanetan aritzen denak ezagutzen ninduen ikastolatik, ikastolan antzerkia egiten nuelako, eta momentu jakin batean pertsonaia batzuk egiteko norbait behar zuten, urte horretarako. Konpainiak 15 urte betetzen zituen eta ikuskizun hori prestatzeko nahi zuten. Prest egongo ote nintzen galdetu zidan eta animatu egin nintzen. Ama hil berri nuen, eta momentu zailak pasatzen ari nintzen. Gizarte lana ikasi nuen, baina momentu horretan ez nengoen beste inor laguntzeko, nahikoa nuen neure buruarekin. Aukera bat izan zitekeela ikusi nuen eta urte horretako ikuskizun jakin bat zena, beste hemeretzi urtez luzatu zen.

Espero gabeko zerbait, beraz.

Bai, hala izan zen. Ikasturteka egiten dugu lan, azarotik azarora osatzen dugu urtea. Ikasturte bat izango zena egiten hasi nintzen, ikusi nahi nuen ea zein esperientzia bizitzen nuen.



Antzerkian aritzen zinen aurrez?

Ikastolan egiten nuen, eta afizioz ibili izan nintzen beti, antzerki amateurrean. Gerora, ofizio bilakatu zait, eta antzerkiarekin lotura duten ikastaro konkretuak egin ditut, baina ez bestelako ikasketarik. Gogoan dut, ikasketetako azken urtean, zer ikasi erabakitzen ari ginela, Madrilera idatzi genuen, bizpahiru lagun tentatuta geundelako antzerkia ikasteko, baina oso garestia zen, 17 urte nituen, eta ez nuen momentu egokia ikusten hemengo gauzak utzi eta hara joateko.

Lehen urtea pailazoekin egin, eta bizitakoa gustatu zitzaizun?

Orduan taldea oso indartsu zegoen. Ikusten nuen zenbat jende zetorren gu ikustera, eta zer-nolako harrera egiten ziguten. Oso eskertua den lanbidea da, duen harreragatik. 20 urte hauetan horixe eduki ditudala momentuak, jarraitu edo ez jarraitu zalantzan egon naizenak, arlo sozialean lan egiteak tentatzen ninduen zenbaitetan, baina biak uztartzea oso zaila zen. Izan ere, astean zehar saioak ateratzen bazaizkigu, edozein lanbidetan ea nola eskatzen duzun eguna libre, orain asteartea, hurrengo astean asteazkena... Lehen astean zehar emanaldi dezente egiten genituen; asteazken ia gehienetan izaten genuen, eta ostiralak ere ia guztiak. Balantzan jarri eta aktore izatera jo izan dut.



Zergatik da lanbide eskertua?

Nire ingurukoekin hitz egiten dut, eta bakoitzak bere lanean dituen disgustuak kontatzen ditu. Guk alde horretatik zorte handia daukagu, leku guztietan bezala gure artean ere izaten ditugu gauzak, baina lan bezala, zu ikustera etorri eta nola eskertzen duten ikustea polita da. Hori zer lanbidetan gertatzen da? Antzerkiak edota musikak hori dute, jendea zuk eskaintzen duzun hori ikustera etortzen da eta gainera gustura ateratzen da. Beste lanbide askotan zuk zurea egiten duzu eta gutxik eskertzen dute.

Antzerkia egiteak, gainera, badu bestelako balio bat ere. Ikastetxe batzuetan ikasgai bezala sartzen dute, besteetan hautazkoa izaten da, baina beste askotan ez zaio garrantzirik ematen. Ez da entretenimendurako soilik, emozioak, lotsak, egoera ezberdinak kudeatzeko aukerak... erakusten dizkizu. Garrantzitsua da zentzu horretan.

Ikuskizunez gain, atzetik zenbat lan egiten duzue?

Gidoia edota musika prestatzen aritzen dira lehenik, eta gero Izaskun Forcada lankideari musika pasatzen diote, koreografiak prestatzen ditu, eta hori prest dagoenean sartzen gara guztiok, irail-urria aldera. Ez dugu gehiegi prestatzen, gure entseguak saioak izaten dira, saioetan aurrera joan ahal hobetzen goaz.



Pertsonaia ezberdinak gorpuzten dituzu, bat baino gehiago ere bai ikuskizun bakarrean?

Aurten, hiru ezberdin egiten ditut. Oholtza gainean, bederatzi pertsona izatera iritsi gara, musikari eta dantzariekin. Orain, bost gaude, Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta beste biak behar diren pertsonaietarako gaude. Hori horrela, pertsonaia gehiago antzeztea tokatzen zaigu orain. Hasierako urteetan pertsonai ezberdinak gorpuzten genituen, baina soilik dantzetan hartzen genuen parte. Eta ondoren, Mertxe Rodriguez Marimototsena egitera pasa zenean, ni hasi nintzen hitz egiten zuten pertsonaiak antzezten.

