Merina Gris musika taldea Tolosan izango da, Gipuzkoan Gazte Tourren eskutik

Ataria 2023ko mar. 27a, 19:58

Maiatzaren 20an izango da emanaldia. Alai-Dj-a , Aitana Grandes DJ-a eta La Basu ere bertan egongo dira.

Eibar, Ordizia, Andoain eta Tolosan izango dira Gipuzkoan Gazte Tourren apirileko eta maiatzeko kontzertuak. Meler, Andriu, Oihan Vega, Special Trap Residence, edo Ayvee izango dira protagonista edizio berri honetan. Tolosan, Merina Grisen emanaldia nabarmendu behar da.

Gipuzkoan Gazte Tour musikaren eta arte eszenikoen inguruan hainbat jarduera biltzen dituen programa da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak garatzen du beste eragile eta udalerri batzuekin lankidetzan. Bere helburu nagusia, «nerabe eta gazteei kultur programazioa eskaintzea» da, «ekitaldiaren parte senti daitezen saiatuz».

Aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian, Tolosako Kultura zinegotzia izan da. Izarne Iglesiasek ondorengoa adierazi du: «Kultura gure nortasunaren parte da. Tolosa kulturalki bizirik dagoen udalerria da, eta kultur eskaintza handia du publiko guztientzat. Kulturak elkartu egiten gaitu, gozarazten digu eta berdin egiten gaitu. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dut kultura adin guztietan eskaintzea eta kontsumitzea, eta ekitaldi hau aukera paregabea izango da gazteek bat egin, gozatu eta elkarri eragiteko, musikaren eta arte eszenikoen eskutik».

 • APIRILAK 15 – Eibar - Meler, Andriu eta Oihan Vega Dj-a (Gaztea)

 • APIRILAK 22 – Ordizia - Special Trap Residence, Ayvee eta Josu Rodriguez Dj-a (Bataplan) 

 • MAIATZAK 13 – Andoain - Nikone + Deva, LineUp Dj-a, Ander Dj-a eta La Basu.

 • MAIATZAK 20 – Tolosa - Merina Gris, Alai Dj-a , Aitana Grandes Dj-a eta La Basu, 20:00etatik aurrera, doan, Plaza Berrian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!