Urrezko kalabazek badituzte jabeak

Irati Saizar Artola 2023ko martxoaren 25a

Iñaki Hidalgo, Anjel lertxundi, Yoshi Hioki eta Ixabel Agirresarobe izan dira urrezko kalabazak jaso dituztenak; euskal kontalarien topaketa egin dute sari banaketaren aurretik.

Aurtengo Ahoz Aho jaialdia iristen ari da bere amaierara. Hitzordu nagusienetariko bat zuten gaur: VII. euskal kontalarien topaketa. Dorleta Kortazar, Ines Bengoa, Jokin Irungaray, Bego eta Pedro Alabazan eta Ane Gebara aritu dira Euskal Herriko kontalaritzaren mapa bat osatzen, eta ondoren, Yoshi Hioki japoniarrak ipuinak kontatuko ditu.

Urtero bezala, urrezko kalabaza sariak ere eman dituzte gaur eguerdian. Normalean, urtero, hiru kalabaza banatzen dituzte, bada, aurten, lau urrezko kalabaza sari eman dituzte.Atzo banatu zuen lehenengoa, Iñaki Hidalgo Ordiziako kultur teknikariak jaso zuen Arrate Leunda eta May Gorostiagaren eskutik. Gainerako hirurak gaur banatu dituzte.

Kalabazetako bat, ahozkotasunean «erreferentziazko lan bat egin duenari» ematen diote. Aurten, Anjel Lertxundi idazleari eman diote, Juan Kruz Igerabidek eta Joxemari Karrerek, «bere lan literarioetan ahozkotasunak sekulako presentzia daukalako eta abilezia handia duelako ahozkotasuna literaturara eramateko». Beste kalabaza Yoshi Hiokik jaso du, Dorleta Kortazar eta Ines Bengoa kontalarien eskutik, eta, azken kalabaza, Ixabel Agirresaroberentzat izan da. Irantzu Mantxo eta Iñaki Agirrezabalek eman diote.

Eguna borobiltzeko, bazkaltzen geratu dira guztia Amarotz auzoan, eta ondoren, Andoni Ollokiegirekin emanaldia izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!