Ehunka haur eta gaztetxok dantzatuko dute Tolosan

Ataria 2023ko mar. 24a, 19:59

Udaberri dantza taldeak XVI. Dantzari Txiki Eguna ospatuko du apirilaren 1ean, Tolosan; gauean, herri afaria eta erromeria izango dira, Zerkausian.

Ohiturak mantenduz eta indartuz jarraitzen du Tolosako Udaberri Dantza Taldeak. Aurten, 66. urteurrena betetzen ari da, eta azken urteak oso zailak izan badira ere, betiko helburu berdinari eusten dio: «Euskal kulturaren zati garrantzitsuenetako bat den dantza landu, ezagutarazi eta gizarteratzea». Hori dela eta, apirilaren 1erako, Dantzari Txiki eta Erromeria Eguna antolatu dute. 2020an eta 2021ean ezin izan zuten ospatu, eta iaz berreskuratu zuten jaia. Aurten «inoiz baino gogotsuago» ari dira festa eguna berreskuratzeko prestakuntza lanetan.

Dantzari Txiki Egunaren hamaseigarren edizioa izango da aurtengoa; «egun osoz, Tolosa euskal doinu, dantza eta tradizioz betetzeko asmoz» daude dantza taldeko kideak. Goizean nahiz arratsaldean, Euskal Herriko zenbait taldeetako haurrak ariko dira dantzan, erdiguneko nahiz Alde Zaharreko kaleetan:

Hendaiako (Lapurdi) Akelarre, Iruñeko (Nafarroa) Muthiko Alaiak, Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza, Amurrioko (Araba) Araia eta Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari taldeak gonbidatu dituzte aurten. Guztira, 140 haur inguru gerturatuko dira Tolosara, Euskal Herriko bost herritatik; haiekin batera, 25 bat begirale eta musikari etorriko dira. Udaberri Dantza Taldekoak, berriz, 145 lagun inguru izango dira. Ondorioz, guztira 300 lagun inguru elkartuko dira.

11:00etan emango diote hasiera kalejirari, eta 12:15ean, Trianguloa plazan elkartuko dira talde guztiak, elkarrekin Plaza Berrira jaisteko. Bertan, guztiek batera dantzatuko dute. Behin goizeko saioak amaitutakoan, elkarte gastronomikoetan bazkalduko dute haurrek, begiraleek eta musikariek. «Talde ezberdinetako haurrak nahasten saiatzen gara, elkarren arteko loturak sendotu daitezen», adierazi dute antolatzaileek. «Bereziki eskertu nahi ditugu laguntzeko boluntario modura prest azaldu diren taldeko guraso guztiak, baita elkarteetan bazkariak prestatu eta zerbitzatuko dituzten herritarrak ere. Bere laguntzarik gabe ez bailitzateke posible izango eguna aurrera ateratzea», gaineratu dute.

Arratsaldean, emanaldi berezia eskainiko du Udaberri Dantza Taldeko fanfarreak Plaza Berrian, 16:00etan hasita; plaza dantzak joko dituzte. "Berezia izango da, izan ere, lehen, Tolosako Dantzari Txikira etorri izan diren taldeek bere herri edo probintziako dantzak eskaintzen zituzten, Euskal Herriak, hain lurralde txikia izanik, berea duen aniztasuna islatuz. Hirugarren urtez, ordea, plaza dantzak egiteko aukera izango da. Berez, haurrentzako zabalduko da deia, baina helduren batek parte hartu nahi izanez gero, ongi etorria izango da», nabarmendu dute. Euria eginez gero, goizeko nahiz arratsaldeko saioak San Frantzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian eskainiko dituztela aurreratu dute.

Afari-txartelak, salgai

Dantzari Txikia amaitutakoan, egunaren bigarren zatiari, Erromeriari, emango die hasiera. 19:00etan hasita, poteo musikatua egingo dute, fanfarrearen eskutik, Alde Zaharrean. 21:00etan Zerkausian bilduko dira, lagun giroan afaltzeko. Herri afariaren ondoren, erromeria egingo du Laket taldeak, eta tartean, Larrain Dantza egingo dute afaltzera gerturatzen direnek. «Herritar guztientzako irekia izango da, eta euskal giroa atsegin duten guztiak gonbidatu nahi ditugu ekitaldi honetara; batetik, euskal kulturaren zati garrantzitsu bat mantendu nahi dugulako, eta bestetik, benetan gau atsegin eta alaia izango delako».

Dagoeneko salgai daude afari-txartelak, 15 euroren truke, Tolosako Ikatza, Asteasuarra eta Orbela tabernetan. «Derrigorrezkoa ez bada ere, eskertuko genuke bertaratzeko asmoa duzuenok baserritarrez jantzita etortzea, jantzi gabe datorrena nabarmenago geratuko baita jantzita dagoena baino!», gogorarazi dute.

XVI. Dantzari Txikia eta Erromeria:
  • 10:30. Taldeei agurra eta hamaiketakoa, Plaza Zaharrean.
  • 11:00. Kalejiraren hasiera. Talde batzuk Trianguloa plazatik gora ibiliko dira (Lopez Mendizabal plazan, Emeterio Arresen, Alondegia plazan...); besteak, Alde Zaharrean (Plaza Berrian, Santa Maria plazan, Trianguloa plazan, Gorriti plazan...).
  • 12:15. Parte-hartzaile guztiak Trianguloa plazan elkartuko dira eta Plaza Berrira jaitsiko dira kalejiran elkarrekin.
  • 12:30. Plaza Berrian talde guztiek batera dantzatuko dute.
  • Ondoren. Bazkariak elkarte gastronomikoetan.
  • 16:00. Plaza dantzen emanaldia, Plaza Berrian, Udaberri Dantza Taldeko fanfarrearen eskutik.
  • 19:00. Poteo musikatua, fanfarreak alaituta.
  • 21:00. Herri afaria, Zerkausian.
  • 23:00. Erromeria, Laket musika taldearen eskutik. Tartean, Larrain Dantza, fanfarrearen eskutik.
  • 2:00. Erromeriaren amaiera.
Eguna zenbakitan:
  • Galdakaoko Andra Mari dantza taldea: 25 dantzari, 3 irakasle eta eta musikari 1.
  • Hendaiako Akelarre dantza taldea: 25 dantzari, 4 irakasle eta 2 musikari.
  • Iruñeko Muthiko Alaiak dantza taldea: 20 dantzari, 3 irakasle eta 3 musikari.
  • Errenteriako Ereintza dantza taldea: 29 dantzari, 4 irakasle/musikari.
  • Amurrioko Aiara dantza taldea: 37 dantzari, 4 irakasle eta musikari 1.
  • Tolosako Udaberri dantza taldea: 110 dantzari, 23 irakasle eta 11 musikari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!