Bertako eta nazioarteko musikariak izango dira Tolofolk jaialdian

Jon Miranda Labaien 2023ko mar. 24a, 16:00

Apirilaren 13tik 16ra zazpi musika emanaldi ezberdin prestatu dituzte Jeajeaka kultur elkarteko kideek; pandemia garaian sortutako ekimenak hirugarren urtea du

Euskal Herriko zein nazioarteko musika artisten topaleku bilakatuko da Tolosa apirilaren 13tik 16ra, Tolofolk jaialdiaren eskutik. Jeajeaka kultur elkarteko kideek antolatzen dute ekimena eta aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Pandemian betean loratutako proposamena izan zen Tolofolk, antolatzaileek aipatu dutenez, «Tolosako kultur agenda biziberritzeko asmoz sortutakoa».

Jeajeakako kide den Manex Urruzolak azaldu du aurtengorako prestatu duten egitaraua, eta esan du, Berdura plazan hasi eta bukatuko dela aurten jaialdia: «Oso egokia da Berdura plaza folk kontzertuetarako, oso toki goxoa». Bertan eskainiko du lehen emanaldia Xavi Lozano kataluniarrak. «Edozein objektu hartu eta musika egiten du. Seguru gaude emanaldi ikusgarria izango dela», nabarmendu du Urruzolak.

Jaialdiaren antolatzaileek uste dute Tolofolkek ez duela soilik taula gaineko kontzertuen bilduma bat izan behar. «Ikuspegi didaktikoa ere izan behar du». Hori dela eta, ostiralean, apirilaren 14an, Joxe Manuel Agirre folklorista, musikari eta instrumentu egileak hitzaldi-tailerra eskainiko du kultur etxean. Gauean, berriz, festarako aitzakia jarriko du Pulpiño Viascon galiziarrak Frontonen. «Orkestra gizon bat da Pulpiño eta ikusgarria da hura martxan ikustea», esan du Urruzolak. Antolatzaileek aurreratu dute, ostiral gaueko emanaldian berekin batera aritzera Tolosaldeko musikari eta sortzaile bat gonbidatuko duela musikari galiziarrak. Sorpresa gisa gorde dute izena.  

Tex-mex originala

Viasconek bi saio eskainiko Tolofolken barruan. Ostiral gaueko emanaldian arituko da eta hurrengo eguneko, Kalepoza ekimenean parte hartuko du. Hain zuzen, Txistulariak, txarangak, trikitilariak eta beste hainbat musikari aterako dira Tolosako kaleetara larunbat goizean Kalepozan.

«Larunbat arratsaldeko kontzertuak espero ditugu jendetsuenak», iragarri du Urruzolak. Plaza Berrian izango dira bi emanaldiak. 18:30ean Obeneuke erromeri taldea arituko da lehenik, eta Max Baca & Los Texmaniacs taldea ondoren. «Ez da erraza izan talde hau Tolosara ekartzea. Hilabete askoko lana dago atzean. Haiek ere bazuten gogoa hona etortzeko eta guk ere bai hona etorri zitezen. Elkarlanari esker posible izan da». AEBko Texaseko taldea da Max Baca & Los Texmaniacs eta Grammy saria ere badute. «Euskal kulturan oso txertatuta eta integratuta dago tex-mex musika, baina kasu honetan jatorrizko bertsioan entzun ahal izango dugu», nabarmendu du Urruzolak.

Igandean, amaitzeko, Euskal Herriko folklorearen erreferenteetako bat etorriko da Tolosara: Juan Mari Beltran. Laukote formatuan Berdura plazan eskainiko du emanaldia.

Garikoitz Llobregat Jeajeaka elkarteko kideak eskerrak eman dizkie jaialdia antolatzen laguntza eman duten eragileei eta baita Tolosako Udalari ere, «pandemia betean ate joka joan ginenean haizea hartzera ez bidaltzeagatik». Antolatzaileek nabarmendu dute udalaren babesa ezinbestekoa dela jaialdia aurrera ateratzeko.

Olatz Peon alkateak, bere aldetik, aipatu du Tolosako eragileen lanari zor zaiola herriak duen bizia eta kultur jarduera aniztasuna. «Eskerrak ematen dizkiet Jeajeako ordezkariei jaialdiaren sorreran zein antolakuntzan egindako lanagatik». Izarne Iglesias kultur zinegotziak, berriz, Tolofolk kultura herrikoiaren jaialdia dela nabarmendu du, eta horregatik «babestu beharrekoa». 

  • Apirilak 13, osteguna
    • 20:00. Berdura plazan Kataluniatik etorritako Xavi Lozano.
  • Apirilak 14, ostirala
    • 18:00. Kultur etxean Joxe Manuel Agirreren hitzaldi-tailerra.
      23:00. Galiziatik datorren Pulpiño Viascon gizon orkestraren en emanaldia Frontonen.
  • Apirilak 15, larunbata
    • 12:00. Kalepoza.
    • 18:30. Plaza Berrian Obaneuke taldearen emanaldia.
    • 20:00. AEBko Texas hiritik Max Baca & Los Texmaniacs.
  • Apirilak 16, igandea
    • 19:00. Berdura plazan Juan Mari Beltran laukotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!