Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

«Erantzunik gabe» jarraitzen dute kiroldegiko langileek

Ataria 2023ko mar. 27a, 19:59

Hamaika eguneko grebaren ostean, lanera bueltatu ziren atzo Tolosako kiroldegiko langileak; enpresarekin harremanetan jarri eta borrokan jarraitzea erabaki dute.

Martxoaren 16an hasi zuten greba Tolosako kiroldegiko langileek, eta igandean eman zioten amaiera. 2019tik lan baldintzetan ez dutela hobekuntzarik jaso, eta soldataren eguneratzea eta lan baldintzen erregularizazioa biltzen dituen hitzarmena eskatu dituzte hamaika greba egunotan, eta oraindik «erantzunik gabe» jarraitzen dutela adierazi zuten ostiralean Tolosan egin zuten manifestazioan: «Astelehenean lanera itzuli beharko dugu eta ea orduan zer esaten duten». Atzo batzarra egin zuten kirol langileek, eta enpresa eurekin harremanetan jarri ez dela ikusita, batetik, mobilizazio gehiago egiteko aukera jarri dute mahai gainean, eta bestetik, enpresarekin harremanetan jartzea adostu dute.

ELA sindikatutik jakinarazi dutenez, langileak atzo bueltatu ziren lanera eta oraindik ez dute enpresaren aldetik berririk izan: «Enpresarekin bilera izan genuenetik, martxoaren 14tik, ez dugu deirik jaso». Greban hasi baino bi egun lehenago, enpresak bilera batera deitu zituen langileak. Bertan, soldatetan %3ko igoera proposatu zien enpresak, baina lan baldintzen inguruan hitzik ere ez zuten egin.

Batetik, soldataren hobekuntza eta eguneratzea eskatzen dute, eta bestetik, gainerako lan baldintzen erregularizazioa. Lanaldiari dagokionean ere hutsuneak dituztela salatu dute, izan ere, lanaldi partzial asko dituzte eta zaila zaie lanaldi osora egotea. Horri aurre egiteko klausula batzuk txertatu nahi dituztela esan dute hitzarmenean. Klaseen prestakuntzari dagokionean ere hobekuntzak nahi dituzte, eta asteburuetako lana ere erregulatu nahi dute.

Bilera %4,5eko soldata igoera proposatuz amaitu zen; eskaintza hori iraila bitarteko proposamenarekin, eta gero negoziaketan jarraitzeko aukerarekin.

Borrokarekin aurrera

Hamaika eguneko greba izan dute guztira, eta honek bere alde «positiboak» eta «ez hain positiboak» izan dituela azaldu dute sindikatutik: «Alde batetik, positiboa izan da kolektiboa oso bateratua egon delako, eta hitzarmen honen beharra ikusi delako. Baina, beste alde batetik, ez da hain positiboa izan. Izan ere, negoziaketa hau desblokeatzea edo aurrera pausoak ematea izan da gure asmoa, eta egun hauek ez dute balio izan horretarako».

«Gure ateak zabalik egon dira denbora guzti honetan, eta ez da inongo deirik edo proposamenik izan. Beraz, negoziatzeko interes gehiegi ez dagoela ulertzen dugu», gehitu dute. Era berean, hitzarmena lortu arte borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute, «eta orain borroka horri forma ematea tokatzen zaigu».

Horretarako, atzo kiroldegiko langileek egindako bileran zehaztu bezala, oraindik data «zehatzik» ez duten arren, mobilizatzen jarraituko direla eta datozen egunotan enpresarekin biltzeko «saiakera» egingo dutela jakinarazi dute sindikatutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!