Agendak ondo beteta izaten dituzue?

Lehen gehiago, gaur egun gutxiago. Adinean aurrera goazen neurrian eta taldeko beste ezaugarri batzuengatik, beste dinamika bat daukagu. Astean zehar egiten diren emanaldietara, adibidez, Pirritx ez da etortzen, eta gainerako laurok egiten ditugu, eta asteburuetan, denok joaten gara, baina erritmoa bajatu da, ez gara lehen bezainbeste mugitzen. Esaten denean haur gutxiago dagoela gaur egun, nire ustez nabaritu egiten da, eta kontsumitzen dutena ere ezberdina da. Lehen ez zegoen pantailarik eta familia bera lauzpabost aldiz etortzen zen ikuskizun bera ikustera; orain, behin ikusten zaituzte, eta badituzte beste bideak, bideo bidez edo. Bestetik, haurrek ume izateari lehenago uzten diotela iruditzen zait; adibidez, Go!azen telesailak oso txikitatik harrapatzen ditu, eta hazten doazen heinean, pailazoak ikustera doazela esateak zerbait ematen die.

 

«Lehen familia bera lauzpabost aldiz etortzen zen; orain, behin ikusten zaituzte»



Beti izan dira protagonista Pirritx, Porrotx eta Marimotots, baina zuek ere ikuskizunaren parte zarete.

Beraiek beraiek dira, eta haurrak ederki konturatzen dira beraietako bat falta denean. Guk istorioari lotura ematen diogu. Beraiek beti dira berdinak, eta guk ateratzen ditugun pertsonaia horiek istorioari zentzua ematen die, hor gaude.

Haurrentzat badira nor Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Gizarteko gaiak modu batera edo bestera lantzen dituzue; ematen du horrek nolabaiteko ardura?

Talde honen berezitasuna bada hori. Batzuetan umore gehiago edota freskoagoa izatea faltan sumatzen dut, baina asko zaintzen dugun esparrua da. Asko zaintzen dugu hizkuntza, asko zaintzen dugu zein gai landu nahi ditugun. Esaten didate, horretarako beste taldeak badaudela, eta arrazoi dute.

Zuen lana aldatu da urteak aurrera egin ahala?

Antzeko jarraitzen dugu. Muntaketa lanetan parte hartzen dugu, ikuskizuna egin eta jasotzeaz ere arduratzen gara. Egun osoko lana izaten dugu. Udan, plazetan diren saioetan, ezin izaten dugu goizetik muntatuta utzi eta eguerdian joaten gara muntatzera, pailazoak etorri baino lehen guztia prest egon dadin. Emanaldiei dagokienez, urte guztia pasatzen dugu saio berdina egiten, eta sekula ez da bata bestearen berdina. Publikoa ezberdina da, lekua ere bai, zu ezberdin zaude, beraz, inoiz ez da berdin ateratzen. Ez daude bi saio berdin.



Eta nola jasotzen duzue haurren begirada?

Begiradei begira egotea oso polita da, eta parte hartzen badute zer esanik ez. Itxialdiaren ostean hasi ginenean, musukoarekin ikusi behar zen ikuskizuna, eta ez zen gozoa izan. Urtebete pasatu genuen horrela, eta ohitu ere egin ginen, baina haurren irribarrea ez ikusteak ematen zuen halako gauza bat.

Zuen lanbidea nola ikusten da kanpotik?

Urte batzuk baneramatzan konpainian, eta nire aitak galdetzen zidan ea noiz hasi behar nuen lanean. Esaten nion nire lana zela, bizimodua horrekin ateratzen nuela, baina ez zitzaion buruan sartzen ikasi nuenarekin horretan lan egin nezakeenik. Galdetzen didatenean, ordea, ea hori den nire lanbidea, zorionez urte askoan hala izan dela erantzuten diet. Guk egiten dugun saio kopuruen arabera kobratzen dugu, ez daukagu soldata finkorik, beraz, emanaldi kopurua jaitsi den horretan gure beste lan batzuei heldu behar izan diegu, hilabeteak orekatu ahal izateko.

Nolakoa da pailazo konpainia batean lan egitea?

Oso gustura egiten dugun lana da. Behin oholtzara ateratzen zarenean oso ondo pasatzen dut. Hainbeste urtetan bestela ezingo nuke horretan lan egin. Zailena egiten zaiguna muntaketa da, lan fisikoa. Gainerakoan, lan polita eta eskertua da.

Euskal Herriko mapa kontrolpean izango duzue.

Tira guk Euskal Herrian ezagutzen ditugunak frontoiak, kiroldegiak eta antzokiak dira. Askotan zuzenean joaten gara emanaldia izango den lekura eta listo. Egia da goizetik joaten garenetan herrian bueltatxo bat emateko aukera ere izaten dugula, eta horrela txokoak ezagutzeko aukera izaten dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!